null

Kultura Eskola katalogorako proposamenak aurkezteko epea ireki da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/24

Argazkia: GFA

Gipuzkoako foru Kultura Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Kultura Eskolaren katalogorako proiektuak aurkezteko deialdia aurkeztu dute, antzerkiaren, dantzaren, musikaren, arte plastikoen eta ondarearen sektoreetako ordezkariekin eta TBK-ko zuzendariarekin batera. Azken hori arduratuko da ikus-entzunezkoaren alorrarekiko bitartekaritzaz, 2deo-ren bitartez.

Arte Eszenikoen Tailerra (TAE), Euskal Aktoreen Batasuna, Dantzan.com, Musika Bulegoa, Aranzadi, Kulturaz Kooperatiba eta TBK lankidetzan ari dira foru erakundearekin eta UPV/EHUrekin, eta bitartekari lanak egiten dituzte hainbat eremutan, deialdia zabaltzeko eta proposamenak jasotzeko.

Kultura eta hezkuntza arloko profesionalek erakundeen bitartez bideratutako proposamenak baloratuko dituzte, eta kalitate artistikoaren eta eskola curriculumetan duten kokapenaren araberako hautaketa egingo dute.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiekin katalogo bat osatuko da. Katalogo hori lurraldeko bigarren hezkuntzako ikastetxeei bidaliko zaie udazkenean, hainbat irakasgaitako irakasleek baliabide gisa erabil ahal izan dezaten. “Kultura Eskolak, horrela, arte ekintzaren aurrean interesa eta jakin-mina pizten duten bizipenak eta esperientziak eskaini nahi dizkie nerabeei, antzokien, kontzertu aretoen, erakusketen, museoen, hitzaldien eta abarren ohiko programazioan publiko berriak sortzeko” adierazi du diputatu sozialistak.

Kultura Eskolaren Katalogoak kultura proposamenen zerrenda ireki bat izan nahi du, proposamen berriak onartuko dituena, kultura sormenaren bilakaeraren eta joera eta abangoardia berrien arabera.

Foru Administrazioak berak kontratatuko ditu jarduerak, ikastetxeek aurkeztutako eskaeretatik abiatuta.

Antonio Casadok, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakutzako zuzendariak, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren baitako ekimenaren izaera berritzailea azpimarratu zuen: "Kultura Eskolak Gipuzkoako Campusarekin lerrokatutako kultur hedapen eta sustapenaren formularekin esperimentatzen du, erakundeen arteko lankidetzan eta gizartearen beharretara egokitutako hezkuntza integralaren sustapenean zentratuta. Proiektuak hobetzen jarraituko du praktikan jartzen den bitartean, eta aldian-aldian berrituko den katalogo bati proposamen berriak gehitu ahala "

Bestalde, programak sektorearentzako enplegu aukerak ere zabaltzen ditu. Olatz Salvador Musika Bulegoaren ordezkariak nabarmendu zuenez, «Kultura Eskola epe labur eta ertainerako aukera bat izan daiteke kulturaren alorreko profesionalentzat; izan ere, bigarren hezkuntzako ikastetxeen interesa gauzatuko duten kontratuez gain, publikoen erreleboa eta gaztetzea sustatzeko modu bat ere bada».

Arte Eszenikoen Tailerreko Ana Perezek honako hau ere nabarmendu du: «Katalogoa egiteko prozesuak berak du garrantzia. Izan ere, prozesu horretan, arlo bakoitzeko erakunde adituek izango dute protagonismoa, eta guztien artean osatuko dute ikastetxeentzako eskaintza. Egiteko modu horrek aukera emango du profesionalek, sektoreek, erakundeek eta abarrek elkar topatu, eta lankidetzan jardun dezaten, elkarrekin lan egitea inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan».

EPEA: Aldundiari eskaerak egiteko epea irailaren 15ean amaituko da.

Jardueren eta programen ezaugarriak:

- Proposatutako programen eta jardueren edukia librea da, baina, aintzat hartzeko eta katalogoan sartzeko, irizpide orokor hauek hartuko ditu kontuan Departamentuak:

- Bigarren hezkuntzako ikasleentzat izatea, hau da, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.

Jardueren eta programen helburuak:

- Gazteen parte hartze aktiboa sustatzea.

- Arrazoiketa pedagogikoa: parte hartzaileen adinerako egokiak izatea.

- Ikastetxeen berezko araudiarekin bateragarriak eta elkartuak izatea, ikastetxeen barruan egiten badira.

- Berdintasunezko parte hartzea eta gizarteratzea bermatuko dute.

- Programen eta jardueren hizkuntza nagusia euskara izango da, baina beste hizkuntza batzuk erabiltzea baloratuko da.

- Iraupena: proposamenak ordubete eta 15 ordu artekoak izan daitezke, eta ikasturtean eta eskola orduetan egin behar dira.

- Lekua: ikastetxeetan bertan egin ahal izango dira, bai eta beste leku eta kultura ekipamendu batzuetan ere: antzokiak, artxiboak, museoak, kultur etxeak, ondarea barne hartzen duten naturguneak, etab.

Honako hauek dira Kultura Eskolaren katalogorako kultur proposameak bidaltzeko helbide elektronikoak:

Musika

Ikusizko arteak

Zinea

Ondarea

Dantza

Tabakalera

Informazio gehiago