Kosmologia eta Gargantua dantza saioa protagonistak Zientzia eta Teknologia Fakultateko urteurrenean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/12

Energia ilunari buruzko hitzaldi bat eta Gargantua dantza saioa izan dira protagonista UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 50. Urteurrenaren ekitaldian. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Energia ilunari buruzko hitzaldi bat eta Gargantua dantza saioa izan dira protagonista UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 50. Urteurrenaren ekitaldian.

Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusian Prado Martín Morunoren, LÔreal-Unesco Women in Science 2017 saridunaren eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Fisika Teorikoko Sailean diharduen ikerlariaren “La energía oscura y el destino del universo” hitzaldia entzun ahal izan da.

Prado Martínen hitzaldiak puri-purian dagoen gai bat jorratu du. ”Atzo argitaratutako behaketek ahalbidetu dute lehen aldiz zulo beltz bati argazkiak ateratzea. Horixe zen Einsteinen ekuazioen aurreikuspen erakargarrienetako bat, eta badirudi emaitzak bat datozela ekuazioen ondorioekin”, azaldu du Martin Morunok.

Ekuazio horiek ere kosmologiaren eta oro har unibertso eboluzioaren ikerketen zutabe nagusia dira. Gaurko hitzaldian azken urteotako kosmologian eman den “aurkikuntza nagusietako bat azaldu da: Energia Ilunaren aurkikuntza eta Einsteinen ekuazioen laguntzaz azal daitekeena”.

Halaber, Fakultateko egresatua (fisikaria) den Martxel Rodriguezek, eta dantzari profesionala besteak beste Kukai dantza taldean, ekitaldirako espreski konposatutako Gargantua obra estreinatu du. Obra hau Interestelar zientzia fikziozko filmean agertzen den izen bereko zulo beltzean oinarrituta dago.

“Duela 10 urte hasi genuen gure ibilbidea Zientzia eta Teknologia Fakultateatun 1990. urtean jaiotako millenialak. Lehen egunetan sorpresa haundia izan zen frogatzea ikaskideen artean zientziarako pasioaz gain bestelako gustuak eta afizioak bazeudela. Batzuk musikariak ziren, DJak, idazleak, dantzariak... Gehiengoak ohorezko batxilergoarekin iritsiak ginen Leioara eta bertan eraiki genituen betirako laguntasun harremanak”, gogorarazi du Martxel Rodriguezek.

“Kasualitate polita izan da nire koreografiak zulo beltz bat izatea protagonista eta atzo lehen aldiz zulo beltz baten argazkia erakustea, gaineratu du.

Zientzia eta Teknologia Fakultatea

Zientzia Fakultateak (gaur egun, Zientzia eta Teknologia Fakultatea) 1968/69 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Justo Mañas Díaz irakaslearen eskutik. Hasiera batean, garai bateko Nautika Eskolan kokatuta zegoen, Deustuko zubiaren ondoan. Baina 1971-72 ikasturte hasieran, gaur egungo kokalekura, Leioara eraman zen.

Zentroak hasieratik gehitu zituen ikasketak bere irakaskuntza-eskaintzari, eta gaur egun, 9 titulu eta gradu bikoitz bat eskaintzen ditu, jakintza zientifiko eta teknologikoaren 35 arlotan. Horrez gain, ikastegiaren graduondoko eskaintza 12 masterrek eta berezko 6 tituluk osatzen dute.

Eskaintza horri esker, Fakultatea erreferente nagusietako bat da Euskal Herrian prestakuntzaren arloan, eta eginkizun guztiz garrantzitsua betetzeko gai izango diren profesionalak trebatzen ditu gizartearen erronka nagusiei aurre egiteko; hots, jakintzaren transferentzia, teknologia berrien garapena, garapen jasangarria, ingurumenaren zaintza, eta abar.

Gaur egun, Fakultatean 788 irakasle-ikertzaile inguru, administrazio eta zerbitzuetako 97 langile, 2.528 graduko ikasle eta 340 graduondoko ikasle daude.