Pandemian, nabarmen jaitsi dira premiazko ebakuntza gastrointestinalak

Litekeena da COVID-19a harrapatzeko beldurraren ondorioz egoera larri batzuetan premiazko arreta medikorik ez eskatu izana

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/03

Luis Bujanda Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza katedradunak. Argazkia: UPV/EHU
Luis Bujanda. Argazkia: UPV/EHU

COVIDak eragindako pandemiaren une gorenean, iazko martxo-apirilean, premiazko endoskopia eta kirurgia gastrointestinalen beherakada handia hauteman zen: abdomeneko kirurgia urgenteen kopurua % 25 jaitsi zen, eta endoskopia urgenteen kopurua, % 44; halaber, heriotza-kopurua % 43 hazi zen, eta heriotza horiek ez zeuden justifikatuta COVID-infekzioagatik bakarrik.

Iazko martxo-apirileko pandemiaren gailurrean, % 36 jaitsi zen COVID-19arekin loturarik ez zuten patologiek eragindako ospitaleratze-kopurua, aurreko urteko (2019) aldi berarekin alderatuta. Martxo-apirila bitartean, % 40 ebakuntza kirurgiko programatu gutxiago egin ziren. “Arreta handia eman digu nola jaitsi zen ebakuntza gastroinestinal urgenteen kopurua denbora-tarte horretan”, adierazi du Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntza katedradunak, zeina Biodonostia Institutuko digestio-aparatuko gaixotasunen arloaren zuzendari eta Gibeleko eta digestio-aparatuko gaixotasunen CIBEReko taldeburu (CIBEREHD) baita.

Bujanda doktoreak koordinatutako ikerketa baten arabera, COVIDaren pandemiaren lehen olatuan % 25 jaitsi zen abdomeneko kirurgia urgenteen kopurua (apendizektomiak, kolezistektomiak, uzki-ondesteko abzesuak), eta % 44, bestalde, endoskopia urgenteen kopurua (teorian, ezin dira 24 ordu baino gehiago atzeratu), zeinak digestio-aparatuko odoljarioetan eta gorputz arrotzen inpaktazioetan egiten baitira.

Aitzitik, ikerketak heriotza-tasaren igoerari buruzko datuak ematen ditu: “Aldi horretan bertan, heriotzen kopurua % 43 handitu zen, eta igoera horren % 25 baino ez dago justifikatuta COVID-infekzioen ondorioz”. Gainera, zulaketa gastrointestinalen kopurua % 40 handitu zen.

Ospitalera oso egoera aurreratuetan iristen diren patologiak

UPV/EHUko katedradunak ohartarazi duenez, “heriotza-kopuru hori ez da COVID gaitzak bakarrik eragindakoa, ospitalera jotzen ez duten edo ospitalera oso egoera aurreratuetan iristen diren beste patologia batzuek eragindakoa ere bada”. Izan ere, larrialdi-zerbitzuak eta ospitaleak kolapsatu zirenez, osasun-agintariek herritarrei eskatu zieten mesedez etxean geratzeko eta, ezinbestekoa ez bazen, lehen mailako arreta-zentroetara edo larrialdi-zerbitzuetara ez joateko. Gainera, pandemiak ospitaleetan eragindako kolapsoaren ondorioz, ospitaleratzeen eta aukerako kirurgien kopurua murriztu egin ziren.

Alde horretatik, ikerketan hainbat arrazoi aipatzen dira datu horiek azaltzeko: “Seguru asko, paziente batzuek beren sintomak minimizatu zituzten eta ohi baino denbora gehiago itxaron zuten osasun-sistemetara joateko”, azaldu du katedradunak. Larrialdi orokorretan, kirurgiak antzeko joera izan zuen eta premiazko apendizektomiak, abzesuak eta kolezistektomiak gutxitu egin ziren. “Baliteke antibiotikoak maizago erabiltzea COVID aldian, eta, hala, deskribatutako egoera batzuk konpontzea, baina beste egoera batzuetan antibiotikoak aski ez izatea infekzio-prozesuak kontrolatzeko, eta egoera larriago gisa amaitzea, hala nola zulaketa gastrointestinalen ondoriozko peritonitis sekundario gisa”, erantsi du. Bestalde, ez dute azalpen argirik ikusten koloneko buxaduraren protesi bidezko tratamenduan edo koloneko bolbuluen endoskopia bidezko tratamenduan izan den jaitsiera azaltzeko, baina litekeena da lotuta egotea abdomen akutuan eta peritonitisean gerta litekeen igoerarekin.

Litekeena da jendeak COVIDa harrapatzeari dion beldurraren ondorioz egoera larri batzuetan premiazko arreta medikorik eskatu ez izana. Bujandak hau gogorarazi nahi die herritarrei: “24 orduren buruan atzera egiten ez duten sintoma berriak izanez gero, medikuari kontsulta egin behar zaio, eta aurrez aurreko bisita egitea gomendatzen da pazientea behar bezala aztertzeko”.