euskaraespañol

UPV/EHU, euskararen unibertsitatea

200.000 eskola ordu baino gehiago eskaintzen dira euskaraz Euskal Herriko Unibertsitatean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/30

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) euskararen alde egiten ari den lana bere fruituak ematen ari da urtez urte. Aurten, 2015-2016 ikasturte honetan, UPV/EHUn eskaintzen diren gradu ezberdinetako lehenengo mailan matrikulatu diren ikasleen erdiak, 4.151 ikaslek, euskara hautatu du ikasteko hizkuntza gisa. Izan ere, gaur egun, Unibertsitateko irakasgaien %92 (3.115 irakasgai) euskaraz eskaintzen dira, hau da, guztira, 200.000 eskola ordu baino gehiago urtero.

Jon Zarate UPV/EHUko euskararen arloko errektoreordeak adierazi duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatea euskararen unibertsitatea dela esateko, hamaika arrazoi baino gehiago daude. Irakasle, ikasle eta langileen datu hotzez gain, argitalpen edo ikerketaz gain, euskara unibertsitatearen erdigunean dago; gero eta espazio handiagoak eta berriagoak irabaziz. Neurozientziatik psikologiara edo kimikatik zuzenbide arlora euskararen esparrua egunero zabaltzen eta indartzen ari baikara".

Beste datu adierazgarri batzuei dagozkienez, UPV/EHUn arduraldi osora kontratatuta dauden irakasle eta ikertzaileen %53,48 elebidunak dira, 2010ean baino 10 puntu handiagoa. Hau da, gaur egun 1.773 irakasle eta ikertzaile elebidun daude UPV/EHUn, duela bost urte baino 309 gehiago. Ildo beretik, arduraldi osora kontratatuta dauden irakasle eta ikertzaile elebidunen %80 doktorea da.

Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokionez, langileen hiru laurdenak euskarazko hizkuntza eskakizunen bat egiaztatua du, eta horietatik %35ak EGA baino maila altuagoa du.

Euskaraz egindako tesien kopurua ere, urterik urte, gorantz doa. 2010ean 25 izan ziren euskaraz egindako tesiak, eta 2014an, berriz, 43. Urte horretan, 2014an, UPV/EHUko ikertzaileek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituzte euskaraz.

Euskal Herriko Unibertsitatea "euskararen unibertsitatea" dela esateko beste arrazoi bat da, UPV/EHU dela Euskal Herriko lehen erakundea euskarazko argitalpen zientifikoetan. Hain zuzen, 2014. urtean euskara hutsean egindako 79 liburu eta aldizkari argitaratu zituen UPV/EHUk. Nabarmentzekoa da, baita ere, Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuan argitaratzen diren liburuen %43,4 euskarazkoak direla.

Hamaika ekimen Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat ekimen antolatu dira UPV/EHUko hiru Campusetan. Astelehenean hasita, jai-giroa nagusituko da hiru lurraldeko ikastegietan antolatu diren hitzaldi, eztabaida, musika saio, bertsolari, lehiaketa, tailer, zine emanaldi eta abarrekin.