euskaraespañol

Baina heriotza existitzen al da?

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/27

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (HEFA II eraikinean), Donostian, heriotza eta galerak gogoratzeko bi jarduera egin ziren. Nere Etxezarraga doluan eta heriotzaren pedagogian aholkularia da eta fakultateko bi irakaslerekin batera jarduera hauek antolatu zituen. Candy Chang-en Before I die ekimena gogoan, eta azaroaren 1aren inguruan hainbat herritan egiten den antzera, Bidegin elkarteak utzitako arbel bat kokatu zuten fakultateko sarreran, ikasle zein langileek beren desioak bertan adierazteko. “Arbelaren galderak, Hil aurretik nahi dut…, egun batean hilko garela gogorarazi zigun modu ‘arin’ eta ‘erosoago’  batean. Zertarako? Guretzat benetan garrantzitsua zer den gogoratzeko, ilusioak elikatzeko…Ekintza anonimoa zen baina era berean publikoa, denek irakurri ahal zuten besteena… Polita izan zen besteen barne munduaren izpi bat ikustea, normalean hain ezkutuan daramaguna. Komunitate bereko kide garela ere gogorarazi zigun. Fakultateko arbelak collage bat zirudien, eta berdin-berdin erakutsi zituen gaztetasunaren suak eragindako gorputzaren pasioak zein barne munduaren desio sotilagoak. Hala ere, gazte jende ugariko lekua izanik, bizipen-egarria ikusi zen!”, diote ekimenaren antolatzaileek. 

Arbelaren aldamenean oroimenaren txoko bat ere jarri zuten, Nire bihotzean zaude, “galdu ditugun maiteak gogoratzeko eta haiei ohore egiteko espazio bat. Hildakoak, baina baita bukatu diren harremanak, galdu ditugun hainbat gauza: estatusa, osasuna, gaitasunak, ilusioa… Denok ditugu galerak eta doluak, eta besteena ikustean zenbateraino garen berdinak konturatzen gara, gure sentikortasunak elkarrengana hurbiltzen gaitu: minean berdinak gara. Horrez gain, guretzat garrantzitsua den galera bat adierazten dugunean (sinbolikoki bada ere), gure doluan laguntzen digu nolabait, leku bat eman diogulako. Txokoan, norberak ekarritako objektu, marrazki, poema… bat jarri zitekeen. Edo besterik gabe, papertxo batean maitearen edo galeraren izena idatzi. Parte hartu zein ez, guztiei ohore egin zitzaien. Ekimen hauen balorazioa oso positiboa izan da, eta gogoan izan: hau guztia izan dadila hobeto bizitzeko!”, azpimarratu dute.