euskaraespañol

Gaurko irudia

NanoBioCel taldea, abangoardiako ikerkuntza

UPV/EHUko ikertalde honek Azpiegitura Zientifiko Tekniko Berezien Maparen baitan jarraitzen du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/17

Irudia

Pasa den azaroan, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Kontseiluak ICTS (Azpiegitura Zientifiko Tekniko Bereziak) Maparen eguneratzea onartu zuen. Bertan, Nanbiosisen akreditazioa ere berritu zen. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel taldea Jose Luis Pedrazek zuzentzen du eta Nanbiosisen parte da, Medikamentuen Formulaziorako 10 Unitatearen bidez.

Akreditutako Nanbiosisen Mapa berriak 29 ICTS (Azpiegitura Zientifiko Tekniko Berezi) ditu, eta guztira 62 azpiegitura barne hartzen ditu, guzti-guztiak operatiboak. Eguneratze berrian ICTS kopuruari eutsi zaio, baina azpiegitura kopurua hazi egin da, ICTSei nodo berriak gehitu baitzaizkie.

U10 Medikamentuen Formulaziorako Unitateak, UPV/EHUko NanoBioCel ikertaldeko atalak, dosifikazio mota berriak egiteko gaitasuna eta know-howa dauka, printzipio aktibo klasikoetan izan, zein printzipio aktibo bioteknologiko berrietan, ADN, ARN eta txertoetan izan. Horretarako, mikro eta nanoteknologian oinarritutako metodologia ezberdinak erabiltzen ditu.

Unitate horren berezitasun nabarmenetako bat da zelula, peptido eta, orokorrean, produktu bioteknologikoen mikro eta nanokapsulazioa, baita terapia genikorako bektore ez-biralen garapen eta diseinua ere. Bestalde, unitateak medikamentuen biriketako administraziorako formulazioak ezaugarritzen espezializatutako ekipamendu berezia du.

Gainera, Nanbiosisek nanomaterialak, biomaterialak eta biomedikuntzako sistemak ekoiztu eta ezaugarritzeko zerbitzu sorta zabala eskaintzen du. ICTS hau CIBER-BBNek, Centro de Cirugía de Mínima Invasión Jesús Usón (CCMIJU) zentroak eta Malagako Bionand zentroak osatzen dute.  29 unitate daude Espainian barna banatuta eta koordinatuta daude. Oro har, unitate hauek neurrira eta osotasunean eskaintzen dituzte proiektuak, eta horiek barne hartzen dute biomaterial eta nanomaterialen diseinua eta ekoizpena eta bio eta nanomaterial horien, ehunen, gailuen eta sistema medikoen ezaugarritzea, ikuspuntu fisiko-kimiko, funtzional, toxikologiko eta biologikotik (baita balioztatze preklinikoa ere), aplikazio biomedikoetan oinarrituta.

Horri guztiari esker, eragile terapeutiko bat gara daiteke balioztatze preklinikora iristeraino, bioingeniaritza, biomaterial eta nanomedikuntzan Espainia mailan dauden ikertalde onenek babestuta.

 

ICTS mapa

Azpiegitura Zientifiko Tekniko Berezien Mapa azpiegitura horiek Autonomia Erkidegoekin koordinatuta planifikatu eta garatzeko tresna bat da. Kontseiluak onartutako ICTS Mapa berria ebaluazio independente bidez egindako prozesu zorrotzaren ondorio da, eta lokalizazio bakarreko eta banatutako azpiegiturak indartzen ditu.

ICTSak nazio mailako zein nazioarteko komunitate zientifiko, teknologiko eta industrialarentzako daude eskuragarri. Abangoardiako azpiegitura zientifiko tekniko horiek, kalitatezko ikerketa zientifiko eta teknologikoak garatzeko ezinbestekoak, oso bereziak dira, inbertitu edota mantentze-lan eta operazioetarako oso garestiak dira eta, izaera estrategikoa dela eta, I+G+b sistema osorako sarbide lehiakorra dute.

Nanbiosis (Nanomaterial, Biomaterial eta Biomedikuntzako Sistemak ekoiztu eta ezaugarritzeko Azpiegitura Integratua) taldeaz gain, Osasun Zientziak eta Bioteknologiako ICTSak honako hauek dira:  Teknologia Omikoen Azpiegitura Integratua, Segurtasun Biologiko Altuko Laborategi Sarea, Irudi Biomedikoen Sarea eta Biomolekulen Erresonantzia Magnetiko Nuklearren Laborategi Sarea.

Mapa beste alor hauetako beste 24 ICTSk osatzen dute: Astronomia eta Astrofisika, Itsasi, Bizitza eta Lurreko Zientziak; Informazio eta Komunikazioko Teknologiak; Energia; Ingeniaritza; Materialak, Zientzia Sozioekonomikoak eta Giza Zientziak.