euskaraespañol

Joaquín Gorrochategui, RAEko kide urgazle

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/14

Irudia

Espainiako Errege Akademiak, abenduan egindako bileran, hogeita lau kide urgazle espainiar izendatu zituen. Kide berri horiek lehendik zeuden beste hogeita hiruri batu zaizkie; horien artean dago Joaquín Gorrochategui katedraduna, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakaslea.

Kide urgazlearen kategoria 1859ko estatutuen bidez formalizatu zen; gaztelaniarekin edo Espainiako literaturarekin loturiko gaiei buruzko ikerketak, azterlanak eta argitalpenak egin dituzten pertsonak aitortzen ditu.

Joaquín Gorrochateguik Filologia Klasikoko lizentzia eta doktoregoa lortu zituen Salamancako Unibertsitatean, doktorego tesia Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean egin zuen akitanieraren inguruan eta, ondoren, hizkuntzalaritza zeltikoaren inguruko graduondokoa ikasi zuen Bonneko Unibertsitatean, K.H. Schmidten zuzendaritzapean. Gaur egun, Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna da UPV/EHUn. Ikertzaile lanak egin ditu Galesko Unibertsitatean (Aberystwyth), Bordeleko Unibertsitateko Ausonius Institutuan eta Erromako Tor Vergata Unibertsitatean, eta irakasle gonbidatu aritu da Université de la Sorbonneko École Pratique eskolan. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa eta Euskaltzaindiko kide urgazlea da.

Veleia aldizkariko editore izan da 27 urtez (1985-2012), eta bere espezialitateko zenbait aldezkaritako argitalpen batzordeko kide. Egun ‘Hesperia' Hizkuntza eta Epigrafia Paleohispaniarren Datu Bankuaren koordinatzailea da; banku horren helburua da Interneten modu askean argitaratzea eta zabaltzea Erroma aurreko Hispaniari buruzko ikerketaren aurrerabideak (http://hesperia.ucm.es/).

Hizkuntzalaritza Historikoaren arloan, Antzinaroan Mendebaldeko Europan zer hizkuntza zeuden argitu eta ulertu nahian aritu da batez ere, datu linguistiko primarioak eta datu historikoak batuz. Gaur egun, autoritate bat da iberiar penintsulako erroma aurreko hizkuntzen arloan eta, bereziki, euskararen antzinako faseei dagokienean, hainbat argitalpen kaleratu dituelarik.

 

Argazkia: UPV/EHU