euskaraespañol

Marta Macho-Stadler

Karen Uhlenbeck: inperfekzioaren gorazarrea

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/25

Karen Keskulla Uhlenbeck
Karen Keskulla Uhlenbeck | Argazkia: Andrea Kane. Institute for Advanced Study.

Artikulu hau jatorriz The Conversation aldizkarian argitaratuta dago.

“Jakin badakit eredua naizela emakume gazte matematikarientzat, eta, neurri batean, horretarako nago hemen. Hala eta guztiz ere, zaila da eredu izatea; izan ere, ikasleei erakutsi behar zaie zeinen inperfektuak izan daitezkeen pertsonak eta, hala ere, arrakastatsu izan daitezkeela. Pertsona bat azkarra, dibertigarria eta polita bada, edo ondo jantzita badago, denok jotzen dugu arrakastatsutzat. Baina inperfekzioz josita ere badago arrakasta lortzea".

Karen Uhlenbeck

 

Rita Levi-Montalcini neurozientzialari eta Nobel saridunak ‘Elogio de la imperfección' liburuan baieztatzen duenez, inperfekzioa da giza naturari ondoen lotzen zaion ezaugarria. Artikulu honen izenburuaren bidez, gogoeta hura ekarri nahi dut ahotara, baita Karen Uhlenbeck matematikariak (Cleveland 1942) egindako aipua ere, zeinari omenaldia egin nahi izan baitiot erretratu alfabetiko honen bitartez.

Abel (Saria)

2002. urtean, Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiak Abel Saria eman zuen lehendabizikoz, Niels Henrik Abel matematikari norvegiarraren jaiotzaren berrehungarren urteurrenarekin bat eginda. Urtero ematen da sari hau, matematiken arloan egin diren lorpen zientifiko aitzindariak aitortzeko, eta 7,5 milioi koroa norvegiarreko ordainsaria dakar berekin (630.000 euro inguru), Nobel Sariaren antzera. Hori dela eta, ‘Matematiken Nobel' saritzat har dezakegu.

Uhlenbeckek 2019. urtean jaso zuen aitortza hau, hainbat arlotan lorpen aitzindariak egin dituelako (hala nola deribatu partzialetako ekuazio geometrikoak, gaugeren teoria eta sistema integragarria), baita haren lanak analisi, geometria eta fisika matematikoaren arloetan funtsezko eragina izan duelako ere.

Bariazioak

Bariazioen kalkuluari buruz egin zuen doktorego tesia (‘The Calculus of Variations and Global Analysis’). Matematikaren arlo horrek funtzio espazio batean zehaztutako funtzional jarraituen mutur erlatiboak bilatzen ditu.

Curriculuma

Curriculum osoa du Uhlenbeckek; bariazioen kalkulua lantzen hasi zen eta, ondoren, deribatu partzialetako ekuazio ez linealetan eta hainbat problema geometriko eta fisikoetan zentratu zen.

Domina (Zientziaren Domina Nazionala)

Karen Uhlenbeckek jaso dituen aitortza ugarietako bat da Estatu Batuetako Zientziaren Domina Nazionala. 2000. urtean eman zioten, geometria globalean egindako ekarpen aitzindarien aitortza gisa; izan ere, haren lana bereziki lagungarria izan zen fisika matematikoan aurrerapenak egiteko eta ekuazio diferentzial partzialen teoria garatzeko. Ikerketan egindako lorpenez gain, nabarmentzekoak dira haren lidergoa eta matematika arloan izan zuen parte hartzea, sutsuki sustatu baitzituen arlo horretako prestakuntza eta hezkuntza.

Ekuazioak (deribatu partzialetakoak)

Karen Uhlenbecken ikerketa arlo nagusietako bat da. Neurri batean, arlo horretan eskuratutako emaitzei esker lortu zuen Abel Saria.

Fundatzailea

Hans Munthe-Kaas matematikariak, Abel Sariaren batzordeko presidenteak, 2019an adierazi zuenez, analisi geometriko modernoaren sortzaileetako bat da Karen Uhlenbeck.

George Gamow

Txikia zenean, haren aitak zientziari eta dibulgazio zientifikoari buruzko liburuak eramaten zituen etxera, besteak beste, George Gamow fisikari eta astronomoaren 'Un, dos, tres… infinito'. Karenek ilusioz irakurri zuen saiakera hura, hari esker ulertu baitzuen infinitu mota bat baino gehiago dagoela.

Humanoa

Zera baieztatzen zuen Uhlenbeckek: “Eredu izatea ez da batere erraza, ez baita erakargarria jendeari norberaren alde txarrak erakustea. Baliteke matematikari aparta izatea, eta famatua izatea horregatik; baina ezin da nire alde humanoa ahaztu, gizakia naiz, beste ezeren gainetik”.

Instantoiak

1984. urtean, ‘Instantons and Four-Manifolds’ liburua argitaratu zuen Daniel S. Freed-ekin batera, lau dimentsioko barietate konpaktuen egitura diferentziagarriaren azterketa topologikoan zentratuta.

Julia (Child)

Abel Saria jaso ondoren, kideekin elkarrizketa informaletan adierazi zuenez, Julia Child chefa izan zuen eredu, matematika ikasketak egin bitartean emakumezko eredu adierazgarririk aurkitu ez zuelako: “Hark bazekien indioilarra lurretik jaso eta zerbitzatzen”.

Keskulla

Hau zuen familiaren abizena, ezkontidearen abizena bere egin baino lehen. Haren ama, Carolyn Windeler Keskulla, artista eta eskolako maistra zen; eta aita, Arnold E. Keskulla, ingeniaria.

Leitzea

Haurtzaroan, Karenek ez zuen interes handirik matematiketan, liburu ugari leitzen zituen; irakurzale amorratua zen.

Mesede

Uhlenbeckek mesede handia egin zion arloari. Izan ere, Abel Sariaren zenbatekoaren erdia dohaintzan eman zuen Karen EDGE Fellowship Program ezartzeko (2019an 6 milioi koroa norvegiar) eta Institute for Advanced Study erakundearen Women and Mathematics Programari laguntzeko.

Noether

1988. urtean, Association for Women in Mathematics erakundearen Noether konferentziako hizlari izan zen, eta 1990ean International Congress of Mathematicians kongresuan parte hartu zuen, Kyoton. Bigarren emakumea izan zen aipatu kongresu horretan hitzaldia ematen, hain zuzen ere, Emmy Noether-en ondoren, zeinak 1932. urtean hartu baitzuen hitza.

One (Two Three… Infinity: Facts and Speculations of Science)

Hori da Gamow-ren dibulgazio zientifikoko liburuaren jatorrizko izenburua. 1947. urtean argitaratu zen lehendabizikoz, eta nabarmen inspiratu zuen Karen haurtzaroan. Matematika eta zientzietan funtsezkoak diren hainbat kontzeptu jorratzen dira obran.

Palais (Richard)

1968. urtean, ‘The Calculus of Variations and Global Analysis’ doktorego tesia defendatu zuen Karenek Brandeis Unibertsitatean, Richard Palais geometra diferentzial prestigiotsuaren gainbegiradapean.

“Quantum potes”

“Quantum potes, tantum aude”; egizu ahal duzun guztia. Halaxe egin du Karen Uhlenbeckek; izan ere emakumeei aurrera egitea galarazten dieten oztopo ugari gainditu ditu –horietako batzuk sotilak–, batez ere zientziaren arloan. Haren adibide eta laguntza ekonomikoari esker (ikusi D letra), emakume askok egin ahal izan dute aurrera matematika ikasketetan.

ERRonkak

Abel Saria eskuratzen dutenak, Karen Uhlenbeck kasu, gai dira arazo bakar bat hainbat modutan ebazteko. Horretarako, ezagutza handia behar da, baita denbora eta esfortzu handia ere, eta gaitasun bereziak behar dira sortzen diren erronkei ohiz kanpoko bideen bitartez aurre egiteko.

Sibner (Lesley)

Karenek babesleku bikaina aurkitu zuen Lesley Sibner geometra diferentzialarengan. Eredu adierazgarria izan zen harentzat, eta aholkulari izan zuen urte luzez.

Topologia

Uhlenbeckek ekarpen handia egin dio eremu kuantikoen teoria topologikoari.

Uhlenbeck

Lehen senarraren abizena da (Olke Cornelis Uhlenbeck).

Versus

Jarrera kontrajarriak.

Ikastegiek, oro har, senarra, Olke Cornelis Uhlenbeck biokimikaria, kontratatzeko interesa izaten zuten  –hala nola MIT-ek edota Stanford eta Princetongo unibertsitateek–, eta ez zuten Karen kontratatu nahi izaten. Nepotismoaren kontrako arauak argudiatzen zituzten, hura ez kontratatzeko aitzakia gisa; baina arau horiek ez zeuden inon idatziz jasota, eta halaxe aldarrikatu izan du Karenek hainbat elkarrizketatan. Gezurra esan ziotela uste zuen (eta uste du oraindik); besterik gabe, ez zutela kontratatu nahi, garai hartan emakumeen patua etxean geratzea zelako, familia zaintzea.

Williams

Egungo senarraren (bigarrena) abizena da, Robert F. Williams matematikariarena.

Xarma

Ezohiko den guztiak badu xarma berezia, eta, horri lotuta, honela idatzi nuen SINC Agentziarako egindako artikulu batean: ”Karen Uhlenbeck es un referente científico extraordinario para mujeres y para hombres. ¿Por qué? Porque es una persona ‘normal’. Porque habla con pasión de su investigación en matemáticas. Porque rezuma entusiasmo cuando habla de los retos que ha abordado. Porque cuando ella denuncia las discriminaciones que ha sufrido, nadie puede argumentar que se queja por victimismo. Porque agradece al movimiento feminista la lucha que ha permitido a tantas mujeres, como ella, mejorar sus condiciones laborales y sociales. Porque se considera ‘imperfecta’ y con estas sencillas palabras ayuda a derribar el mito de que las matemáticas solo están destinadas a personas con especiales dones”.

Yang-Mills

1989. urtean ‘Solutions to Yang-Mills equations that are not self-dual’ artikulua argitaratu zuen Lesley eta Robert J. Sibnerekin batera. Yang-Mills ekuazioek deribatu partzialetako ekuazioen sistema osatzen dute, bektore sorta edo sorta nagusian konexutasuna egiteko.

Zippy

‘Zippy’, kementsua. Halaxe imajinatzen dut nik Karen Uhlenbeck.

 

Artikulu honen jatorrizko lehen bertsioa Cuaderno de Cultura Científica de la UPV/EHU gunean argitaratu zen.

The Conversation