UPV/EHUko graduatuen ia % 90ek lana dute ikasketak amaitu eta hiru urtera
Ikasketei lotutako enpleguaren batezbestekoa % 84 da, Lanbideren 'Laneratzeari buruzko azterlana' txostenetik ateratako datuen arabera
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2023/02/08
Euskal Herriko Unibertsitateko 2018ko promozioko tituludunen % 87 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Horixe da, hain zuzen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak euskal unibertsitate publikoko graduatuei buruz egin duen 'Laneratzeari buruzko azterlana' txostenean jasota dauden ondorio nagusietako bat.
Inkesta 4.464 pertsonari egin zitzaien (horietatik 2.592 emakumeak) eta erantzunen indizea % 73koa izan zen.< Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (lan ordaindua duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko), esan den bezala, % 87koa da; jarduera tasa (lan egiten duten edo lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa) % 92koa; enplegu tasa (lan ordaindua duten edo jarduera profesional independentea duten pertsonen ehunekoa pertsona guztiekiko) % 80koa; eta langabezia tasa (lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko) % 13koa. Ratio horien ehunekoak ez dira aldatzen sexuaren arabera. Bereziki garrantzitsua den beste datu bat hauxe da: hogei bat titulazioren kasuan okupazio tasa % 100ekoa da edo horretatik oso gertu dago (horien artean, Medikuntza, Odontologia, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza, Farmazia, Erizaintza, Biokimika eta Biologia Molekularra, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeles Filologia, Elikagaien Teknologia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika).
Hogei bat titulazioren kasuan, okupazio tasa % 100 ingurukoa da
Eva Ferreira errektorearen iritziz, “unibertsitateak oso positibotzat jotzen ditu emaitza horiek. Zalantzarik gabe, arlo jakin batzuetan hobetu egin behar dugu, lan baldintza guztiak eta enpleguaren kalitatea hobetu behar ditugun bezala, baina beharrezko hobekuntza horiek lortzea guztion lana da, gizarte osoari dagokion zeregina. Garrantzitsuena da datu horiek baieztatzen dutela unibertsitateko ikasketek gaitasuna ematen dutela, gaur egungoa bezalako egoera sozioekonomiko zailetan ere, sozialki eta ekonomikoki oso baloratuta dauden jarduera profesionaletan aritzeko; eta, aldi berean, ikasketei lotutako enplegu maila altuak bermatzen dituzte.”
Azterlaneko datu esanguratsuak
Lan egoerari dagokionez, % 72,92k besteren kontura egiten du lan; % 3,81ek norberaren kontura; % 7,82k ikasten jarraitzen du; eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar. Ikasketei lotutako enplegu tasa (hau da, egindako ikasketekin lotura zuzena duen lan batean aritzea) %84 da. Lan batean hasteko batez besteko denbora bost hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten zaionetik hasita. Azpimarratzekoa da, baita, emakumeen eta gizonen enplegu joerak parekatu gin direla: jarduera tasa (% 92), enplegu tasa (% 80) eta langabezia (% 13) berdindu egin dira bi taldeetan, baina soldatetan alde txiki bat dago oraindik, emakumeenak pixka bat txikiagoak baitira: batez besteko soldata 1.600 eurokoa bada, emakumeena 1.588 eurokoa da. Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen %17k du aukeratuta lanaldi mota hori, eta emakumeen % 25ek. Bestalde, aztertu den promozioko pertsonen %78 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da eta bertan egiten du lan, eta bakarrik % 2k egiten du lan atzerrian.
Batez besteko soldata eta lanaldiak
Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.600 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Jakintza arloen arabera, soldatak hauek dira, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.891 euro), Zientzia Teknikoak (1.631), Gizarte Zientziak (1.518), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.460 euro), Giza Zientziak (1.443 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.413 euro). Emakumeen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonek baino ia 5 puntu gehiago). Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia daukatenak (7,9), soldaten zenbatekoa (6,9), eta lanean egonkortasuna izatea (6,8).
Laneratzeko faktoreak
Alderdi akademikoak erabakigarriak diren arren enplegua lortzeko (% 23,85), ezaugarri pertsonalek eta sozialek gaina hartu diete (% 24). Lan merkatuan sartzeko bide nagusiei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: ingurune soziala eta profesionala (% 26,3) eta oposizioak (% 21,5). Horien ondoren, agertzen dira curriculum vitaea (% 14,7), unibertsitate ingurunea (% 14,1), eskaintza zehatzari emandako erantzuna (% 12), autoenplegua edo ekintzailetza ( % 3,7) eta abar.
Hizkuntzei dagokienez, inkestatuen % 50ek adierazi zuen egunero erabiltzen zuela euskara eta % 32k ingelesa.