euskaraespañol

Hitzaldia: “Dinosauro haragijaleak ehizatzen iberiar penintsulan”

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2024/05/22, 19:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Dinosauro haragijaleek iberiar penintsulan izan zuten garrantziaz hitz egingo du Erik Isasimendi ikertzaileak “Dinosauro haragijaleak ehizatzen iberiar penintsulan” hitzaldian. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifiko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatu dute Bidebarireta Zientifikoaren edizio berria.

Hitzaldia maiatzaren 22an izango da, 19:00etan, Bidebarrieta Liburutegian. Hitzaldirako sarrera librea izango da edukiera bete arte, baina hitzaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Kulturgunea kanalean.

Milioika urte igaro dira dinosauroak desagertu zirenetik, baina indusketek eta fosilek oraindik informazio berria eskaintzen dute gaur egun. Horren adibide da Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileen lana eta Errioxan aurkitu duten dinosauro haragijale espezie berria.

Egindako lanek agerian utzi dute orain dela 120 milioi urte inguru horretan orain arte sailkatu gabeko espezie bat bizi izan zela. 1983an Igean (Errioxa hegoaldean) espinosaurido fosilen masailezur eta hortzak aurkitu ziren eta 2005ean, hezurdura partzial batekin, Baryonyx espeziekoa zela ondorioztatu zen. Hala ere, aurkitutako materialaren berrikuspenak espezie berri bat dela adierazten du: Riojavenatrix lacustris espeziea, alegia.

Espinosauridoak dinosauro teropodoen taldearen barnean kokatzen dira. Ekosistema ezberdinetara moldatzeko gai ziren dinosauroak ziren, gehienek bi hanken gainean ibiltzeko gaitasuna zuten eta, gaur egun, haien oinordeko bakarrak hegaztietan aurki ditzakegu.