euskaraespañol

Gure leihoen beste aldean: 40aldi eta ondoko faseetako irudiak (XIX)

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/19

Lur goldatu eta ereindako zelai ia amaigabea ikusten dugu. Lursail batzuk ernetzen hasi dira eta berdez estalita daude, beste batzuk marroiak dira oraindik ostera. Atzealdean, zuhaitz bakarti batek eta mendi-kate batek ixten dute irudia, zeru lainotsu eta distiratsu batez burututa.

NON: Vitoria-Gasteiz (Aranetea). NOIZ: 2020ko apirilak 17. NORK: Estibaliz Sáez de Cámara Oleaga. Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila. Bilboko Ingeniaritza Eskola.

 

Naturaren martxan ibili; pazientzia da haren sekretua

 

Gure bizitzak erabat aldatu dira martxo erdialdetik hona.

Askotan zalantza egiten dut konfinatu edo deskonfinatu ote garen bitarte honetan.

Zerk gaitu gehiago giltzapetzen: etxeko hormek ala gure jardun eroak inguru sozial eta naturaletik bereizteko altxatutako harresiek?

Azken asteotan, pasieran, baztertu ditu aurikularrak eta musika, presa eta erlojua, poltsaren zama eta zapata takoidunak, eta gozatu egin dut basoko hots eta usainez, landarediaren eztandaz, bizilagunen konpainiaz, udaberriko eguraldi-aldaketa ustekabekoez (elurra, euria, eguzkia…) eta ilunabarretako bakeaz.

Ikusi dut nola ereiten zituzten argazkian ageri diren patatak eta nola, guk bezalaxe, lurpean itxaron duten baldintzak egokiak izan arte. Araban bada esaera zahar bat zera dioena: «Martxoan erein, apirilean erein, maiatzera arte ernatu ezin». Natura ez dabil harrapazka, eta, hala ere, dena tenorez gertatzen da. Pazientzia.

 

'Gure leihoen beste aldean' saileko argazki guztiak Photocampusen.

 

Berrogeialdian eta ondorengo faseetan zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus