euskaraespañol

UPV/EHUko ikastegien egitura berria errealitate bat da jadanik

Euskal Herriko unibertsitate publikoak 20 ikastegi izango ditu, ikasketen eskaintzari bere osotasunean eutsiz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/04

Irudia

Gobernu Kontseiluak ikastegien oinarrizko arautegiari buruz hartutako erabakia gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Euskal Herriko Unibertsitateak amaitu egin du bere historian izandako aldaketarik garrantzitsuena. Izan ere, hiru campusetan zituen 32 ikastegiak 20 ikastegi berritan (fakultateak eta eskolak) bildu ditu, antolakuntzaren egitura nabarmen erraztuta eta unibertsitate kudeaketaren eredua optimizatuta. Azpimarratu behar dugu ikastegien berrantolaketa horrek ez duela eragin unibertsitateko ikasketen eskaintzan, bere horretan iraungo baitu bai ikasketen bai lurraldeen hedapenari dagokionez.

Aipatutako berrantolaketak 2014ko maiatzean hasitako prozesu batean du abiapuntu, orduantxe eman baitzuen Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak unibertsitateko Gobernu Kontseiluan, ikastegi bakoitzeko goreneko agintariarekin bildu ondoren,  prozesuaren hastapenaren berri.

Hasierako proposamenaren gainean eztabaidatu eta hausnartu zuten unibertsitateko kideek, betiere honako helburuak gogoan izanik: ikastegien lehiakortasuna eta ikusgarritasuna barrura zein nazioartekora begira hobetu, irakasle guztiak ikerlanera sartzea ahalbidetu, ikastegien kanporako proiekzioari bultzada berria eman, irakats jarduera pizgarrien politika egoki bat erabiliz hobetu, eta beste unibertsitateekiko eta gure inguruneko sare sozioekonomikoarekiko  harremanak areagotu.

Garapenerako prozesu horrek uneoro aintzat hartu zituen campus anitzeko eredua, indarreko arauak eta ikastegiak biltzerakoan hainbat jakintza arlo kontuan hartzeko irizpidea: zientzia esperimentalak, osasun zientziak, ingeniaritza eta arkitektura, arteak eta giza zientziak; ekonomi, lege eta gizarte zientziak, eta hezkuntza.

Euskal Herriko Unibertsitatean Master eta Doktorego Eskola ez ezik, beste 31 fakultate eta eskola zeuden: 13 Bizkaian, 11 Gipuzkoan eta 7 Araban. Egun, prozesua bukaturik dagoelarik, UPV/EHUk baditu 20 ikastegi, eta campus anitzeko ereduari ere eusten dio. Gobernu Kontseiluak 2015eko otsailaren 5ean onartu zituen prozesu honetan sortutako ikastegi berrien izenak.

Bilboko Ingeniaritza Eskola. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Nautika eta Itsasontzi-Makineria Goi Eskola Teknikoa, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa.

Hezkuntza eta Kirol Fakultatea. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea eta Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskola.

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Lan Harremanen Unibertsitate Eskola eta Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola.

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola eta Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea. Ondokoak batzearen ondorioz sortu da: Medikuntza eta Odontologia Fakultatea, Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskola eta Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola.

Sortutako ikastegi berriez gainera, lehendik ditugun beste hauek ere gehitu behar dira: Bizkaian, Zientzia eta Teknologia, Arte Ederrak, Irakasleena, Gizarte eta Komunikazio Zientziak; Gipuzkoan, Kimika, Psikologia, Arkitektura, Informatika eta Zuzenbidea; Araban, Letrak, Farmazia eta Ingeniaritza. Horiek eta Master eta Doktorego Eskola batuta, hogei ikastegi, guztira.

Iñaki Goirizelaia errektoreak adierazi duenez, "hauxe dugu UPV/EHUk bere historian izandako transformazio sakonetako bat, eta, zalantzarik gabe, anbizio handienekoa. Prozesu hau duela ia bi urte abiarazi eta guztiz gauzatzea lortu dugu unibertsitateko sektore guztien, batez ere ikastegien, kontsentsua eta parte hartzea bilatuta. Prozesuaren hasieran adierazi genuenez, UPV/EHUk 300.000 profesional baino gehiago prestatu ditu, eta gure unibertsitatea Euskal Herrian ikerketa jarduera handieneko zientzi eragile bilakatu da, baina orduan eta orain ere diogun bezalaxe, ezin gara konformismoan jausi. Ikastegien egitura berrantolatu dugu euskal gizartearen beharrei erantzu nahi diegulako eta egun globala den goi mailako hezkuntza eremu batean lehiatu behar dugulako. Orain hobeto gaude aipatutako helburuak lortzeko, ikastegi horietako bakoitzaren tradizioak eta historia bildu baititzakegu, betiere horien eta unibertsitatearen beraren nortasunari uko egin gabe".