2015/16 ikasturtean UPV/HUk iazko plaza kopuru bera eskainiko du graduetan

2015eko aurrekontuak onartu dira: guztira, 396.5 milioi euro

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/12

Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) dio graduko ikasketetarako plaza muga ezarri behar dela. UPV/EHUk onartu ditu, gaur, Bizkaia Aretoan Gobernu Kontseiluak egindako bileran, graduetako sarrera mugak 2015/16 ikasturterako. Mugak ia iazko berak dira, aldaketa bakarra Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolakoa baita: datorren ikasturtean 120 plaza eskainiko ditu; iaz, aldiz, 132.
Horrela, 2015/16 ikasturtean, guztira, 8.614 plaza eskainiko dira hiru campusetan banatuta ematen diren 87 titulazioetan. 2014/15 ikasturtean plazen %97 bete zen. Plaza horiei, baina, beste 230 plaza gehitu behar zaizkie, hain zuzen ere, UPV/EHUko ikastegi atxikietan eskainiak (Arabako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolan eta Elgoibarko Txandakako Ingeniaritza Eskolan).

Gobernu Kontseiluak onartutako plaza mugei oniritzia eman behar die orain Eusko Jaurlaritzak eta, ondoren, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorrera bidali behar ditu jaurlaritzak.

Amaya Zarraga Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearen iritziz, 2015/16 ikasturterako iazko ia plaza kopuru bera eskainita graduko ikasketetan, unibertsitateak aurre egin ahal izango dio euskal gizarteak goi mailako ikasketen arloan daukan eskariari, kalterik egin gabe irakaskuntzaren kalitateari eta bikaintasunari, hori ezinbestekoa izanik.

2015eko aurrekontuak onartuta

Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluan 2015eko Aurrekontu Proiektua onartu da (29 boto alde, 6 kontra eta 4 abstentzio). Aurtengo aurrekontuak 396.557.681 €-koak dira, eta iazkoak, berriz, 395. 537. 569 €-koak. Beraz, iazko aurrekontuekin alderatuta, % 0,26ko igoera dago.

Aurrekontuen Aurreproiektua joan den otsaileko Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen, eta, ondoren, zuzenketak aurkezteko epea egon da. Guztira, 12 aurkeztu dira, eta horietatik 3 ez dira onartu, 5 ezetsi egin dira eta 4 onartu egin dira. Orain, behi betiko proiektua behin onartuta, Gizarte Kontseilura bidaliko da, organo horrek onartu eta aurrekontu proiektu izandakoa Euskal Herriko Unibertsitatearen 2015eko Aurrekontu bilakatu dadin.

EHUNDU programa

Gaur Gobernu Kontseiluak onartutako beste gai bat EHUNDU programaren (graduen curriculuma garatzen laguntzeko programaren) bosgarren edizioa izan da. Programa honen bidez laguntza ematen zaie ikastegiei IKD irakaskuntza-ikaskuntza eredua ezar dezaten: UPV/EHUren beraren eredua, lankidetzan oinarritutako ikasketa dinamikoa bultzatzen duena ikaslea bera izanik prozesuaren ardatz.  Deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua dauka eta 2015eko abendura arte egongo da indarrean.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa