euskaraespañol

Brian L. Bayne irakaslea, Honoris Causa doktore izendatua

Britainiar irakasle eta ikertzailearen lanak oihartzun zabala izan du mundu osoan, itsas organismoen fisiologia eta ekologiari lotutako gaietan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/24

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Brian L. Bayne irakaslea Honoris Causa doktore izendatzeko ekitaldia egin du gaur ostiralean, apirilak 24. Unibertsitateko Areto Nagusian egin den ekitaldiaren buru errektore Iñaki Goirizelaia izan da, eta ekitaldian Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ere parte hartu du.

Honoris Causa doktore titulu hori izendatzeko erabakia UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen 2014ko irailaren 29ko bileran. Brian L. Bayneren aitabitxia Enrique Navarro UPV/EHUko katedraduna izan da. Zientzia eta Teknologia Fakultatearen babespean, ekimena bultzatu dute Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia eta Zoologia eta Zelulen Biologia sailek. Ekimenaren sustatzaileek, bikaintasuna ezaugarri izan duen irakaslearen ibilbide akademiko eta zientifikoa azpimarratu dute.

Errektoreak Honoris Causa doktore izendapenaren akta sinatu ondoren, Brian L. Baynek, ohiturari jarraituz, zuhaitz bat landatu du, Honoris Causa doktoreen Pasealekuan, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuan. Ondoren, ekitaldi nagusia egin da eta, bertan, UPV/EHUko errektoreak titulua eta erramu birreta eman dio.

Brian L. Bayne

Brian L. Bayne britainiar irakasle eta ikertzaile bikainaren lanak oihartzun zabala izan du mundu osoan azken 40 urteetan, itsas organismoen fisiologia eta ekologiari lotutako gaietan, zehazki. 150 lan zientifiko argitaratu ditu, haren arlo zientifikoko aldizkari ospetsuenetan argitaratutako ikerketa artikuluak nagusiki, eta funtsezko ekarpenak egin ditu ere Nature aldizkari ospetsua bezalako hedabide generalistetan. Gainera, hedapen zabala izan duten liburuak idatzi eta editatu ditu, eta haren lanak komunitate zientifikoan duen inpaktuari dagokion H indizea 60tik gorakoa da.

Bayne irakaslearen curriculumaren alderdi nabarmenetako bat kudeaketa lanerako duen gaitasuna da, eta itsas ikerkuntzari lotutako Erresuma Batuko erakunde garrantzitsuenetan aritu da arduradun lanetan. Lankidetzarako duen prestasuna funtsezkoa izan da UPV/EHUko ikertzaileekin egin dituen harremanetarako, eta ekarpen handia egin dio ere gure unibertsitatearen ikerketa lerro batzuen garapenari. Nabarmentzekoa da Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia Saileko "Molusku bibalbioen fisiologia energetikoa" ikerketa taldearekin duen harremana.

Itsas kutsaduraren arloan egin dituen lan zientifikoek eta bere institutuan arazo hauek aztertzeko diziplina anitzeko nazioarteko talde bat eratzeak aukera ugari sortu dituzte UPV/EHUko taldeen prestakuntza eta lankidetzarako, bereziki Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko "Zelulen Biologia ingurumen toxikologian" taldearentzat.

"Pribilegiatua eta ohoratua"

Bere hitzaldian, Bayne "pribilegiatua eta ohoratua" agertu da izendapenagatik. Bere lanari dagokionez, Bayneren esanetan "jendeak galdetzen didanean ‘Zertan egiten duzu lan?', itsas biologoa naizela erantzuten dut normalean. Eta egia da. Itsas zientzien arloarekin zerikusia duten ikerketetan eta kudeaketan murgilduta igaro dut nire bizitza profesionala. Baina nire ikerketa lanak, batez ere, itsas biologiaren arlo batera zuzenduta egon dira, itsas animalien ‘ekologia fisiologikora' hain zuzen. Eta ekologo fisiologiko bat oso interesatuta dago zelan bizitze, hazten eta ugaltzen diren animaliak eta landareak".

Zeremonia berean, 2014an tesia UPV/EHUn irakurri duten 479 doktore berriak ere izendatu dira. Iaz irakurritako tesietatik, 147 Zientzia Esperimentalen ezagutza-arlokoak izan dira, 106 Gizarte eta Zuzenbide Zientzietakoak; 87 Ingeniaritza eta Teknologiakoak; 74 Osasun Zientzietakoak eta 65 Arte eta Humanitatekoak. Horietatik guztietatik, 174 nazioartekoak izan dira eta 43 euskaraz aurkeztutakoak. Halaber, 2011/12ko doktoregoko 34 sari bereziak ere eman dira ekitaldi honetan.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak bere hitzaldian doktoregoak arlo akademikoan eta sozialean duen balioa azpimarratu du. "Doktoregoa eta Honoris Causa doktorea karrera akademikoaren mutur biak bezala ikusi daitezke", adierazi du. "Esanahi berezia dauka gure unibertsitateak, oraingoan, oinarrizko harremana duten ekitaldi bi ekitaldi berean elkartu izana: doktoregoa, gradu akademiko gorena, bai ikerketa karrera baten hasieran zein karrera hori luzea eta aintzatetsia denean".

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa