euskaraespañol

‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketak kartzela bisitatu du

Erakusketan parte hartzen duten taldeetako ordezkariek gaixotasunari buruzko ikerketak azaldu dizkiete Arabako Espetxean dauden pertsonei

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/20

Irudia
Barneratuen talde batek UPV/EHUko ikertzaile baten azalpenak jasotzen ditu. | Argazkia: Irekia. Eusko Jaurlaritza

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Arabako Espetxearen arteko harremana urrundik dator. 14 urte bete dira hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatzen hasi zirenetik. Denbora horretan, Arabako Campuseko hainbat sailetako eta jakintza-alorretako irakasleek parte eta konpromisoa hartu dute Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak, Letren Fakultateak, Arabako Espetxeko hezkuntza-taldeak eta Sidalava gizarte-erakundeak koordinatutako programa horretan.

Ikasturteon antolatutako jardueren artean, joan den apirilaren 18an, Arabako Espetxeko kiroldegian ‘Minbiziaren ikerketa UPV/EHUn’ erakusketa jarri zen. Erakusketa hori Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzarekin eta Arabako Campuseko Errektoreordetzarekin lankidetzan egin zen, eta Parte Hartuz ikerketa-taldearen laguntza izan du. Talde hori aditua da EAEko herritarrek parte hartzeko prozesuak eta esperientziak aholkatu eta bultzatzen.

Erakusketa horretan, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Zientzia eta Teknologia Fakultateko, Farmazia Fakultateko eta Psikologia Fakultateko ikerketa-talde batzuek hartzen dute parte. Talde horiek hainbat minbizi-motaren inguruan lan egiten dute, ikuspuntu desberdinekin.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoen espetxean egindako jardunaldia komunitate osoarentzat izan zen, bai presoentzat, bai funtzionarioentzat, hezitzaileentzat, medikuentzat eta abarrentzat.

Informazio-transferentzia

Zehazki, minbiziari buruz lan egiten duten UPV/EHUko hamabi ikerketa-talderen lana bistaratzen du erakusketak. Panel batzuez osatuta dago, ikerketa onkologikoan egindako aurrerapenak erakusten dituztenak, dimentsio anitzeko eta faktore anitzeko ikuspegitik. “Guztion ardura da gaixotasunaren progresioa geldiaraztea eta gure bizi-kalitatea hobetzea; horretarako, informatuta egon behar dugu, eta gure zientzialarien lanaren garrantziaz jabetu behar dugu”, azaldu du Guillermo Quindós Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak.

Minbiziaren Eguna zela eta, otsailean estreinatu zen erakusketa Bizkaia Aretoan. Ikerketa-talde bakoitzeko panel bat dago, eta bertan irudi eta testu errazak konbinatzen dituzten infografiak ikus daitezke, bisitariei honako hauek azaltzeko, besteak beste: bakterio magnetotaktikoak minbiziaren kontrako tratamenduan aplikatzea; tumore-zelulen ugalketa, inbasioa eta kimioterapiarekiko erresistentzia eragiten duten mekanismoak; edo ahoko, biriketako, melanomako, prostatako tumoreetako eta abarreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra eta prebentzioa.

“Diagnostiko goiztiarra eta ikuspegi eraginkorrago eta pertsonalizatuagoak lortu nahi baditugu, garrantzitsua da guztion inplikazioa. Horixe da erakusketa honen helburuetako bat, eta horregatik ekarri dugu hona”, adierazi du Nerea Jauregizarrek, UPV/EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendariak, jardueraren antolaketaren arduradunak eta jardueran parte hartu duen pertsonetako batek.

Emandako informazioa errazago ulertzeko, ‘Unibertsitateak minbiziaren aurka lan egiten du Zaballan ere’ triptikoa egin da.

Elkarreragina eta zalantzak

Espetxeko hainbat modulutako taldeek, guztira, ehun pertsona baino gehiago, erakusketa ikusten egon ziren, eta ikerketa-taldeetako ordezkariek beren lana azaldu zieten. “Oso esperientzia aberasgarria izan da, errespetu handia erakutsi dute eta beren zalantzak azalduz parte hartu dute”, esan zuten ikertzaileek.

Jorgek, presoetako batek, horrelako jarduerak eskertu zituen, bere egoeran arrisku-faktore asko daudelako. Eztarriko minbiziari buruzko panelean gelditu zen. “Gure egoeran, ahoko higienea oso garrantzitsua da arazo larriagoak saihesteko. Nik ez dut erretzen, baina tabakoaren kontsumoa handia da, eta horrek, luzera, ondorioak ekartzen ditu beti”. Unibertsitateari ere dei egiten zion, presoen hezkuntzarekiko konpromisoari eusteko eta horrelako jarduerak antolatzen jarraitzeko.

Beste preso bati, Jorgeri (kasualitatez izen berekoa), esperientzia oso interesgarria iruditu zitzaion. “Horrelako jarduera gehiago antolatu behar dira kanpotik zer gertatzen den bertatik bertara ezagutzeko. Hala, irteten garenean, ez gara errealitatearekin aztoratuko”, azaldu zuen.

“Oso esperientzia atsegina izan da —Montserrat Morenok, espetxeko hezkuntza-tadekoak adierazi zuen—. Urte asko daramatzagu jarduerak antolatzen, eta beharrezkoa da denboran irautea”.

Ibilbide luzeko programa

“Unibertsitateak gizartea garatzen laguntzeko konpromisoari erantzuten dio programa honek, sektore arteko eta diziplina arteko erantzunak emateko konpromisoari. Gure helburua da hainbat jakintza-arlotako irakasleak inplikatzea, eta, kasu honetan, Sidalavarekin lankidetzan, gizarte-eragile eta administrazioarekin tarteko gisa, presoek beren ingurunearekin loturak izateko eta kultura eta jakintzara iristeko duten eskubideari erantzuteko”, azaldu du María del Mar Lledók, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakasleak, Parte Hartuz ikerketa-taldeko kideak eta Arabako Espetxean egindako hitzaldien programako koordinatzaileak.

Hamalau urte hauetan zehar, 6 eta 9 hitzaldi antolatu dira urtero espetxeko Areto Nagusian. Arabako Campuseko sei fakultate eta eskoletako 50 bat irakaslek eman dituzte hitzaldiak, eta hirurogei pertsonak, batez beste, hartu dute parte, batzuetan100 lagun egon badira ere.

Harresi barneko programaz gain, urtero bisita egiten dute Arabako Campusera. Espetxeko irakasleek, Sidalavako kideek eta 20-25 presok campusean egiten dute ibilbide bat, eta Gizarte Langintzako ikasleekin esperientziak eta ezagutzak partekatzen dituzte fakultateko ikasgeletan. Jardunaldi horretan, Gasteizera bisita kultural eta gidatua ere egiten da. Bertan, Artearen Historiako ikasleek hartzen dute parte, María Jesús Pacho Letren Fakultateko irakasle eta dekanordearen zuzendaritzapean. “Jarduera hau formula bat da ez ahazteko unibertsitate publiko batek behartsuenen zerbitzura egon behar duela eta ideia hori partekatua izan behar duela”, erantsi du Amaia Inza Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoak.

“’Minbiziaren aurka, UPV/EHU Zaballan ere bai’ erakusketak ateak irekitzen dizkie UPV/EHU espetxean egiten ari den programaren barruan jarduerak antolatzeko aukera eta esperientzia berriei”, nabarmendu du María Jesús Pachok.