euskaraespañol

Edoskitzeak babestu egiten du ingurumenaren kutsaduratik

UPV/EHUren ikerketa batek aztertu egiten ditu PM2.5 eta NO2 partikula kutsatzaileek emakume haurdunetan eta beren ondorengoetan duten eragina

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/20

Aitana Lertxundi
Aitana Lertxundi

Ibilgailu ugariko trafikoa duen edo siderurgiatik hur dagoen hiri batean bizitzeak ingurumenaren bi kutsadura foku indartsuren artean bizitzea dakar. Alabaina, UPV/EHUko ikertzaile Aitana Lertxundik egindako azterlan batek adierazten du PM2.5aren eta nitrogeno dioxidoaren (NO2) partikula kutsatzaileen eragin kaltegarria desagertu egiten dela amaren esnearekin elikatutako jaioberrien artean, bizitzako lehenengo lau hilabeteetan. Ikerketaren emaitzen arabera, edoskitzea babesgarri da atmosferaren bi kutsatzaile horien aurrean.

Aitana Lertxundi INma ("Infancia y Medio Ambiente") programaren esparruan egiten ari da bere ikerlana. Jesús Ibarluzea (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila) da zuzendaria. Helburua da ebaluatzea osasunari nola eragiten dion haurdunaldian ingurumen kutsaduraren eraginpean egoteak. Halaber, dietak haurtzaroko garapen fisikoan eta neuro-jarrerarenean duen eragina ere aztergai da. Lertxundiren azterlanak ikertu egiten du zer-nolako eragina duen PM2.5 eta NO2 atmosfera kutsatzaileen aurreko esposizioak garapen motorrean eta mentalean, bizitzako lehen urteetan.

Lehenengo aldia da denboran hainbeste luzatutako ebaluazioa egiten dela (2006an hasi zen), eta garrantzitsua eta berria da honako hauen eraginaren ikerketan: partikula kutsatzaileek (PM2.5) ahalmen motorrean duen eragina eta nitrogeno dioxidoak (NO2) garapen mentalean duen eragina, jaio aurreko fasetik jaioberriak 15 hilabete betetzen dituen arte. "Fetuaren fasean, nerbio sistema nagusia eratzen ari da eta ez du detoxifikazio mekanismo nahikorik metatzen diren toxinak desagerrarazteko" esan du Aitana Lertxundik.

PM2.5 partikulek 2.5 mikratik beherako tamaina dute; hots, ile bat baino lau aldiz meheagoak dira, eta airean daude. Hain txikiak direnez, erraz sartzen dira gorputzean, eta oso pisu gutxi dutenez, arazorik gabe hedatzen dira airetik eta hasierako igortze fokutik urruntzen dira. Partikula neurotoxiko horien osaera eremuko igorpen iturrien araberakoa da. INMA Gipuzkoaren ikerketa eremuan partikula neurotoxiko asko daude. Berunak, artsenikoak eta manganesoak osatzen dituzte, eta industria jarduerak eta trafikoak sortzen ditu. Kutsaduraren iturri nagusia trafikoa den hiri inguruetan, berriz, kontzentrazio hori txikiagoa da.

Azterlanaren emaitzek erakutsi dute alderantzizko harremana dagoela partikula kutsatzaileen esposizioaren eta jaioberrien garapen motorraren artean. Ildo horretatik, ikertzaileak hau nabarmendu du: "Indizeek erakusten dute gorabehera dagoela egoera orokorraren aldean. Ez dira kezkagarriak, baina bai esanguratsuak; izan ere, erakusten dute lotura dagoela airearen kalitatearen eta garapen motorraren artean". Datuen azterketak erakusten du, halaber, PM2.5 partikulek eta NO2ak ez dutela eragin kaltegarririk gutxienez lau hilabetez amaren esnea hartu duten jaioberrietan.

Jarraipen azterlana 2006an hasi zen, amak haurdun zeudenean, eta oraindik ere jarraitzen du, haurrek 8 urte dituztela. Orain arte, 638 emakume haurduni eta beren jaioberriei 15 hilabete zituztenean hartutako laginak aztertu dira. Goierri goieneko eta Urola erdialdeko bizilagunak dira: Gipuzkoako eremu horietan nahastu egiten dira industria jarduera (11 industria siderometalurgiko), landa giroko jarduera, egoitza eremuak eta errepide nazionala.

Egileaz

Aitana Lertxundi (Zarautz, 1980), Ingurugiroaren Zientzietan lizentziatua. Ingurugiroaren Epidemiologian doktorea, Gironako Unibertsitatean (Katalunia). UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko irakaslea. Ikertzailea Florentziako Unibertsitateko Estatistika eta Epidemiologia Sailean eta CIBER ikertzailea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean. Estatuko eta Europako ikerketa proiektuetan parte hartu du, betiere Ingurugiroaren Epidemiologiaren inguruan.

Artikuluaz

Aitana Lertxundi,  Michela Baccini, Nerea Lertxundi, Eduardo Fano,  Aritz Aranbarri, Maria Dolores Martínez, Mikel Ayerdi,  Jon Álvarez, Loreto Santa-Marina, Miren Dorronsoro, Jesus Ibarluze. "Exposure to fine particle matter, nitrogen dioxide and benzene during pregnancy and cognitive and psychomotor developments in children at 15 months of age" Environment International (2015) http://dx.doi.org/10.1016/j.envint.2015.03.007