euskaraespañol

Terapia farmazeutiko aurreratuetako laborategiak 3D bioinprimaketari ekin dio

UPV/EHUren Lascaray ikergunean dago, eta Regenhu 3D bioinprimagailua du, Estatuan instalatutako hiruetako bat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/02

Irudia

Arabako Campuseko terapia farmazeutiko aurreratuak ikertzeko baterako laborategiak (Joint Research Laboratory) abiarazteko prozesuarekin jarraitzen du hainbat bioinprimaketa teknologia dituen Regenhu 3D bioinprimagailuarekin –proiektuaren bigarren fasean gehiago izango dira–. “Terapia farmazeutiko aurreratuetako Joint Research Laboratory (JRL) Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikertaldearen eta Tecnalia korporazioaren arteko ekimen bateratu bat da. JRLren lehentasunezko helburuetako bat da bioinprimaketa zerbitzu bat sortzea, fabrikazio gehigarriko teknologien bidez lortutako organo eta ehunen hiru dimentsiotako egiturak eta forma farmazeutikoak lortzeko”, José Luis Pedraz NanoBioCel taldeko ikertzaile nagusi eta proiektuaren zuzendari zientifikoak azaldu duenez.

JRL Arabako Campuseko Lascaray ikergunean dago –lehen, P3 laborategia zen–. Laborategi horrek baldintza egokiak betetzen ditu zentro horretan egiten diren produktuek saiakuntza klinikoetarako balio ahal izateko eta teknologia praktika klinikora transferitu ahal izateko behar diren ziurtagiriak eskatu ahal izateko.

Hiru bakarrik Espainian

Bioinprimagailua eskuratzeari esker, material biologikoen edozein konbinazio arbitrarioz osatutako 3D egitura konplexuak fabrikatu ahal izango dira, estrusioko, tinta zurrustako eta termofusioko inprimaketa buruei esker. Laster, elektroharitzeko eta elektroidazketako teknikak sartuko dira, eta, horiei esker, inprimagailuaren gaitasunak handitu ahal izango dira ehunen ingeniaritzaren/birsorkuntzaren norabidean eta (bio)gailu sanitario aurreratuen fabrikazioan.

Estatuan instalatutako hirugarren Regenhu 3D bioinprimagailua da –proiektuaren izaera berritzailea adierazten du horrek, bada–. Dagoeneko Ikerbasque ikertzaile bat kontratatu da bioinprimaketaren arloan lan egiteko, bai eta doktoratu ondoko ikertzaile bat ere, forma farmazeutikoen 3D inprimaketaren arlorako.

Laborategiaz gain, proiektuak beste gune bat du Lascaray ikergunean; hor kokatuko dira, bada, Ikerbasque ikertzaileak eta doktoratu aurreko ikasleak. Guneak bost bulego, 20 lanpostu eta bideokonferentzia gela bat izango ditu. JRL beste bi ikertzaile hautatzeko fasean dago gaur egun, eta bioinprimaketa zerbitzuak Sendagaien Espainiako Agentziaren GMP (Good Manufacturing Practice) ziurtagiria lortzeko behar diren neurriak planifikatzen ari da. Araudi hori elikagaien, botiken, kosmetikoen, mediku produktuen eta drogen manufakturari aplikatzen zaio, eta fabrikatzaileek egindako produktuen kalitatea eta segurtasuna bermatzeko jarraitu behar dituzten arau eta jarraibide batzuk azaltzen ditu.

Terapia farmazeutiko aurreratuak ikertzeko laborategi bateratuak Arabako Foru Aldundiaren babesa du, erakunde horrek, UPV/EHUk eta Tecnaliak sinatutako hitzarmen baten bidez.