euskaraespañol

UPV/EHUko ikerketa batek IV. Julio Saez Saria irabazi du

Robert Ugalde eta Joseba Iñaki de la Peña ekonomiako irakasleek jaso dute saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/22

Irudia

Robert Ugalde Zabala eta Joseba Iñaki de la Peña Esteban UPV/EHUko Finantza Ekonomia I Saileko irakasleek arriskuen kudeaketei buruzko ikerketa monografikoen IV. Julio Saez Nazioarteko Saria irabazi dute. Hain zuzen ere, atunontzi-izozkailuen enpresetako arriskuen kudeaketa aztertzen duen ‘Modelo de gestión integral de riesgos para el sector atunero' liburuagatik irabazi dute.


Saria, Arriskuen eta Aseguruen Kudeaketaren Espainiako Elkarteak (AGERS) ematen du, El Corte Inglésko aseguruen zentroak babestuta. Sari banaketa ekitaldia iragan asteazkena ospatu zen, Madrilgo Lázaro Galdiano Museoan.Saritutako liburua salgai dago dagoeneko, eta doan ere eskuratu daiteke ikerketa finantzatu duen Mapfre Fundazioaren webgunean.

Ikerketa lan honetan atunontzi-izoztaileetan gerta daitezkeen 26 arrisku zenbatzen dira eta horiei aurre egiteko tresnak ere aztertzen dira. Lau ataletan dago egituratuta lana. Lehen atalean, atunontzi-izoztaileen sektorearen deskribapena egiten da. Bigarrenean, arriskua eta arriskuen kudeaketa zer diren deskribatzen da, eta arriskuen kudeaketarako estandar ezagunenak azaltzen dira.

Hirugarren atalak, enpresa batek sufritu ditzakeen arriskuen sailkapen orokor bat egiten du. Eta laugarren eta azken atalean, aurretik azaldutako arriskuei aurre egiteko dauden neurri ezberdinak erakusten dira.

Robert Ugaldek adierazi duenez, "arrantza bezalako sektore batean, eta batez ere atunontzi-izoztaileen sektorean, arriskuen kudeaketa egokiak onura handiak ditu enpresentzako. Eta ez bakarrik sektore honetakoentzako, aztertzen ditugun arriskuak estrapolatu egin daitezkeelako ia-ia edozein sektoreko enpresetara, arriskuak eta hauei aurre egiteko erantzunak oso antzekoak baitira".