euskaraespañol

Idazlea eta EHUalumni

Kirmen Uribe: «Euskara garaiz heldu da azken iraultza teknologikora»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/29

Kirmen Uribe idazlea
Kirmen Uribe idazlea | Argazkia: UPV/EHU.

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) nazioartean oihartzun handiena lortu duen euskal idazleetako bat da, zalantzarik gabe. Bere literatura lanak eleberriak (‘Bilbao-New York-Bilbao’, ‘Mussche’, ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’, ‘Izurdeen aurreko bizitza’), poema liburuak eta prosaren bolumenak ditu. Hainbat hizkuntzatan saritua eta itzulia, Campusa aldizkariak elkarrizketatu egin du, egun hauetan Miramar Jauregian egiten den ‘Tradizioaren traizioaz?’ udako ikastaroan parte hartu duelako.

Ba al dago dialektika baikor edo ezkorrik orainaren eta tradizioaren artean? Gure kulturaren tradizioari begira, noiz dago traizioa eta noiz dago fideltasuna?

Tradizioak zure komunitatearen iragana eta izaeraren berri ematen dizu. Nik garrantzia handia ematen diot tradizioari eta gustatzen zait iraganera begiratua botatzea. Gure tradizioa jarraikorra bai, baina garai askotan hautsia eta estalia ere izan da. Balada zaharretan konturatzen bagara, zenbait kasutan zatiak baino ez zaizkigu iritsi, bertso-lerroak, esaldiak. Gainontzekoa galdu egin da. Horrek hutsune baten berri ematen dizu. Gure tradizioa ez da hegemonikoen modukoa. Baina beste alde batetik uzten dizu imajinatzen nolakoa izango zitekeen. Olga Tokarzcuk idazleak esan izan du bere liburuak hautsiak direla Poloniaren historia hautsia delako. Guk ere tradizio hautsi bat dugu, intermitentea, ez osatua. Eta hortik sortu behar dugu. Forma berriak proposatu munduari. Ezin dugu hegemonikoen moduan idatzi.

Zure ponentziaren izenburua ‘Berrikuntzaren eta digitalizazioaren eragina euskal kulturaren eta nortasunaren bilakaeran’ da. Zer esanahi, zein asmo ditu esku-hartze horrek?

Bertsotan gaia jartzen den bezala, izenburu hori proposatu egin zidaten hortik tira egiteko. Eta nik onartu, bertsolariek bezala. Zehatzagoa izanda, nik hitz egingo dut “XXI. Mendea euskaratik” ideiaren inguruan. Garai zailak dira hauek, aldakorrak, oldarkorrak, baina badago eskubide zibilei lotutako mugimendu handi bat ere mundu mailan. Euskararen komunitatea hor sartzen da. Gero eta sentsibilizazio handiagoa dago hizkuntzen dibertsitatearen ideiarekin, planeta bizi, justu eta osasuntsu baten ideiarekin lotuta. Guk hor kokatu behar dugu.

Nola mugitzen da euskara oraingo unibertso telematikoan? Errealitatean baino hobe ala okerrago?

Ez naiz horretan aditu bat. Horri buruz dakiten sozio-linguista bikainak daude. Ni sortzailea naiz eta nire esperientziatik egiten dut berba. Ikusten dudana distantziatik, New Yorken bizita. Badira datuak esaten dutenak garaiz iritsi garela azken iraultza teknologikora, euskarak portzentualki presentzia handia duela sarean. Baina beste alde batetik uniformetasuna bilatzen duten eragileak ere hor daude. Gazteen artean nabari nabaria da hori. Uste dut jarrera kontua dela gehiago. Kontzientzia hartze kontu bat, euskaldun izatearena.

Gero eta pertsona gehiago, gero eta globalizatuagoa den mundu batean… Zer leku dagokio euskarari mundu globalizatu horretan?

Munduaren eguteran (eta ez laiotzean) bizi diren pertsonekin dago euskara. Euskara balio positiboekin lotu behar da. Euskaldunak, edo euskara ikasten ari denak, sentitu behar du mundua hobetzen ari dela bere jarrerarekin. Birziklatu egiten dut? Jakina. Euskaraz hitz egiten dut? Jakina. Kontrakoa itsusia da, arraroa. Ez da zama bat bezala hartu behar, edo zentzurik gabeko zerbait. Ez, garai horiek pasatu dira. Orain mundua beste norabide batean dago. Pasatu da munduaren ikuspegi hegemonikoak onentzat hartzen ziren garaia, ez, orain ez hegemonikoa den hura entzuten da. Claudia Rankine bat adibidez. Poeta afroamerikarra. Bere bizipenez hitz egiten du, baina forma ikaragarri berritzailea da, inork ez du sekula horrela idatzi. Hori bilatu beharko genuke.

Kirmen Uribek 6 urte daramatza New Yorken bizitzen. Zein leku betetzen dute euskarak, gaztelaniak eta ingelesak beren bizitza pertsonal eta profesionalean? Zure inguruan, hizkuntza gehiago daude?

Bada, hiru hizkuntzetan bizi naiz neurri batean. Etxean euskaraz egiten dugu eta kalean ingelesez. Gaztelania ere oso presente dago, eta gainera New Yorken badago gaztelaniaren eskubideen aldeko halako mugimendu bat, bigarren mailako hizkuntza baita han. Nik euskaraz idazten dut nire literatura. Eta halaxe jarraituko dut, Joycek Parisen ingelesez idazten zuen bezala. Ni euskarekin noa, harekin hazi naiz, harekin atera naiz mundura. Eta kanpoan hori ontzat jotzen dute. Inork ez du planteatzen niri galdetzea zerbait ez dudan hizkuntza hegemoniko batean idazten.

Askoz lehenago idatzitako ‘Bilbao - New York – Bilbao’ eleberriak zer leku dauka zure literatura unibertsoan? Familiaren iraganean badago bihozkada pixka bat?

Eman dudan azken hitzaldia Donostiako honen aurretik Seattle hirian izan da. ‘Bilbao-New York-Bilbao’ liburuari buruz izan zen. Oso bizirik dago liburua eta hori 2008an argitaratu zela euskaraz. Estatu Batuetako irakurleei haren forma interesatzen zaie, nola dagoen egituratua, eta nola doazen harilkatzen istorioak. Baina idazlea beti dago etorkizuneko lanei begira, egin ez duzun hori egitea interesatzen zaizu. Michelangelok nahi zuen gero eta eskultura zailagoak zizelatu. Idazleak ere hori nahi du, ez dakien hori egin, hasierako puntura behin eta berriz itzuli. Ikasi, beti ikasi. Idazleak idatzi egin nahi du. Promozioa, salmentak, publizitatea… horiek bigarren mailako gauzak dira. Idazlea dago idazteko.