In memoriam: Izaskun Rekalde Abasolo
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2023/07/05
2023eko ekainaren 14an joan jakun Izaskun Rekalde Abasolo irakaslea, 45 urte ebazala. Enpresaritza ikasketetan izandako ibilibide akademikoan bikaintasuna erakusteaz gain (bai lizentziaturan eta baita doktoradutzan be, zeinetan, nazioarteko tesia egin ondoren, UPV/EHUn doktoradutzako 2019.eko sari berezia eskuratu eban), nere iritziz, bere doai eta dizdirarik haundiena bizitzan zehar aukeratu ebazan erronketan erakutsitako kemen eta tinkotasunean datza. Besteak beste, erronka horietatik bi aipatuko dodaz bere jarduera publikoan izan daben isalada kontuan hartuta; hots: bere inguru profesionaleko pertsonen gaitasunen garapena eta euskararen hedapenaren aldeko jokabide nekaezina.
Lehenengo arloan, BBVAn giza baliabideen kudeaketa lanetan zebilela, Europear Coaching Eskola esatetsuaren eskutik coach exekutibo izateko agiria lortu eban. Harrezkero, bere ingurukoen gaitasunak suspertzeko berezko grina, ia nahi barik, hedatu egiten eban bere eginkizun guztietan. Besteak beste, ikasleekiko izan eban eragina aipatzea gura neuke. UPV/EHUren irakaskuntza-hezkuntza ereduari jarraituz, projektu baten garapenean oinarritutako ikasketan datzan eredu metodologikoa abian jartzen parte hartu eban Lan Harremanen eta Giza Baliabideen graduan. Bere ekarpena bereziki esanguratsua eta baliotsua izan zen talde lanerako eta baita jende aurreko mintzaldietarako ikasleak prestatzen eta horretarako metodologiak garatzen. Bere coaching gaitasunak, eta halakoetarako eukan prestasuna, biziki lagungarriak gertatu jakuzan guztiori.
Coaching-a duintasunez praktikara eroateaz gain, bere aztergai bilakatu eban. Nola ez, enpresa zuzendaritza kideak trebetzeko jarduera hau eraginkorra dala zientifikoki erakusteko beharra etorri jakon, honen inguruan dagoen literatura gehiena profesionala eta dibulgatiboa baita. Ekinez ekin, coaching-a bere tesi gaia bihurtu eban eta iker-lan nabarmena egin eban. Bere ikerketa barneratzen daben hiru artikulu garrantzitsuenek eragin haundia izan dabe nazioarte mailan 200 aipamenetik gora jasotzen dabezelarik.
Gomuta honetan adieraztea gura neban beste alderdia, euskararen alde egin ebazan lan erraldoiak dira. Beti kementsu, umoretsu, eskuzabal eta xume. Horien artean aipatzea nahi nituzke bere ekarpen zuzenaren eraginez sortu eta hedatutako batzuk, besteak beste: Galdakao eta Usansolo herrietako ‘Binke’ tokiko euskal aldizkaria; ‘Pantailak euskaraz’ telebista eta hedabide digital haundietan eduki gehiago euskaraz eskaintzeko eskaera aldarrikatzen duen plataforma; ‘Arnas Dezagun’ haur euskalhiztunak eskoletan ez sakabanatzearen aldeko mugimendua. Horiez gain, euskararen aldeko beste jarduera herrikoi mordoan parte hartu eban. Ildo honetatik, ez dodaz inoiz ahaztuko itanoz sarri eukitzen genduzan elkarrizketak eta idazki gurutzaketak. Hor ere oso aurrerakoia izan zen. Itanoaren erabileraren, eta beren beregi andrazkoen artean itanoaren erabileraren, hedapenean han eta hemen jo eta ke ibili zelarik.
Finean, Izaskun Rekalde Abasoloren bizitza eta ekarpenak bat datoz horrenbeste maite eban gure unibertsitateko leloagaz (“Eman ta zabal zazu”). Beragaz harremana izan dogunok sano aberastu gaitu. Bere lagunek diñoen moduan “lagunzurtz” gelditu gara, eta baita be esango neuke adibidezurtz. Zorionez, bere irakaskizunek gure artean luzaro iraunduko dabe. Eskerrik asko eta laister arte, Izas.
Eneka Albizu Gallastegi
Lan harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko eta Finantza Ekonomia II saileko irakaslea