euskaraespañol

Konposatu organikoen sintesian adituak diren hainbat nazioarteko ikerlari bildu dira UPV/EHUk antolatuta

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/26

Irudia
Bertan izan dira 100 ikerlari inguru konposatu organikoen sintesian ematen ari diren azken aurrerapenen berri emateko | Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazioa Bulegoa, UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentrua izan du topagune ‘3rd Japanese-Spanish Symposium on Organic Synthesis’ (3rd JSSOS) izeneko kongresu zientifikoak Donostian. Bertan izan dira bi herrialde hauetako 100 ikerlari inguru konposatu organikoen sintesian ematen ari diren azken aurrerapenen berri emateko. “Konposatu organikoak -diosku Mikel Oiarbidek, Kimika Fakultateko irakasle eta antolakuntzako kidea denak- izaki bizidunen osagai nagusiak izateaz harago, denetariko produktu eta aplikazioetan aurki ditzazkegu, izan farmakoak, fitosanitarioak, elikagai gehigarriak, kremak eta babesleak, izan polimeroak, estaldurak eta bestelako materiale aurreratuak”.

Bi herrialdeen arteko bilkura honen hirugarren edizioa izan da aurtengoa, Gijóngo (2017) eta Kyotokoaren (2018) ondotik, eta COVID-19 pandemiak beharturiko parentesia eta gero, 2023 urtean Donostian egitea egokitu dena, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Katalisi Asimetrikoa eta Sintesi Kimikoa ikerketa taldeak antolatuta.

Ekitaldi zientifiko nagusiak Antonio Beristain entzunaretoan jarraitu ahal izan dira, hain zuzen ere 16 hitzaldi gonbidatu edo Keynote, 11 komunikazio eta beste hainbat aurkezpen labur, izan Flash edo Poster moduan, azken hauek doktoregoa edo doktoregoondokoa egiten ari diren ikertzaile gazteen eskutik aurkeztuak gehienbat. Parte hartu duten hizlari gonbidatuen artean azpimarratzekoak dira nazioarte mailan oso entzutetsuak diren zenbait, besteak beste K. Maruoka (Kyoto), M. Kanai (Tokyo), M. Terada (Tohoku), T. Ooi (Nagoya), P. Melchiorre (Bolonia), A. M. Echavarren, ‘Real Sociedad Española de Química’ erakundeko gaur egungo lehendakaria, edo UPV/EHUko partaide diren J. L. Vicario eta A. Mateo-Alonso ikerlariak.

“Bitxia izan da simposio honek bat egin izana egutegian Tokyon dihardunean zen Basque Week ekitaldiarekin, zeinak Japonia eta Euskadiren arteko harreman ekonomiko eta kulturalak, turismoa barne, bultzatzeko helburua izan duen. Zentzu honetan, 3rd JSSOS bilkuran parte hartu duten japoniar ikerlariek goraipatu egin dute bilkuran aurkeztu diren lanen maila zientifikoa eta era berean beraien jakinmina eta aitortza azaldu dute lurralde honetako bereizgarri diren kultura, sukaldaritza edo erakargarritasun turistikoaren aurrean. Behar bada komeni da ere aipatzea Japoniako Kimika Elkartea (CSJ da ingelerazko akronimoa) nazioartean eragin handiko zientzia elkartea dela, 24.000 kide norbanako eta korporatibotik gora dituelarik”, amaitzen du Mikel Oiarbidek.