euskaraespañol

Santiago Pérez Hoyos

Adimen estralurtarraren bilaketak zer irakatsi digun pandemia ulertzeko

Planeta Zientzien taldeko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/15

Santiago Pérez Hoyos
Santiago Pérez Hoyos
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zenbakien esanahia ulertzea, kopuru oso handiak edo oso txikiak direnean, zaila da. Horixe bera ari gara nozitzen orain COVID-19aren pandemiarekin. Kopuru oso handiak (kutsa daitekeen biztanleria, guztira) eta probabilitate hutsalak (banakoak kutsatzeari eta sintoma larri jakin batzuen agerpenari buruzkoak) konbinatzeak interpretatzeko oso zailak diren kopuruak ematen ditu. Batik bat, zehazki ez badakigu zenbateraino dauden eskuragarri ospitale zerbitzuak. Hala, banakoen arriskuaren eta komunitate arriskuaren arteko desberdintasunak bereizi ez, eta, maiz, gehiegizko alarmismoari edo baikortasun funsgabeari bide ematen zaio.

Egoera hori testuinguru atseginago baten bidez azaltzeko, Frank Drake irrati astronomoak SETI (Search for ExtraTerrestrial Intelligence) proiektuari XX. mendearen bigarren erdian oinarri kuantitatibo bat emateko 1961ean aurkeztutako formula erabil dezakegu. SETI proiektua gure galaxian zibilizazio estralurtarrekin harremanetan jartzeko ahalegin zientifikoa zen; askorentzat zientzia fikzio hutsa da baina ikuspegi analitikoz ere azter dezakegu.

Nola zehaztu dezakegu zenbatetan gerta daitekeen hain probabilitate gutxiko jazoera bat (aztergai dugun kasuan, gizarte estralurtar teknologiko batekin komunikatzea)? Positibo bat lortzeko kateatu behar diren faktoreak banantzean datza horretarako estrategia. Faktore horiek guztiak independenteak direla onartuko dugu, eta, hala, aldi berean gertatzeko probabilitatea zein den zehaztu dezakegu, biderketa erraz batekin. Faktoreak gehituta, xedeko jazoera (faktore guztien konbinazio perfektua) gertatzeko probabilitatearen arrazoizko zenbatespen bat lortu daiteke.

Diziplina asko eta asko biltzen ditu zeregin horrek, hala nola zientzia esperimentalak, oso badaezpadako oinarria duten ezpekulazioak, eta neurtzen are zailagoak diren ezagutza arloak (historia, gizarte zientziak, etab.).

Hasteko, kontuan hartu behar da zenbat izar dauden gure galaxian, eta horietatik zenbatek dituzten inguruan planetak biraka, eta planeta horietako zenbatek duten konposizio kimiko egokia, bizigarritasun eremuan egoteaz gain. Alderdi horiek zenbatestea dute asmo azkenaldiko misio espazial batzuek, esaterako, Kepler, Gaia eta TESS misioek. Oinarri sendoa dute horiek, Drakek bere garaian izan zuena baino sendoagoa bederen.

Nola zenbatesten da itxuraz baldintza egokiak dituen planeta batean bizitza sortzeko probabilitatea? Horietatik zenbatetan sortu dira zibilizazioak bizitza adimendunari esker? Martek eta Artizarrak iraganean bizigarritasun baldintzak zituzten, baina gaur-gaurkoz kasu positibo bakarra ezagutzen da: Lur planeta. Ezagutzen diren eguzki sistemaz kanpoko 4.000 planetetako batean ere ez da frogatu gurea bezalako biosferarik dagoenik.

Puntu horretatik aurrera, gauzak are zailagoak dira. Gizarte batek teknologia garatzeko izandako bilakaera zenbatetsi beharko litzateke, baita unibertsoko gainerakoekin komunikatzeko izan dezakeen nahia ere. Horretarako gai diren denbora tartea ere hartu beharko da kontuan: mende bat, milurteko bat edo, Drakek iradoki zuenez, 10.000 urte. Zifra horiek zehazteko datu esperimentalak gutxi dira, eta giza historian zein gizarteen dinamikan oinarritzen dira (eta azken horiek zenbaki bidez azaltzen hasi besterik ez gara egin).

Frank Drakek faktore horiei balioak eman, eta emaitza harrigarria lortu zuen: hamar zibilizazio topatzeko aukera legoke SETI bidez. Baina hala bada, non daude? Horra Fermiren Paradoxa, Drakeren baikortasunaren ifrentzua. «Isiltasun aztoragarri» deitu zaion horren arrazoiak zein diren jakitea modu ona da gure etorkizun hurbila ikertzeko eta, horrela, hurrengo kale kantoi kosmikoa inguratuta gure zibilizazioak aurre egin beharko dien arriskuak igartzen saiatzeko.

Hasiera-hasieratik, egile askok adierazi zuten ez zetozela bat Drakek adierazitako kopuru horrekin; Dakeren iritzi berekoak ez ziren aditu haiek kopuruak txikiagoak argudiatzen zituzten eta, horrenbestez, SETI proiektuaren bidez beste zibilizazio batzuekin harremanetan jartzea ia ezinezkoa zen haientzat. Faktore kate horretan aldaketa txikiak egitea aski zen azken emaitza oso bestelakoa izateko; are gehiago, emaitzaren ziurgabetasunak modu esponentzialean ugaritzen ziren.

Drakeren ekuazioak irakaspen bat uzten digu: banakako jazoerak gertagaitzak edo urriak izan daitezke, baina populazio aski handi bati aplikatuz gero, ezinbestean gertatuko dira. Gainera, jazoera bat baldintza kate luze baten mende dagoenean, eta faktore horien probabilitatea ezin daitekeenean ziurtasun osoz zenbatetsi, etorkizuneko jazoerak aurreikusteko gaitasuna okertu egiten da. Epidemiologian, aldiz, jazoera kopurua ahalik eta txikiena izatea da helburua. Horretarako, faktore horietako batzuetan eragina izan dezakegu.

Osasungintzari dagokionez, jazoera bakar bat gertatzeko probabilitatea –esaterako, norbait sintoma larriekin gaixotzekoa– oso txikia izan daiteke, ia hutsaren hurrengoa. Populazio osoa kontuan hartuta, ordea, sintoma larriak agertu agertuko dira. Kasu batean baino gehiagotan gainera. Hori horrela izateko faktoreen artean daude biologia, fisiologia eta soziologia, astrobiologiaren zeharkakotasun berdintsua izanik.

Gure esku dagoela da berri ona: faktore gutxi batzuk aldatuta, jazoera kopurua, hutsaren hurrengora ez bada, kudeatzeko moduko batera murriztu daiteke. Horretan gaude.