euskaraespañol

Elena Vecino

Glaukoma, munduko biztanleriari gehien eragiten dion gaixotasun neurodegeneratiboa

Zelulen Biologiako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/11

Irudia
<a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/primer-plano-extremo-ojo-humano-agrandado-hermosos-colores_14889148.htm#query=glaucoma&position=8&from_view=search&track=sph">Imagen de wirestock</a> en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Munduko biztanleriari gehien erasaten dion gaixotasun neurodegeneratiboa ez da alzheimerra -hori uste bada ere-, glaukoma baizik. Prebalentzia datuen arabera, biztanleen % 2,5i erasaten die, alzheimerrak halako bi baino gehiago (% 1,1). Parkinsonak erasanikoen datua askoz txikiagoa da: biztanleriaren % 0,157. Are gehiago, 40-80 adin tarteari erreparatzen badiogu, biztanleriaren % 3,5era igotzen da glaukomaren portzentajea.

Glaukomari gaixotasun ‘isila’ ere deitzen zaio, itsumena hasten delako begiaren periferiako neuronak hiltzen direnean. Apenas erreparatzen diogu periferian ikusten dugunari, eta horregatik ez da ohartzen gaixotasuna pairatzen ari den pertsona ikusmena galtzen ari dela, oftalmologoarenera joan arte. Eta ordurako, normalean haren neuronen % 50 hilik daude eta ezin dira berreskuratu.

Izenak dioen bezala, gaitz neurodegeneratibo bat neuronei eragiten dien eritasun bat da. Eta erretina, begiaren atal sentikorra, neurona oso espezializatuz osatuta dago. Glaukoman itsumena eragiten duen zioa da mezu bisuala begitik garunera ematen duten neuronen heriotza. Erretinaren gongoil-zelulak deitzen bazaie ere, erretinaren gongoil-neuronak deitu beharko litzaieke. Horrek nahastea eragiten du, neurona guztiak zelulak badira ere, zelula guztiak ez direlako neuronak. Eta glaukoman hiltzen diren neuronak dira begia eta garuna konektatzen dituzten neuronak.

Gastu farmazeutikoa eta kirurgikoa

Glaukomak ez du pertsonaren heriotza eragiten, baina itsumenaren lehen eragilea da munduan, gaur egun atzera bueltarik ez duena. Glaukomaren tratamenduak mundu mailan duen gastu mediko/farmazeutikoa beste edozein gaitz neurodegeneratiborena baino handiagoa da, denboran luzatzen den tratamendua delako. Glaukoma ohikoena Angelu Irekiko Glaukoma Primarioa da eta helduaroan sortzen da. Eguneroko tratamendu bat behar du, tanten bidez, 50 urte ere iraun dezakeena, diagnostikatu den pertsonaren adinaren arabera. Gainera, tratamendu farmakologikoaz gain, kontuan hartu behar dira gaixotasunak aurrera egin ahala beharrezkoak izan daitezkeen ebakuntza kirurgikoak. Beste eritasun neurodegeneratiboetan, zoritxarrez, tratamendu farmakologikoa eta kirurgikoa urriagoak dira, eta bizi itxaropena laburragoa, pertsona ezgaitzeko duten ahalmenagatik.

Ikerketa

Gaixotasunak sendatzeko bide bakarra ikertzea da. Glaukoma ez da sartzen gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko ikerketa deialdi genienetan, eta hori traba da eritasun honen ikerketarako.

Gizakia gai izan da ikerketan erronka handiak gainditzeko, hala nola Martera iristea edo pandemia bat geldiaraztea aste gutxitan sortutako txerto baten bidez.  Ikerketan nahikoa inbertituz gero, lortuko dugu ziurrenik egungo gaixotasun guztiak sendatzea.

Gaur egun, nazioarteko ikertzaile talde bat bildu gara partzuergo batean, ahaleginak batzeko, emaitzak trukatzeko eta ikerketarako finantzaketa lortzen saiatzeko. Partzuergoaren izena RReSTORe da, eta helburu nagusitzat du ikertzea, glaukoma eta beste neuropatia optiko batzuk pairatzen dituzten pazienteen ikusmena lehengoratzeko.

Partzuergoak 5 eztabaida azpitalde ditu, helburuak izanik: (1) Neurona berriak garatzea eta bereiztea erretinan, gai izango direnak hiltzen direnak ordezteko. (2) Zelula horiek begian transplantatzeko metodoak eta ereduak garatzea. (3) Ikertzea nola integratuko diren neurona berriak erretinan eta nola egingo dituzten konexio egokiak gainerako neuronekin. (4) Neurona berriak garunarekin birkonektatzen saiatzea, nerbio optikoaren bidez. (5) Neurona horien terminalak konektatzea ikusmena lehengoratzeko egokiak diren garuneko neuronekin. Duela gutxi, partzuergoak argitaratu du arlo horien ikerketaren egoerari buruzko lan bat.

Finantzaketa

Ikerketan finantzaketa handitzeak berekin ekarriko du pertsonan bizi kalitatea hobetzea eta herrialdeen gastu farmazeutikoan aurreztea. Beharrezkoa bada ere industria farmazeutikoaren laguntza tratamendu berriak aurkitzeko, gaixotasunak prebenitu edo sendatzeko ikerketaren kasuan, eragozpenik eta interes ekonomikorik gabeko finantzaketa behar da, nagusiki Estatuena eta irabazi asmorik gabeko erakundeena. Ikerketa indartu behar da ere tratamendu farmakologikoak dituzten gaixotasunetan -glaukoman adibidez-, patologiaren jatorria aurkitu eta, ahal bada, ikusmena berreskuratu ahal izateko. Erasandako pertsonak elkartzea oso garrantzitsua da, eragina izan dezakeelako gobernuen erabakietan eta bultzada eman diezaiokeelako ikerketari. Espainiako Estatuan, Glaukoma pazienteen elkartea sortu da, eta oso garrantzitsua izango litzateke gaixotasun hau pairatzen duten pertsonak elkarte horrekin harremanetan jartzea.

The Conversation