euskaraespañol

Aitor Ruiz de Eginoren lanak Carlos Santamaría Zentroan ikusgai

Aluminiozko hogei bat eskultura erakusten dira: "natura eta gizadia irudikatzen dituzte era misteriotsu, poetiko eta industrialean"

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/27

ADARAMU 50 x 23 x 25 cm
ADARAMU 50 x 23 x 25 cm

Aitor Ruiz de Egino eskultoreak (Hernani, 1971) aluminiozko hogei bat eskultura jarri ditu ikusgai UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian. Erakusketa denentzat egongo da irekita maiatzaren 28ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:30era.

Aitor Ruiz de Eginok Adarra mendiaren magalean (Hernani) du "Zirkizulo" tailerra; erromatarren garaitik metalaren kulturari oso lotutako herria da Hernani. Haurtzarotik bertatik, Adarra mendiaren inguru naturalaz elikatu da, eta, hala, oso kosmogonia pertsonala sortu du.

Estetika hori adierazteko, Ruiz de Eginok nagusiki aluminioa erabiltzen du eskulturak eta pinturak egiteko. Egilearen iritziz, "metal argia da, arina, leuna eta beroa, adierazi nahi dudan horretara ezin hobeto egokitzen dena". Aitorrek, bere barneko mundutik, bizia ematen die bere lanei, eta formekin jolasten saiatzen da, "natura eta gizadia era misteriotsu, poetiko eta industrialean irudikatzeko".

Halaber, artistak "Kerkus" eskultura egin du; UPV/EHUko Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan dago, ikastegiaren mendeurrenaren oroigarri gisa.

*Aitor Ruiz de Egino obraren inguruko bideoak:
https://www.youtube.com/watch?v=2LVvLLZeSow
https://www.youtube.com/watch?v=tepmRHRnqEs