euskaraespañol

Mikroalgak minbiziaren aurka

Basque Microalgae Culture Collection (BMCC) bildumako organismo mikroskopikoak ikergai, minbiziaren tratamenduetan erabiltzea xede

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/02

Muestra-microalga-BMCC-UPV-EHU-colección
Mikroalgen bildumaren lagin bat. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen duen MarBiom proiektuaren kide da Basque Microalgae Culture Collection (BMCC). Proiektu horretan, bakterio eta mikroalgetatik lortutako produktuak tumoreei aurre egiteko baliagarriak diren aztertzen da. Ikerketa Aurreratuetako Mediterraneoko Institutuak (IMDEA), Zaidineko Estazio Esperimentalak, Almeriako Unibertsitateak eta Pharmamar enpresak hartzen dute parte proiektuan, eta azken horrek koordinatzen du.

MarBiomen helburu teknologikoa da mikrobioma kultibagarriaren zati bat aztertzea, tumoreen aurkako molekula berriak identifikatzeko. BMCC-k bere anduietako batzuk hautatu eta eskaintzen ditu, tumoreen aurkako jardunik duten azter dezan Pharmamar enpresak, Almeriako Unibertsitatean eskalan jarri eta masan ekoitzi ondoren. Bestalde, IMDEA eta Zaidineko Estazio Esperimentala alderdi bakteriologikoaz arduratuko dira, gehienbat bakterio estremofiloen aterakinak aztertuta.

Mikroalga espezie asko dago, eta organismo mikroskopiko horiek tumoreen aurkako ahalmen handia izan ohi dute. Hala, minbiziaren aurkako borrokan sendagai eraginkorragoak garatzeko erabiltzen dira. Mikroalgak estresatzaile fisiko eta kimikoen pean jarri, molekula jakin batzuk sintetizatzeko behar diren baldintzak topatu asmoz, eta ahalik eta substantzia kopuru handiena aztertu nahi da. Halaber, disolbagarri mota desberdinak erabiltzen dira ekoitzitako substantzia guztiak erauzteko; izan ere, horiek, osaera biokimikoa zein duten, desberdin erreakzionatzen dute disolbagarrien eraginpean.

Proiektuaren azken exekuzio urtean BMCC-ren mikroalgen aterakinak aztertu dira, gehienbat euskal kostaldeko haptofitak eta dinoflagelodunak, minbiziaren aurkako borrokan emaitza positiboak lortzeko esperantzarekin.