euskaraespañol

Gure txokoak: Bizitza zientifikoaren egoitza

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/09

Marian M. de Pancorbo irakaslea Lascarayn duen laborategian
Marian M. de Pancorbo irakaslea Lascarayn duen laborategian | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Oso zorionekoa da zientzia bizimodutzat duen pertsona. Hainbat inguruabar izan behar dira aldi berean: batetik, ilusioa eta bilaketa nahia, eta, bestetik, hipotesiak sortzeko eta horiek frogatzeko gai diren metodoak praktikan jartzeko gaitasuna. Aipatutakoaz gain, ordea, bizitza zientifikoa gauzatzeko leku egokia behar da. Biozientzietako eta bizi kalitateko ikertzaileek, beste diziplina zientifiko askotakoak bezala, laborategiak eta laguntza azpiegiturak behar dituzte, baita beste espazio batzuk ere pentsatzeko, irakurtzeko, idazteko, emaitzak eztabaidatzera biltzeko eta beste leku edo eremu batzuetako ikertzaileekin harremanak ezartzeko.

Arabako Campuseko Lascaray Ikerguneak baldintza horiek guztiak eta gehiago biltzen ditu; izan ere, bertan bikaintasunezko irakaskuntza ere ematen da, eta ikasleak trebatu, ikertzaileekin bizikide izan eta zientziarako gazteen garra sortzen da. Eta ez hori bakarrik; ikergune horretan, gainera, ezagutzaren transferentzia sustatzen da ekoizpen ehunera.

Ikergunea 2009ko azaroan inauguratu zen Lascaray izenarekin. Izendapena Lucio Lascaray Ondarrari zor dio. Ikertzaileak nazioarteko ospea izan zuen, Alfonso X.a Jakituna domina jaso zuen eta ezagutza industriara transferitzeko gaitasun izugarria erakutsi zuen. Izen entzutetsu horrekin ekin zion Lascaray Ikergunearen ibilbideak iragarpen onenekin. Gaur egun, hura sortzearen xede izan ziren helburuak erdiesten ari da, irakaskuntzan eta ikerketan bikaintasuna lortuz.

Hortxe igaro ditut irakaskuntza eta ikerketako nire azken 12 urteak. Ezin ziren hobeak izan; urteotan, nire talde lana baketsua eta lankidetzaz betea izan da. Sentsazio ederra izan da goizero iritsi eta Lascarayn sartzea (guk diogun moduan), bertan arnasten den giro lasaia aurkitzea eta eguneroko jarduerei ekitea, leku perfektuan egotearen sentipenarekin. Ikertaldeak partekatzen duen sentsazio hori funtsezkoa izan da Genetika Forentsean, Arkeogenetikan eta Biomedikuntzan egin ditugun 150 argitalpen zientifiko baino gehiagotan islatu ditugun ikerketa jarduerak garatu ahal izateko, bai eta patenteak egiteko ere, Lascaray Ikergunea UPV/EHU afiliazioaren babesean.

Orain, irakaskuntza eta ikerketa ibilbidea amaitzear nagoen honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Lascaray Ikerguneko langilea izatea ohorea izan dela besterik ezin dezaket esan.

Marian M. de Pancorbok, BIOMICs taldeko ikertzaile nagusiak eta testuaren egileak leku hori aukeratu du.

 

Nola iritsi: 42°50'21.6"N 2°40'15.2"W