euskaraespañol

Elena Vecino eta Xandra Pereiro

Glaukoma hasierako etapetan ez detektatzearen arrazoi posiblea topatu dute

Zelulen Biologiako katedraduna eta Neurobiologiako doktoratu osteko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/19

Irudia
Imagen de stefamerpik en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Itsutasuna eragiten duen munduko lehen arrazoia da glaukoma, eta “gaixotasun isila” ere esaten zaio. Pazientea ikusmena galtzen ari dela ohartzerako, begitik garunera mezua bidaltzen duten neuronen -erretinako zelula ganglionarrak- % 50 hilda daude jada. Hortaz, gaixotasun neurodegeneratibo baten aurrean gaude.

Zelula ganglionarrak erretinaren kanpoaldean hasten dira hiltzen, ia erabiltzen ez dugun eremu batean. Kaltetuak horregatik ez dira lehenago joaten oftalmologoarengana. Gaixotasun misteriotsu horrek modu horretan zergatik jokatzen duen jakiteko, erretina periferikoaren eta erretina zentralaren (ikusmena galtzen den azken eremua) arteko ezberdintasunak ikertzeari ekin zion gure ikertaldeak.

Erretina eta haren zaindariak

Hainbat glaukoma mota daude, baina ohikoena -angelu irekiko glaukoma izenekoa- begiaren barruko presioa handitzearen ondorioz gertatzen da, eta erretinari eragiten dio.

Egiaz, garunaren luzapen bat da erretina eta, neuronez gain, beste zelula mota batzuk ditu: glia zelulak. Hiru modalitate bereizi ditzakegu:

  • Mikrogliako zelulak. Erretinaren sistema immunologikoa osatzen dute.
  • Astrozitoak. Neuronen elikaduran parte hartzen dute, odol hodien eta neuronen zubi gisa. Gainera, neuronen arteko komunikazioari laguntzen diote.
  • Müllerren glia zelulak dira erretinan ugarien daudenak. Zutabeak osatzen dituzte erretinaren zatirik basalenetik (beirakararen mugan dagoena) fotoerrezeptoreak dauden muturreraino.

Müllerren zelulek funtzio ugari betetzen dituzte. Horien artean, erretinaren orekaren mantentzea nabarmentzen da –homeostasia-. Horretarako, produktu kaltegarriak fagozitatu eta neuronak elikatzen dituzte. Posible dute azken hori egitea, odol-hodiekin kontaktuan daudelako, astrozitoak bezala.

Beste zeregin garrantzitsu bat neuronak babestea da. Horretarako, estres-egoeretatik babesten dituzten substantziak jariatzen dituzte. Gainera, presio-sentsoreak dituzte, malguki erakoak. Horiek presio hidrostatikoaren aldaketak sentitzen dituzte.

Malguki delikatuagoak

Gure laborategian 20 urte baino gehiago daramatzagu Müllerren glia zelulak ikertzen: adituak gara horien kultiboan eta jariatzen dituzten substantzien ezagutzan.

Hala, erretinak jasaten duen presio mailaren arabera, Müllerren zelulen funtzioak aldatu egiten direla frogatu genuen orain dela gutxi. Zelulen kultiboetan, erretinaren zentroan eta periferian kokatutako zelulek jariatzen dituzten substantziak alderatu genituen, eta horien presio-sentsoreak bereizi genituen, egoera normalean eta presio hidrostatikoaren eraginpean.

‘Cell and Bioscience’ aldizkarian argitaratu berri ditugu ikerketaren emaitzak. Horien arabera, prozesu kaltegarriekin lotutako proteina gehiago jariatzen dituzte presiopean dauden Müllerren zelula periferikoek, erretinaren erdian daudenek baino. Apoptosia (zelulen heriotza programatua), oxidazio-estresa eta hantura dira prozesu kaltegarri horietako batzuk. Funtsean, zelula periferikoen ‘malgukiak’ finagoak eta sentikorragoak dira; zelula zentraletakoak, berriz, erresistenteagoak. Ondorioz, zelula periferikoetakoak lehenago deformatzen dira.