UPV/EHUk Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua esleitu du

LKS Ingeniaritza kooperatibak proiektua idatzi, eta obrak zuzenduko ditu.

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/02

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua idazteko laguntza teknikoa emateko eta obrak zuzentzeko kontratua esleitu dio LKS Ingeniaritza S. Kooperatiboari. Eraikina 5.200 metro koadro baino zerbait gehiagoko lursail batean egingo da, eta eraikitako azalera erabilgarriak, berriz, 32.000 metro koadro izango ditu. Aurreikuspenen arabera, 2024-2025 ikasturtearen hasieran azpiegitura berriak fakultatearen ikerketa jarduera eta ikasketak hartuko ditu.

Eraikin berria Bilbon kokatuko da, Basurtuko unibertsitate ospitalearen ondoan. Medikuntzako, Fisioterapiako eta Erizaintzako graduak hartuko ditu eraikinak, eta bertan emango dira ere Osasun Zientzien arloko zazpi masterrak: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea; Farmakologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta, Osasun Publikoa. Medikuntzako graduaren maila aurre klinikoak. Eraikin berera joango dira ere Fisioterapiako eta Erizaintzako graduetako ikasleak, gaur egun Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio eremuan ikasten ari direnak.

Proiektuan, 52 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da. Horien artetik, Eusko Jaurlaritzak 45 milioi jarriko ditu proiektuaren idazketara, obra zuzendaritzara eta eraikinaren eraikuntzara bideratuko direnak. UPV/EHUk, bestalde, altzari, ekipamendu, lizentzia eta tasetarako beharko diren gainerako 7 milioi euroak kudeatuko ditu.

Patxi Juaristi Bizkaiko Campuseko errektoreordearen hitzetan, fakultateko eraikin berriak lehendik bikaina zen eskaintza akademikoa osatzeko aukera emango du: azpiegitura berri hau Basurtukoaren ondoan kokatzeak sinergia berriak sortuko ditu, eta irakaskuntzarako eta ikerketarako ditugun baliabideak optimizatzea ahalbidetuko du.