euskaraespañol

Gure leihoen beste aldean: 40aldi eta ondoko faseetako irudiak (XXVIII)

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/01

Belar moztuko zelai batean, zuhaixka eta lore morez osatutako ilaraz inguratuta, neska bat dago irudiaren erdian, ilea zinta batekin bilduta eta eguzkitako betaurrekoekin. Blusa zuri bat janzten du, goialdea brodatuekin apainduta eta bakero higatu laburrak, belaunetan tolestura txiki batean amaitzen direnak. Oinetan sandalia marroiak ditu. Atzealdean, hainbat zuhaitzeko zabalgune bat ikusten da. Eskuinaldean, ibilgailuz beteta dagoen aparkaleku bat. Ortzimugan, eraikuntza batzuk zeru urdin distiratsu baten aurrean.

NON: Gasteiz. NOIZ: 2020ko maiatzak 18. NORK: Leidy Aldana. Itzulpengitza eta Interpretazioko gradua. Letren Fakultatea.

 

Klaseen arteko atsedena

Ibilaldi batean hartu genuen argazki honen bidez jakinarazi nahi izan dut pertsona itsuek irudiez baldintza beretan gozatu ahal dugula, baldin eta deskribatuta badaude. Nire deskribapen honetan, ikusten dena ez ezik, une hartan sentitu nuena ere adierazten dut .  Belardian nago. Nire atzean eguzkitan irekitzen hasi diren lore liladun zuhaizkak daude. Udako arropa daramat: brusa zuri bat, bakero laburrak eta sandalia kakiak (bitxia, kolore horren soinua). Oinen azpian soropil biguna sentitzen dut eta aitak kontatu berri duen txiste batez barre egiten dut. Ikusten dena ezezik, bizi dena ere da kontuan hartu beharrekoa. Eta gogoratu: mila hitzek ematen diote bizitza irudi bati.

 

 

'Gure leihoen beste aldean' saileko argazki guztiak Photocampusen.

 

Berrogeialdian eta ondorengo faseetan zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus