euskaraespañol

UPV/EHUk eta Musikenek lankidetza hitzarmena sinatu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/31

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak (Musikene) oinarrizko lankidetza hitzarmena sinatu dute elkarrekin antolatzeko hedakuntza, prestakuntza eta ikerketa jarduerak, bide emango dutenak euskal gizartearen kultura, arte, unibertsitate eta ikerketa gaitasuna sustatzeko.<0} Hitzarmen hau sinatu dute Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenak barne hartzen ditu, besteak beste, honako ekintza hauek: erakunde bien kultur programazioa koordinatu eta bateratzea; musika eta kultur sormenaren diziplinen eremuan egindako lankidetza sustatzea; eta lankidetza programak ezartzea azterlan eta ikerlan akademikoak egiteko hezkuntzarako lankidetza programen barruan (borondatezko praktikak), gradu amaierako eta master amaierako lanen barruan, eta doktorego tesien barruan.  Hitzarmen honen beste helburu bat da erakunde biek lankidetzan jardutea korurako euskal musika bultzatzeko, Musicampus lehiaketa garatzeko, eta formatu txiki eta handiko kontzertu espezifikoak antolatzeko UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean.

Bestalde, hitzarmen honi esker Musikeneko Mediatekara sarbidea emango zaie irakasleei eta musikaren arloko ikerketak egiten ari diren UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko master eta doktoregoko ikasleei; eta, era berean, Musikeneko irakasleek campus horretako Bibliotekara sarbidea izango dute.  Horrez gain, Musikenek ikasketa amaerako eta master amaierako zenbait lan gorde ahal izango ditu ADDIn, Euskal Herriko Unibertsitatearen gordailu digitalean, eta ikerketako artikuluak eskatu ahal izango ditu Gipuzkoako Campuseko Dokumentazio Zerbitzuaren bidez.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Agustín Erkiziak, oso positibotzat jo du akordioa: “Izan ere, berari esker balioa emango diegu bi erakundeek elkarrekin egiten ditugun jarduerei. Beste alde batetik, hitzarmen hau lankidetza marko egokia da oro har, kulturaren eta, zehazki, musikaren garapenean lagunduko duten ekimenak bultzatzeko. UPV/EHUtik eskerrak eman nahi dizkiogu Musikeneri akordioa erdiesteko prozesu osoan erakutsi duen interesagatik eta eskuzabaltasunagatik”.

Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoa, Miren Iñarga, bestalde, pozik agertu da hitzarmena sinatu delako eta horrek “aukera emango digulako era askotako arlo akademikoen artean lankidetza bultzatzeko eta musika barne hartzen duten diziplina arteko unibertsitate proiektuak sortu eta garatzeko. Hitzarmenak, gainera, musika ikerketako proiektuak egitea bultzatzen du, oraindik artearen arloan hain eskasak eta beharrezkoak diren horiek, hain zuzen. Musikenetik eskerrak eman nahi dizkiogu UPV/EHUri hitzarmen hau gauzatzeko erakutsi duen borondateagatik eta elkarrekin egindako lanagatik. Hitzarmena aberasgarria izango da bi erakundeentzat eta, dudarik gabe, aukera emango digu elkarrekin proiektu berri eta zoragarriak abian jartzeko”.