euskaraespañol

Immunitate-pasaporteak, gatazka etikoaren eta aukeraren artean

UPV/EHUko Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra ikerketa taldearen iritziz, immunitate-pasaporteak baliagarri izan daitezke erabileraren arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/09

Iñigo de Miguel Beriain
Iñigo de Miguel Beriain. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Iñigo de Miguel Beriain UPV/EHUko Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra ikerketa taldeko kide eta Ikerbasque irakasleak immunitate-pasaporteen erabileraren alde egiten du, baldin eta pertsona immunizatuen eskubideak babesteko erabiltzen badira. Halaber, ohartarazi du txertoak ematean antzeko arazoak sortuko direla immunitatean oinarritutako lizentziekin lotuta.

Banako bat COVID-19arekiko immunetzat jotzen dela eta gaitza nekez harrapatu edo hedatu dezakeela susmatzen dela erregistratzeko modu bat dira immunitate-pasaporteak. Askotarikoak izan daitezke: ziurtagiri bat, eskumuturreko bat, mugikorretarako aplikazio bat edo bestelako agiriren bat. Printzipioz, haien erabilerak zalantza asko eragiten ditu bai ikuspegi zientifikotik bai etikotik. Zientzia ez da haietaz fio, oraindik ez baitago argi gaitza pasatu izanak immunitatea lortzea dakarren egiazki, ez eta zenbat denboraz eragiten duen ere. Berez, badira gaitza bitan hartu dutenak, nahiz eta fenomeno horrek oso ezohikoa dirudien. Arazo zientifikoak, nolanahi ere, desagertuz joango dira datu gehiago lortu ahala.  

Arazo etikoak, ordea, irauteko asmoz datoz. “Onartzen badugu, pasaporteen aurka daudenek dioten bezala, onartezinak direla pertsonak beren borondatez kutsatzera eraman ditzakeelako, edo Estatuaren zaintza areagotuko luketelako, bereziki talde zaurgarrienetan, edo merkatu beltz berri bat sortuko luketelako, begien bistakoa da uko egin beharko geniekeela”. Hala eta guztiz ere, UPV/EHUko Ikerbasque irakasle Iñigo de Miguel Beriainek argitaratutako artikulu batean arrazoitu dutenez, “hori ez da hain sinplea, eta, horren zergatia ulertzeko, immunizatuen tokian jarri behar da”, adierazi du Zuzenbidean eta Filosofian doktore denak.  

Pertsona immunizatuen eskubideak 

“Baldin eta zuk ezin baduzu birusa kutsatu, oso zaila da zure eskubideetako batzuen murrizketak justifikatzea, bereziki mugitzeko askatasunaren oinarrizko eskubideari dagokionez. Bai Espainiako Konstituzioak bai Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak argi eta garbi mugatzen dute eskubide horren murrizketa oro —erantsi du—. Oso zaila da mugitzeko dugun askatasunaren murrizketa bat babestea hirugarrenek izan ditzaketen ausarkeriazko portaerak saihesteko oinarriaren arabera”.  

Zuzenbide Publikoa Saileko ikertzailearen iritziz, kontu horren garrantzia handitu egingo da, zalantzarik gabe, txertoak eskura izatean eta herritarren ehuneko handi bat txertatzen hastean. Txerto-ziurtagiriek berez eragingo dute halako immunitate-pasaporte bat. Ikertzailearen aburuz, pandemiaren hurrengo faseetan zenbait immunitate-egoera izango dira jokoan, “ezin saihestuko baitugu COVID-19a nork heda dezakeen identifikatzeko beharra. Baldin eta pertsona bat ez bada arriskutsua osasun publikorako, ezin duelako infekzioa hedatu, orduan libre mugitzeko duen eskubidea errespetatu behar zaio, immunitatea nola lortu duen kontuan izan gabe. Baina une horretan denontzako adina txertorik ez badago, immunitate-pasaporteak indarrean daudela eta moralki onargarriak direla onartzen ariko gara, oinarrizko eskubideez ari garenean behintzat”.   

Informazio osagarria 

UPV/EHUko Zuzenbide Publikoa Saileko Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedra ikerketa-taldeak “Biozuzenbidea” ikertzea eta garatzea ditu ardatz. Biozuzenbidetzat jotzen dute oro har izaki bizidun guztiekin, haien ekosistemekin eta garapenarekin lotutako arlo juridikoen multzoa; bereziki gizakiekin, gizakien osasunarekin, genetikarekin eta bioteknologiekin lotutakoak. Haien webgunean, COVID-19aren pandemiari buruzko ikerketen eta dibulgazioaren gunea zabaldu dute.

Erreferentzia bibliografikoa