Lehorteak eta ekosistemak baldintzatzen ditu bi fenomeno klimatikoren arteko interakzioak

Nature Communications aldizkariak oraintsu argitaratu ditu UPV/EHUk lankidetzan egindako ikerketa baten emaitzak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/20

UPV/EHUk parte hartu duen lankidetzazko ikerketa batek bi fenomeno klimatikoren arteko interakzio bat aurkitu du, eta adierazi du interakzio hori funtsezkoa izan litekeela plangintza hidrikoak, laborantza-plangintzak eta baso-plangintzak egiteko, bai eta Mediterraneoan orain arte izan den berokuntza-egoerarik gogorrenean ekosistemek duten ahultasun klimatikoa ebaluatzeko ere. Nature Communications aldizkarian oraintsu argitaratu duten ikerketa Alcalá de Henaresko Unibertsitateak gidatu du, eta Genevako Unibertsitatearen eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen lankidetza ere izan du.

Asier Herrero

Zein dira Iberiar penintsulan aldian-aldian izaten diren lehorteen kausak? Zergatik dira batzuetan neguak epel eta euritsuak, eta, beste batzuetan, hotz eta lehorrak edo hotz eta hezeak? Badu eraginik jatorri antropogenikoko klima-aldaketak prozesu horietan? Nola eragiten dute ziklo horiek lurreko ekosistemen produktibitatean? Eta, azkenik, aurresan al daitezke ziklo horiek eta, hala, egokitu al daiteke ekonomia ziklo horien arabera? Aste honetan Nature Communications aldizkarian argitaratu duten lanak galdera horiei erantzuteko gako garrantzitsuak ematen ditu, Alcalá de Henaresko Unibertsitateak gidatutako eta UPV/EHUrekin, Genevako Unibertsitatearekin eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatearekin lankidetzan egindako ikerketari esker.

Ipar Atlantikoko oszilazioa (NAO, North Atlantic oscillation) Ipar Atlantikoko arroko goi-presio subtropikalen eta behe-presio polarren artean dagoen masa atmosferikoan gertatzen den eskala handiko fluktuazio bat da, eta hark eragiten ditu, neurri batean, Europako kontinentean gertatzen diren lehorteak. Aurretiko beste ikerketa batzuen arabera, NAOak eragin handia izan dezake zenbait alderditan, hala nola karbono-finkapenean eta zuhaitzen hazkundean, fruituen produktibitatean edo basoetako izurriteen zikloetan. Nolanahi ere, epe luzeko baso-produktibitateko eta NAOaren arteko loturak bazituen zenbait hutsaltasun; izan ere, denbora-tarte batzuetan, ziklo klimatikoak ez zetozen bat NAOaren balioaren arabera espero zitekeenarekin. Ikerketa-lan honetan frogatu dute Ozeano Atlantikoko azaleko tenperaturaren aldizkako anomalietan egon daitekeela hutsaltasun horien jatorria; hain zuzen ere, hamarkada anitzeko oszilazio atlantikoetan (AMO, atlantic multidecadal oscillation). Ozeano Atlantikoko iparraldean azaltzen diren fenomeno ozeaniko batzuk dira: 70 bat urteko iraupena duen zikloari jarraitzen diote ozeanoko tenperaturek. Ozeanoaren tenperatura-aldaketa horiek atmosferari eragiten diote, baina ez unean bertan, atzerapen pixka batekin baizik.

XIX. mendeko datuak tresna modernoekin aztertuz

UPV/EHUko FisioClimaCO2 ikerketa-taldeko doktoretza osteko ikertzaile Asier Herrerok parte hartu duen ikerketaren oinarrian dago duela bost urte baino gehiago hasitako ikerketa-ildo sakon bat; ikerketa horretan, artxibategi historikoetako datuak, klimatologia, eredu estatistikoak eta baso-ekologia biltzen dira. "Liluragarria izan da XIX. mendearen amaierako artxibategiak ahanzturatik ateratzea, azken mendean Penintsulako basoen produktibitateak izan duen bilakaeraren zehaztapen zehatzak lortzeko; datuak XXI. mendeko tresnak erabiliz aztertu ditugu, ulertu ahal izateko ziklo klimatikoen kausak zein diren eta haiek ekosistemen produktibitatean zer eragin duten", azaldu dute ikertzaileek.

Gaztela-Mantxako eta Gaztela eta Leongo hainbat herritako pinudien datuak hartu dira kontuan ikerketan. "Landa-eremu askotako ekonomiaren oinarria ziren pinudi horiek, eta, horrenbestez, zehaztasun handiz kuantifikatzen ziren erabilgarri zeuzkaten baliabideak, egurra, larreak, erretxina eta abar", azaldu dute. Arazoa da ereduen proiekzioak zeudela aurreko lanetako askoren oinarrian, eta, gainera, ez zirela kontuan hartzen bi modu klimatikoen (NAO eta AMO) arteko interakzioak. Denbora-serie horri esker, lehenbizikoz frogatu da, ikerketa honetan, bi modu klimatikoen interakzioak kontrolatzen duela, neurri handi batean, ekosistemen produktibitatea.

Hala, emaitzek agerian uzten dute AMO+ NAO+ eta AMO- NAO- faseek kontrol handia dutela baso-produktibitatearekiko, prezipitazioak gutxitu  eta neguko tenperaturak txikitu egiten baitira. Borrasken sarrera irekitzen eta ixten duen giltzaren parekoa da NAOa, baina beharrezkoa da AMOaren kontrola (latitude estratropikaletan Atlantikoak duen tenperaturarekin eta borrasken sorrerarekin lotzen baita); horrek guztiak zehazten du, azken batean, Penintsulara heltzen den airearen tenperatura eta hezetasuna.

“Aztertutako modu klimatikoen segimendua baliagarria izan daiteke muturreko lehorteak aurresateko, nahiz eta ez den lan erraza izango; eta horrek lagunduko luke basoetan egokitzapen-neurri eraginkorragoak aplikatzen”, adierazi du Asier Herrerok. Ikerketaren emaitzak funtsezkoak izan daitezke, adibidez, azken aldian Mediterraneoa jotzen ari den lehorte-egoera batean, plangintza hidrikoa, laborantza-plangintza eta baso-plangintza egiteko, eta, bereziki, ekosistemek duten ahultasun klimatikoa ebaluatzeko.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko FisioClimaCO2 (IT1022-16) talde kontsolidatuko ikertzailea da Asier Herrero (doktoretza osteko ikertzailea). Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzak jasotzen ditu sailak. Baso-ekologiaren arloan ikertzen du, eta, bereziki, klima-aldaketek eta bestelako aldaketa-eragileek baso-ekosistemetan eragiten dituzten inpaktuetan jartzen du arreta. Eusko Jaurlaritzaren Ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programari esker egin da ikerketa-lan hau.

Erreferentzia bibliografikoa