Guillermo Valverde Garcíak Fisikako Olinpiada irabazi du

Santiago Cancio Sanchok eta Jaime Aja Alberok lortu dute bigarren eta hirugarren postua, fase autonomikoan.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/16

Bilboko Jesuitak Indautxu ikastetxeko Guillermo Valverde Garcíak lortu du Fisikako 29. Olinpiadako fase autonomikoaren lehen postua. Lehiaketa pasa den martxoaren 2an egin zen UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Olinpiadan parte hartu dute Euskal Autonomia Erkidego osoko 12 ikastetxetako 2. Batxilergoko 36 ikaslek.

Fisikako Olinpiada

Santiago Cancio Sancho, Donostiako Summa-Aldapeta ikastetxeko ikaslearentzat izan da bigarren postua, eta Jaime Aja Albero Leioako Gaztelueta ikastetxeko ikaslea gelditu da sailkapenaren hirugarren postuan. Hiru irabazleek azken fase nazionalean parte hartuko dute, Valladoliden, apirilaren 13tik 16ra bitarte. Fisikako Olinpiaden helburua da fisikarekiko jakin-mina eta pentsamendu originala piztea, errealitate fisikoaren baitan betiere.

Aurten, Espainiako Fisikako Erret Elkartearen EAEko Tokiko Sektoreko kideek −UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin batera antolatzen duten tokiko fasea− berariazko prestakuntza eskaini diete Valladolideko lehiaketa nazionalean parte hartuko duten ikasleei.

Final nazionalean, parte-hartzaileek proba esperimental bat eta proba teoriko bat egin beharko dute. Epaimahaiak ebaluatuko ditu hautagaiek beren erantzunetan ematen dituzten ikuspegien originaltasuna eta sakontasuna.

Fase Nazionaleko lehenengo bost sailkatuek Nazioarteko Olinpiadan parte hartuko dute; aurten Lisboan egingo da uztailaren 21etik 29ra. Hurrengo laurek Olinpiara Iberoamerikarrean parte hartuko dute, eta hori Puerto Ricon izango da urrian.

Fisikako Espainiako Olinpiada 1989 urteaz geroztik ospatzen da. Bertan parte hartzen dute 1. eta 2. Batxilergoko ikasleek eta Lanbide Heziketako 2. mailako azken urteko ikasleek. Horren helburua da unibertsitate-aurreko Fisikako irakaskuntzaren alorrean nazio mailako eta nazioarte mailako harremanak garatzea, Fisikak Zientzia eta Teknologiaren alderdi guztietan eta gazteen prestakuntza integralean duen garrantzia aintzatesteko.