euskaraespañol

Aurten ere hemen da Pint of Science mundu mailako zientzia-dibulgazio jaialdia

Donostian, Pint of Science Alboka, Amuitz, Errotatxo, Mala Gissona eta Manuel (Errenteria) tabernetan egingo da

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/09

Irudia
Javier Aizpurua ikerlaria jaialdian (artxibo) | Argazkia: Pint of Science

Pint of Science Zientzia Dibulgazioko Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioa orain arte antolatu den anbizio handikoena da, 850 hitzaldirekin 67 hiritan, maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Hiru egunez, gure hirietako tabernak laborategi inprobisatu bihurtzen dira, eta, bertatik, panorama nazionaleko ikertzaile puntakoenek zientziaren aurrerapen berrienak partekatuko dituzte. Hizkuntza ulergarri eta hurbilarekin, edozein herritarrek hainbat arlotako proiektuak ezagutu ahal izango ditu: neurozientzia, astrofisika, medikuntza, historia, superkonputazioa, matematika, ekonomia eta zoologia, besteak beste.

Donostian, Pint of Science Alboka, Amuitz, Errotatxo, Mala Gissona eta Manuel (Errenteria) tabernetan egingo da, 30 guztira, eta nanoteknologia, 3D inprimaketa, fisika, neurozientzia eta hizkuntza, natura eta iraunkortasuna landuko dira. Pint of Science Donostiaren edizio honetan parte hartzen duten ikertzaile eta zientzialarien artean Fernando Cossío, Oihane Mitxelena, Efthymia Kapnoula eta Francesc Monrabal daude. Hitzaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Gainera, hitzaldietako batzuk aldi bereko itzulpena izango dute zeinu-hizkuntzara.

Egitarau osoa https://pintofscience.es/events/sansebastian webgunean kontsulta daiteke.

Sandra Medrano doktoratu ondoko ikertzaile eta edizio honetako komunikazio-arduradunak azaldu duenez, "zientziari buruz hitz egiten entzutean bertaratutakoei sortzen zaizkien interes, harridura eta barre aurpegiak, laborategia utzi eta aurten ere tabernetara gure aurkikuntzak kontatzera itzultzeko dugun motibazioa dira. Batzuetan gutxietsi egiten dugu geure burua, baina gure herrialdean dagoen kalitate zientifiko handiak eta zientzialari guztiok egiten dugunarekiko dugun motibazioak eta grinak gure herria puntako bihurtzen dute jakintza-arlo askotan".

Berrikuntza gisa, aurten, nazio erakundeak oinarrizko zientziaren garrantzia indartu eta babestu du, txertoak edo espazioko bidaiak bezalako mugarriak lortzea ahalbidetuz. Era berean, gaur egungo interes sozialeko gaiak balioetsi dira, hala nola politika zientifikoak eta trantsizio energetikoa, herrialdearen ongizateari, ekonomiari eta hazkundeari zuzenean eragiten dietenak.

Pint of Science 2024 doako ekitaldia da bertaratu guztientzat, eta Donostian DIPC, Donostia Sustapena, CFM, CIC BiomaGUNE, Polymat, CIC nanoGUNE eta Biogipuzkoaren babesari esker, eta Aranzadi eta BCBL-ren elkarlanari esker da posible.