euskaraespañol

Donostia 2016 hasi da, UPV/EHUn ere

Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du Donostiak Europako Kultur Hiriburutza ospatzeko prestatu dituen inaugurazio ekitaldiekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/19

Irudia
José Ignacio Díaz de Rábago, Babelgo liburutegia XII instalazioaren aurrean

UPV/EHUk bat egin du gaur Donostiak Europako Kultur Hiriburutza ospatzeko prestatu dituen inaugurazio ekitaldiekin. Izan ere, eguerdion aurkeztu da José Ignacio Díaz de Rábagoren Babelgo liburutegia XII erakusketa, eta urte osoan zehar egongo da ikusgai Carlos Santamaria Zentroan.

Babelgo liburutegia ipuin bat da; bertan, Jorge Luis Borgesek betiereko liburutegi batez osatutako unibertso baten inguruko gogoeta egiten du. Liburutegi hori gizakia sortu aurrekoa da, eta liburu guztiak ditu, nahierara ordenatuak. José Ignacio Díaz de Rábagoren instalazioak beste funtzio bat eman die liburuei, ordea: eraikuntzarako material bihurtu ditu. Hala, liburuok berez ez dagokien leku batez jabetu dira. Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasleek lagundu dute instalazioaren muntaian.

Erakusketa hau da DSS2016 proiektuaren barruan UPV/EHUk prestatu duen lehen ekitaldia. Hain zuzen ere, programazioaren hiru ardatz nagusietan (Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsen Itsasargia) hainbat aktibitate burutuko ditu. Zehat- mehatz hauek dira:

BAKEAREN ITSASARGIA

Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikasleek Baitara Baita proiektuaren barruko ekitaldiak antolatzeko pabiloi bat diseinatu eta eraikiko dute. Proiektu hori erlijio eta kultura aniztasunari buruzkoa da, eta Donostiako Udalaren Kultur Aniztasun Sailarekin batera egin da. Antolatuko diren ekitaldien aurrekari gisa, "Erlijio aniztasuna, erronka eta aukera" jardunaldiak egin ziren iaz, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan.

Kriminologiaren Euskal Institutuak eta Euskal Biktimologia Sozietateak "Arte y creatividad como formas de encuentro restaurativo" erakusketa jarriko dute UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan, urtarrilaren 23tik 29ra bitartean. Erakusketa Energia Olatuak programaren barruan antolatu da, eta Maushaus Tailerrak lagunduta egin den tailer baten emaitza jasotzen du.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko eta Politika eta Administrazio Zientzia Saileko EMAN ikertaldeak, bestalde, abian jarri du Tirabirak/Tiras que aflojan, Bakearen Itsasargia egitasmoaren barruan; horrekin, Trantsiziotik gaur arte Euskal Herriko zenbait komunikabidetan argitaratutako umore grafikoko binetak aztertu eta hautatu nahi dituzte, hainbat eta hainbat margolari ospetsuk eginikoak (besteak beste, Zuletek, Forgesek eta Orozek). Gero, hautaturiko binetekin, erakusketa bat jarriko dute UPV/EHUko hiru campusetan, hirian (Okendo) eta Iruñeko eta Baionako unibertsitateetan, urte osoan. Horrekin batera, erakusketako binetak eta aztertutako milaka komiki zinta biltzen dituen webgune bat sortuko dute.

Halaber, UPV/EHUk (Psikologia Fakultatearen bitartez), Donostia 2016 proiektuarekin eta Gune Irekiak Gizarte Ikerkuntza Elkartearekin batera, Ehunberri: gizarte-ehun berri baterako espazioak eta elkarguneak' ikerketa proiektua abiaraziko du. Ehunberri proiektuak ekarpena egin nahi dio bakeari eta Euskadiko gizarte-ehuna berreraikitzeko lanari, horretarako, ezagutza, parte-hartzea eta elkarrizketa sustatuz. Herritarrak ahalduntzea, ezagutzak partekatzeko aukerak sortzea eta bizikidetza eta etorkizun hurbila hobetzeko ideia berriak aztertzea dira proiektu honen ardatz nagusiak. Hori guztia ezinbesteko lana da zauriak itxi ahal izateko eta euskal gizartearen iragan hurbila markatu duen indarkeriaren ondorioak gainditu ahal izateko.

Bestalde, abenduaren 8an eta 10ean, Europako Hizkuntza Aniztasunari buruzko Goi Bilera egingo da Donostian. Europako Kultur Hiriburuaren Fundazioak besteak beste UPV/EHU gonbidatu du goi bilera antolatzeko batzordean parte hartzera. Hala, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoetako katedradun Jasone Cenoz irakasleak ordezkatuko du Euskal Herriko Unibertsitatea batzorde horretan.

BIZITZAREN ITSASARGIA

Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikasleak, Kontadores gazte ekintzarako zentroko kideekin batera, Argi Gerrilla diseinatzen eta egiten ari dira, Winter Solsticie Call proiektuaren harira. Bada, berrogeita hamar boluntario inguruk, potentzia handiko linternekin eta iragazki difusoreekin, hiriko eraikin eta fatxada enblematikoen argiztapena eraldatuko dute urtarrilaren 7an.

Arte Ederren Fakultateak ere esku hartuko du Donostia 2016 egitasmoan, Tabakaleran gauzatuko duen LaPublika proiektuaren bidez (Consonni ekoizpen eta argitalpen etxeak zuzendu du). Tailerrez eta biltzarrez osaturiko egitarau zabal eta askotarikoa osatu dute proiekturako, eta, horrez gain, bi lantaldek proiektuaren esparru kontzeptuala garatu eta aberastuko dute, eta urte osorako zenbait hitzaldi publiko antolatuko. Egitaraua 2016ko azken hiruhilekoan amaituko da: ikerketa laborategiaren etapak azaltzeko nazioarteko sinposio bat egingo da orduan.

AHOTSEN ITSASARGIA

Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko ikasleek, gainera, Music Box Jaialdirako zenbait agertoki diseinatu eta eraiki dituzte. Zehazki, urtarrilaren 23an, kontzertu baterako agertoki bat ipiniko dute De Bilbao plazako iturriaren gainean. Jaialdi horretako beste kontzertuetako bat urrian emango da, Gipuzkoako Campusean (Oñati plazan eta Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko terrazan).

Informatika Fakultateak, bestalde, Hirikia egitasmoaren bidez parte hartzen du DS2016 proiektuan, hainbat gai landuz: web inguruneak, kode irekia, hardware librea, eleaniztasuna, sare sozialak eta bideo jokoak, besteak beste. Proiektu bat baino gehiago jarriko dituzte martxan, tartean Ohareleanitzak, Pasaiako Albaola Museoan aldez aurretik probaturiko egitasmoa. Museoko erakusketako panelak lau hizkuntzatan daude idatzita, baina beste 20 hizkuntzatan irakurri ahal dira edozein aplikazio mugikorretan, Informatika Fakultateak garaturiko Albaola app-a instalatuz gero. Horrez gain, unibertsitate ikastegi horrek Amarapedia izeneko jarduera antolatu du maiatzaren 30erako, Olatu Talka proiektuaren barruan. Era berean, jarraipena eman nahi zaio Suediako Umeå hiriak Wikipediaren erabilera areagotzeko egin duen lanari (aurten 16 urte beteko ditu atariak), eta, hori helburu, hiriko kaleak QR kodez josiko dituzte, horien bidez bizkor eta erraz eskuratzeko entziklopedia digitaleko edukiak.

Azkenik, Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazio Graduko azken urteko ikasle batzuk, Lurdes Auzmendi irakasleak koordinatuta, curriculumez kanpoko praktikak egiten ari dira: hain zuzen ere, lau hizkuntzatara (euskarara, gaztelaniara, ingelesera eta frantsesera) ari dira itzultzen ‘Kalebegiak' diziplina anitzeko zinema proiektuaren 12 film laburren azpitituluak. Ekoizpena 2016ko irailean estreinatuko da, Donostiako Zinemaldian.

ITSASOA MIATUZ

Itsas Ingurunea eta Baliabideak Europako Erasmus Mundus Masterrak, Universidad del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), AZTI-Tecnaliak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak antolaturik, ‘Itsasoa miatuz-Oteando la mar' izeneko dibulgazio programa eskainiko du, jende orori irekia, DSS2016 programaren barruan. Hiru hitzaldi emango dira: lehena, otsailak 1ean, Maria Fernanda Sánchez Goñik (EPHE, Univ. Bordeaux) eskainiko du: ‘La mar nos cuenta la historia del clima'. Bigarren, otsailak 2an, euskaraz, Jon Saenz UPV/EHUko irakasleak emango du: ‘Eguratsa eta ozeanoa, eskutik helduta'. Eta azkenik, otsailak 4an, Mikel Becerro (CSIC, Blanes) adituak eskainiko du: ‘Oceano azul'. Hitzaldi guztiak Aquariumeko areto nagusian izango dira, 19:00etan. Hitzaldi bakoitzaren ondoren, mahai-ingurua ospatuko da.

DEIALDIAK

Donostia 2016 Fundazioak UPV/EHUko ikasleentzat zuzendutako bi deialdi abian jarri ditu: batetik, Gradu Amaierako Lanak sustatzeko eta bestetik, ikerketa-lan monografikoen eta master Amaierako lanak bultzatzeko. Bi deialdiren helburu nagusia da DSS2016ko proiektuaren baloreak eta ikerketa-lerroen ikerketa zientifikoa sustatzea.

Gradu Amaierako lanen sustapenerako deialdia

Deialdi honen bitartez, ikasleek aurkeztutako 10 lan hoberen artean ECOC bidai-poltsa bat esleituko da. Eskakizuna: Matrikulatua eta graduko azken ikasturtea egiten egotea da.

Eskariak aurkezteko epea: 2016ko apirilaren 12a arte (20:00)

Lana aurkezteko epea: 2016ko urriaren 20

Argibideak

Ikerketa-lan monografikoen eta Master Amaierako lanen sustapenerako deialdia

Deialdia honen bitartez ikasleek aurkeztutako ikerketa-lan monografikoen eta Master Amaierako Lanen hoberen artean 2.000 euroko bosna diru-laguntza esleituko da. Eskakizunak: unibertsitate-ikasketen titulatua izatea, matrikulatua eta graduondoko azken ikasturtea egiten egotea zein lanaldi osoko soldatapeko enplegua ez izatea.

Eskariak aurkezteko epea: 2016ko otsailaren 29a arte (20:00)

Lana aurkezteko epea: 2016ko urriaren 20

Argibideak

XII. Babelgo liburutegia / Biblioteca de Babel XII from UPV/EHU on Vimeo.

 

Argazkiak: UPV/EHU. Jose Ignacio Diaz de Rabago