euskaraespañol

‘Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar…’ erakusketa Bizkaia Aretora iritsi da

Mikel Laboa Katedrak bultzatutako erakusketak egileari egindako omenaldia da, bere heriotzaren 15. urtemugan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/09

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak, Mikel Laboa Katedraren eskutik, EHUkultura, eta Loraldiarekin batera, “Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar…” izeneko erakusketa aurkeztu dute ostegunean, otsailak, 8, Bizkaia Aretoan. Esposizioa otsailaren 5etik 29ra zabalik egongo da Bizkaia Aretoko Axular aretoan.

Erakusketa aurkeztu dute Miren Koro Campos erakusketaren komisarioak; Gorka Morenok, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak; Imanol Agirrek, Loraldia-ren zuzendari artistikoak; eta Beatriz Zabalondok, Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendariak. Patxo Tellería, bilbotar aktoreak, musika ukitua eman zion aurkezpenari zenbait abestiak kantatzen.

Esposizioa Mikel Laboaren bizitza, ahots eta musikari egindako omenaldia da, bere heriotzaren 15. urtemugan. Mikel Laboa Katedrak bultzatutako beste lan batean oinarrituta dago: ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikia, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano idazleek eta Joseba Larretxe ‘Josevisky’ ilustratzaileak sortua. Komikiarekin gertatzen den bezala, erakusketa ez da ohiko biografia bat, baina Laboaren musika-espirituak, haren nortasunak eta haren umoreak gidatzen dute komikiaren irudiekin osatutako erakusketa honen istorioa.

Erakusketan ikus daitezke, besteak beste, Mikel Laboaren 3Dko aurpegia, bihotz-forma duen moztutako panel bat, beirako arasak eta idulkiak, eskulturak, kartelak, diskoak, kontzertu-sarrera, programak, edota argazkiak.

Miren Koro Campos komisarioak azaldu du: “Erakusketa atal desberdinetan banatuta dago. Atal bakoitza unibertso bezala antolatu dugu: bere bizitza pertsonala (ikasketak, lana, gaixotasunak, traumak…), atal esperimentala edo Lekeitioak, Laboak asmatutako musika-espresio berri bat eta Mikel Laboa zilbor-heste bat bezala, euskal kultura zaharra eta gaur eguneko belaunaldien bitartekari handienetako bat”.

Bestalde, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendariak adierazi du: “Euskal Herriko Unibertsitateak apustu etengabean dihardu euskara eta euskal kulturaren sustapenean, eta bere jomugan dago unibertsitateko komunitateari eta publiko orokorrari hurbiltzea gaurkoa bezalako ekimenak”. Zabalondoren ustez, “Euskal kantautorearen unibertsoan barneratzeko ibilbide ederra atondu da hemen; artistaren ibilbidea ahaztu gabe, haren izaera eta bizipen pertsonalak nabarmentzen dira”.

Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, bere aldetik, ‘elkarkidetza’ hitza azpimarratu du: “Elkarkidetza Loraldia bezalako erakunde batekin, Bizkaian Euskara eta Kultura bultzatzen eta suspertzen ari denarekin; baina elkarkidetza UPV/EHU barruan eta katedren artean ere. Izan ere erakusketa hau Mikel Laboa Katedrak bultzatu egin du. Zentzu honetan, elkarkidetza honek bide oparoa irekitzea espero dut”.

Erakusketaren inspirazio iturria

Esan bezala, Mikel Laboa Katedrak bultzatutako beste lan batean inspiratzen da erakusketa, “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikian, hain zuzen ere. Unai Iturriagarena eta Harkaitz Canorena da gidoia, eta Joseba Larratxe "Josevisky"k egin ditu irudiak. Liburuak 2023ko Euskadi Sariaren irabazlea Literatura Lanaren Ilustrazioaren atalean.

Laboaren espiritua eta obra harrapatzeko, egileak Mikel Laboaren bizitzan funtsezkoak diren lekuetan “bizitzera” iritsi ziren, Lekeition esaterako. Dokumentazio eta inspirazio lan handi baten ondoren, Joseba Larratxe gai izan zen Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok idatzitako istorioa irudietan islatzeko.

Miren Koro Corralesek dioen bezala, “Eta zilbor-hestea balitz bezala, komikirako sortutako dokumentazio grafikoa: azken irudiak, zirriborroak, pose-estudioak, fakzioenak… Mikel Laboaren irudiari buruzko erakusketa “Mikel Laboa …izan liteke konstelazio, izan gabe izar…” aurkezteko oinarri gisa balio dute, haren irudira haren musikatik haratago hurbiltzeko. Mikel Laboa neuropsikiatra musikazalea izan zen, XX. mendeko euskal kultur panoramaren berritzaile handienetakoa, artista belaunaldi berrientzako inspirazio-iturria eta bere kantuen bidez memoria kolektiboan presente dagoen artista”.

Mikel Laboa Katedra

Mikel Laboa Katedra Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren bidez eratu zen, euskal artea eta folkloreari buruzko ikerkuntza eta arte-sormena bultzatzeko, Mikel Laboaren lanaren alde ugariak abiaburutzat harturik. Katedraren jarduera-egitasmoak arreta berezia eskaintzen die musika, dantza eta bertsolaritzari.

Mikel Laboa Katedrak lankidetzan aritzen da arteen ikerketan diharduten erakunde eta pertsonekin, euskal artearen ikertzaile eta adituen nazioarteko komunitate bat gorpuzteko, hartara arte-adierazpen horiek hobeto ezagutzeko eta munduan zabaltzeko.

Mikel Laboa bera eta Mikel Laboaren obra dira sustatzen dituen ikerketa-lerroetako bat.