euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateak 50 urte bete ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/25

Irudia
La decana de la Facultad de Derecho, Juana Goizueta. Foto: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatea zorioneko dago. Bere ikastegietako batek, Donostiako Zuzenbide Fakultateak, 50 urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko ekitaldi solemne bat antolatu du Donostiako San Telmo Museoan, gizarteko, politikako eta epailetzako ordezkari nagusiekin. Ekitaldian hitza hartu dute UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako sailburu Cristina Uriartek eta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekano Juana Goizuetak.

«Mende erdia betetzea —azaldu du Juana Goizueta dekanoak— ohore handia da zinez, eta efemeride honetan fakultatearen ordezkaria izatea, pribilegio itzela».

Zuzenbide Fakultatea izan zen Donostian sortutako lehena, eta sorrera hartaz geroz eratu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusa, Donostiako Ibaetan.  1969an Hezkuntzako Ministerioak erabaki zuen Donostiako auzune horretan jartzea fakultatea, eta hortik abiatuta osatu zen gero, laurogeiko hamarkadan eta zenbait fasetan zehar, unibertsitateko campusa, gaur egun dauzkan gainerako ikastegiekin.

Gaur egun UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatea den horren lehen ikasturtea 1969ko urriaren 6an hasi zen San Telmoko kaperan. Garai hartan fakultatea Valladolideko unibertsitate barrutiaren menpe zegoen, eta 35 irakasle, administrazio arloko dozena erdi bat langile eta 63 ikasle zeuzkan.  Zuzenbidea baino ez zen irakasten bertan. Mende erdia geroago, Zuzenbide Fakultatea Estatuko hirugarren onena da Shanghaiko Rankingean eta erreferentea  Gipuzkoako gizartean.

Gaur egun 1.900 ikasle baino gehiago ditu, 165 irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako 32 langile. Zuzenbideko eta Kriminologiako graduko ikasketak ematen ditu, EAZ-Zuzenbideko gradu bikoitza, graduko nazioarteko titulazio bikoitz bat, Abokatutzako Masterra eta Soziologia Juridikoko Nazioarteko Masterra eta, horretaz gain, badu doktoregoko programen eta ikasketa osagarrien eskaintza zabal eta aberats bat ere. Azpimarratzekoa da orain dela lau urte Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa sortu zela, giza eskubideen alde eta diskriminazioaren kontra konprometitua. Era berean, graduak ezarri zirenetik 2010/2011 ikasturtean, fakultatean 2000 bat pertsona titulatu dira, 1700 nahitaezko praktika inguru kudeatu dira, eta gradu amaierako 1600 lan defendatu dira, gutxi gorabehera.

«UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatea erreferente garbia da bai Gipuzkoarentzat eta bai mundu juridikoarentzat, Euskal Herrian nahiz kanpoan. Ondo jabetzen gara gizarteari zor diogunaz, eta horregatik konpromiso soziala duen fakultatea izatea da gure hautua», gehitu du fakultateko dekano Juana Goizuetak.