euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: Arturo Muga

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/11

Arturo Muga

Galdu dugun lagun/lankide baten omenez testu bat idaztea egokitzen zaigunean, beti etortzen zaigu burura pentsamendu jasoak adierazi beharra, egindako lorpenen handitasuna papereratzea, atzean geratu garenongan pertsona horrek utzitako aztarna ezabaezina azaltzeko premia. Arturok suari bezala egiten zion ihes handi usainari. Umore zorrotzaz jantzitako gizona zen, poztasuna zabaltzeko egina: adiskideekin elkartuz, hitz aspertu jostariak eginez… irribarrea beti aurpegian.  Baina, kontuz: ondo pasatzeko garaia aurretik egindako lan fin-finaren saria izaten zen beti. Izan ere, Arturo langile nekaezina zen, irakaskuntzara emandako ikertzaile zientifikoaren eredu, hau da, unibertsitatea zainetan zeraman irakaslea.

Beharbada, lanaren (ahaleginaren) eta gozamenaren (atsedenaren) arteko lotura estu-estu horixe izan da Arturoren ezaugarririk behinena. Lanari dagokionez, Arturo Biologia Estrukturaleko espezialistarik handiena zen gure unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularra sailean. Haren ikertaldeak itzal handia bereganatu du nazioartean, kalitate eta garrantzia handiko ekarpenak egin baititu proteinen tolestearen arloan, giltzarri direnak zenbait gaixotasun degeneratiboren jatorria ulertzeko, adibidez parkinsonarena edo alzheimerrarena.  Baina ikertzaile bikaina izateaz gain, Arturo zientzialari eskuzabala ere bazen, eta harrotasunez ikusten zituen bere taldean formatutako ikertzaileen lorpenak.

Gozamenari dagokionez, bazkalorduan eta kafe orduan batu ginen urte asko eta askotan. EBarre antzean esan ohi genuen Ostalaritza Eskola campuseko ezinbesteko ikastegi bakarra zela, eta batzuetan broma artean esaten genuen erretiroa hartutakoan ere jarraituko genuela bertara joaten bazkaltzera eta kafea hartzera. Ostalaritzako ilara luzeak labur egiten zitzaizkigun berarekin txisteka eta txutxu-mutxuka. Orain, bera barik, ez dira gauza bera izango.

Ikaragarri sentituko dugu zure hutsunea, adiskide.

José L Nieva
Helena Ostolaza