euskaraespañol

Psikor, 25 urte hezkuntzaren inguruan ikertzen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/30

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Psikor ikertaldeak Ajuste personal y social. Investigación psicoeducativa liburua argitaratu du, eta bertan jaso da 25 urtean hezkuntzari buruzko ikerketan eginiko lana. Gainera, Alfredo Goñi Grandmontagne irakaslea omentzen du, erretiroa hartuko duen honetan.

Lana Erein argitaletxeak (Donostia) argitaratu du, eta Arantza Fernández-Zabala eta Lorena Revuelta doktoreek koordinatu dute. Bada, batik bat nerabe eta gazteek hainbat testuingurutan (familiakoan, eskolakoan, pertsonalean, kirolekoan…) izaten duten egokitzapenaren inguruko ezagutzari egin zaizkion ekarpen nagusiak nabarmentzen ditu. Esan daiteke Araban hezkuntzaren ikerketari eginiko ekarpen garrantzitsuena dela.

Liburuan bildutako azterlanek, aurreikuspen teoriko eta metodologiko arruntez gain, egokitzapen psikosoziala sustatzeko ikuspegi psikologikoa eta hezkuntza gakoen inguruko interesa biltzen dute. Egokitzapen psikosozialean zenbait faktorek eragiten dute: testuinguruari dagozkionek (familia, parekoen taldea…) eta banakako ezaugarri psikologikoei dagozkionek (autokontzeptua, inteligentzia emozionala, erresilentzia, prokrastinazioa erregulatzea, jarrerak...).

Gainera, liburuaren eranskinetan hainbat galdetegi eta hezkuntzan esku hartzeko programak jasotzen dira. Hain zuzen ere, Euskal Unibertsitate Sisteman aitorpena lortu duen Psikor ikertalde finkatuak sortu ditu. Liburuan 19 pertsonaren ekarpenak bildu dira: guztiak dira UPV/EHUko irakasleak, eta gehienak Arabako Campusekoak; zehatzago, Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolakoak.

Obraren aurkezpenean izan ziren Arabako Campuseko errektoreorde Javier Garaizar eta Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendari Elena Agirre, eta lanak Alfredo Goñi Grandmontagne irakaslea omentzen du, erretiroa hartuko duela eta. Alfredo Goñi Araian (Araba) jaio zen, eta ibilbide luzea egin du Euskal Herriko Unibertsitatean azken 38 urteotan. Oso pertsona garrantzitsua izan da ikerketa psikoedukatiboa bultzatzeko lanean.

 

Argazkia: UPV/EHU