euskaraespañol

UPV/EHU igo da Shanghaiko rankingean, eta munduko 400 onenen artean kokatu da

Shanghaiko rankingeko 400 unibertsitateetan espainiar estatuko zazpi soilik daude

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/14

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) orain sei urte sartu zen Shanghaiko rankingean. Edizio berri honetan igo egin da 400 onenen artean kokatuz. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Hamar dira soilik lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak, eta 7 bakarrik, tartean UPV/EHU, 400 onenen artean.

“Hain zorrotza den sailkapenean postu bat igo izana berri bikaina da euskal gizartearentzat oro har, eta Euskal Herriko Unibertsitatearentzat batik bat. Sailkapenean gora egitea da gure lanaren berri emateko erarik onenetako bat. Dena dela, horrek, nire ustez, ez gaitu geure buruarekin konplaziente izatera eraman behar, postu horretara eraman gaituen exijentzia maila berari eustera baizik. Duela gutxi izandako postua berreskuratu du UPV/EHUk, hots, 20.000 unibertsitate baino gehiago dauden mundu honetako 400 unibertsitate onenen artean egotea erdietsi du. Gure unibertsitateko kide guztiak zoriondu nahi ditut, unibertsitatea proiektu kolektibo bat delako eta hark erdietsitako emaitzak denoi dagozkigulako", adierazi du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak.

Shanghaiko rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamar dira (iaz baino bat gutxiago) lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak (iaz baino bat gutxiago). Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.

Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipaituak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.

Espezialitateen araberako sailkapena

Espezialitateei dagokienez, Shangaiko rankingaren uztaileko entregan (espezialitateei buruzkoa), UPV/EHU hainbat diziplinatan nabarmendu da. Zehazki, munduko unibertsitateen 51-75eko tartean kokatu da, Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta gainera Estatuko lehenengoa da diziplina horretan. Nabarmendu dira ere, alde batetik, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta bestetik, Kimika, bi diziplina horietan munduko unibertsitateen 101-150eko tartean kokatzen baita. Amaitzeko, Energiaren Zientzian eta Ingeniaritzan eta Materialen Zientzian eta Ingeniaritzan, UPV/EHU munduko unibertsitateen 151-200eko tartean dago.