euskaraespañol

Leire García Baztarrica eta Oihane Sánchez Duro, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak

«Reno kasinoak eta hotelak baino gehiago da; arte asko ere badauka»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/29

Irudia
Leire García Baztarrica eta Oihane Sánchez Duro

Aste pare bat baino ez zuten izan proiektua prestatzeko, baina hala ere UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak bigarren urtez deitu duen beka eskuratu zuten. Beka honekin bi ikasleri bi hilabeteko egonaldi artistiko bat egiteko aukera eskaintzen zaie Renon (Nevada, AEB), Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan. Oihane Sanchez Artean graduatua eta doktoregoko bigarren urteko ikasleak ‘Del pastoreo al casino: modificaciones en el paisaje y función simbólica' proiektuarekin eskuratu zuen beka eta Leire Garcia Baztarrica Sorkuntza eta Diseinuko Graduko ikasleak, ‘Reno Neón'-ekin. Itzuli dira jada Euskal Herrira, eta oso pozik daude bizi izan duten esperientziarekin.

Alde batetik, inguruko garapen soziokulturala; eta bestetik, establezimenduetako neoi-argiak. Reno eta bere inguruko alderdi oso ezberdin bi hartu duzue abiapuntutzat.
Oihane Sanchez Duro: Bai, ez dauka zerikusirik proiektu batek bestearekin. Nik nahi nuen, nire lanak, burutzen ari naizen tesiarekin nolabaiteko harremana izatea. Tesia, Bilboko eremu kolektiboetako praktika artistiko eta kulturalei buruzkoa da. Horregatik, arkitekturaren funtzio sinbolikoa edo hirien konfigurazioa bezalako kontzeptuak aztertzen ari naiz, eta nola horrek eragina duen inguruko testuinguru soziokulturaletan. Hau da, zein eragin izan duen euskal diasporak, zelan igaro diren artzainen nomadismotik batez ere kasinoetan eta hoteletan oinarrituta dagoen hiri baten sedentarismora. Funtzio sinbolikoaz hitz egin nahi nuen, zelan aldatzen diren arkitektura, paisaiak…
Leire Garcia Baztarrica: Eta nire proiektua, berriz, Renoko eta inguruko beste hiri batzuetako hirietako neoi-argietan oinarritu da. Lan argazkigintza dokumental arloko lana izan da, gaueko bizitza, neoi-argiak, kasinoetako giroa edota ongizate faltsu baten aurrean dagoen dekadentzia bezalako kontuetan sakondu duena. Beraz, nik esango nuke, lan bien arteko lotura kasinoak izan direla.

Zelakoa da Reno ikuspuntu artistikotik?
OSD:
Pentsatu daitekeena baino aktibitate artistiko gehiago dauka. Harrituta uzten zaituen hiria da. Uste genuen, kasinoen eta hotelen hiria baino ez zela, baina hori baino askoz gehiago da. Arte asko ere badauka. Nevadako Museoa dago eta, adibidez, Midtownen mugimendu artistiko interesgarri bat dago, erabilerarik ez duten eraikinak hartzen dituzten jendearekin, gero, hainbat talderen partaidetzarekin, jarduera kultural eta artistikoak antolatzeko. Gainera, jende askok bere etxean egiten du lan. Etxe guztiek daukate garajea, eta han muntatzen dituzte beraien tailerrak grabatuak, artisau-koadernaketak edo beste edozer egiteko edota formatu txikiko erakusketak edo galeriak sortzeko… Artista, kultur eragile eta galerista ugari ezagutu genituen eta beraien lan eta profesionalizazio dinamikak zelakoak diren azaldu ziguten.

«Will Durham, neoi-argien munduko bildumazale handienak, tour bat egin zidan Renoko karteletatik»

LGB: Arte Ederren ikasleak ere oso aktiboak dira. Proiektu asko hasten dituzte beraien kabuz eta jende asko mobilizatzea lortzen dute. Taldean egiten dute lan. Hemengo unibertsitatearekin dagoen ezberdintasuna da han ikasleak eurak arduratzen direla kudeaketaz neurri handi batean, eta horrela errazagoa da ideiak aurrera ateratzea.

Zelakoa zen zuen egun arrunt bat?
OSD: Oso ezberdinak ziren egun guztiak. Nire lana teorikoagoa zenez, ordu gehiago sartzen nituen Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan, diasporari eta euskal kulturari buruzko liburutegi oso on bat baitaukate. Baina gero, biok egin behar genituen landa-praktiketara elkarrekin joaten ahalegintzen ginen. Adibidez, elkarrekin bisitatu genituen Elko, Winnemucca edo Idaho bezalako euskal diasporako hiriak.
LGB: Eta nire proiekturako Las Vegas eta Los Angeles ere bisitatu genituen, besteak beste. Teoriari eskainitako denbora, praktikari eskainitakoarekin konpentsatzen saiatzen ginen. Baina, egia esateko, nire lana ia oso-osorik zen praktikoa, teoria hemen landu nezakeelako. Nire helburua, ahalik eta gehien produzitzea zen, gero, lanerako material ona eduki nezan. Guztira, argazkiak eta bideoak kontuan izanda, 5.000 erreferentzia baino gehiago ekarri nituen.

Erraz egin zitzaizuen hango bizitzeko erara moldatzea?
OSD: Bai, jendea oso abegikorra da. Gainera, ahalik eta aktibitate gehienetan parte hartzen saiatzen ginen. Arte Ederretako ikasleei zuzenduta Unibertsitateak antolatzen zituen lehiaketetara aurkezten ginen, hitzaldietara joaten ginen, erakusketetara eta bestelako ekitaldietara, eta mota guztietako jaietara ere gonbidatzen gintuzten.
LGB: Ondo egon zen lehiaketarena. Arte Ederretako ikasleek beraien lanak erakusteko aukera izan zezaten antolatu zuten. Guk, han burutzen ari ginen proiektuen zati bat aurkeztu genuen, baina oraindik burutu gabe zeuden… Eta azkenik ez zen atera. Ez geneukan baliabide handirik. Baina gauza hauek ondo etorri zitzaizkigun unibertsitateko giroan murgiltzeko.

Zein da ekarri duzuen altxorrik handiena?
LGB: Nik Will Durham ezagutzeko aukera izan dut. Neoi-argien munduko bildumazale handiena da, hainbat erakusketa egin ditu. Renora joan aurretik, Facebook bidez jarri nintzen harremanetan berarekin eta, behin han nengoela, hainbat aldiz izan ginen elkarrekin. Tour bat egin zidan Reno osotik hirian zehar dauden neoi-argi interesgarrienak ikusteko eta argazkiak ateratzeko. Batzuk oso politak eta interesgarriak ziren, eta beste batzuk oso zahar eta itzalita zeuden; baina hauek ziren interesgarrienak Willentzat, bere pasioa hiriko ondarea zaintzea zen eta. Esan zidan, neoi-argien munduko museorik handiena irekitzeko asmoa daukala bere bilduma partikularrarekin.
OSD: Nirea sinbolikoagoa da. Deigarria iruditu zitzaidan, Euskal Herria eta Nevadaren arteko distantzia hain handia izan arren, hainbat kontzeptu eta elementu daudela, behin eta berriz, ingurune bat bestearekin konektatzen dituztenak. Zubi oso polit bat bezalakoa da, hainbat aukera eskaintzen dituena. Eta, bestalde, handik ekarri dudan gauza garrantzitsu bat nire tesiarekin lotuta dago. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria izan zen Joseba Zulaika irakasleari nire tesiaren zuzendari-kidea izatea proposatu nion. Interesgarria iruditu zitzaion proposamena, eta orain tramiteak egiten ari gara.

Bukatuta al daude zuen proiektuak?
OSD: Bekaren memoria otsailaren erdi alderako aurkeztu behar dugu, eta ni orain nabil buru-belarri ekarritako material guztiari firma ematen. Estruktura txiki batean ari naiz lanean, argazkiak argitalpen txiki batean biltzen eta han egindako praktika eta ekintza artistikoak jasoko dituzten DVD batzuk prestatzen. Egin nituen elkarrizketa guztien transkripzioa ere egin behar dut.

«Hainbat elementuk etengabe konektatzen dituzte Euskal Herria eta Nevada»

LGB: Nire kasuan, han egindako lana nire Gradu Amaierako Lanean hezurmamituko da. Eta horretan nabil. Gainera, Arte Ederren Fakultateak erakusketa bat egiteko asmoa dauka Bizkaia Aretoan, uda aurretik, jendeak guk han egindako lanaren ondorioa ezagutzeko aukera izan dezan. Oraindik ez dut erabaki zein formatu izango erakusketa horretako duen nire atalak; ez dakit argazkia bakarrik izango den edo bideoa ere sartuko dudan edo beste zerbait. Baina seguru %80 argazkiak izango direla.

Itzuliko al zarete?
LGB: Nahiko nuke! Azken asteetan, artisten hotel bat den Burner Hoteleko arduradunek, hilabetez han geratzeko eskatu zidaten, mantenuaren truke. Gogoa neukan, baina ezinezkoa zitzaidan… Hotelaren dekorazioa aldatzen ari ziren, Burning Man festibalerako prestatzen ari zirelako. Festibal hau uda guztietan ospatzen da Nevadako desertuan, Renotik gertu. Hiri bat eraikitzen dute material birziklatuarekin eta, gero, astebete geroago, dena desegiten dute eta lehen zegoen bezala uzten dute tokia. Kontzeptu oso interesgarri bat da. Jende asko dago Renon festibal honen inguruan urte osoan zehar praktika artistikoak egiten aritzen dena. Ondo legoke udan itzultzea festibal hori bizi ahal izateko.
OSD: Niri ere gustatuko litzaidake itzultzea. Euskal Ikasketen Zentroak material bibliografiko oso interesgarria dauka. Eta gainera, han hasi nuen proiektuak jarraipena izatea nahiko nuke, ikerketa bide berriak ireki ditzala.

Etorkizunari begira, norantz doaz zuen ibilbide profesionalak?
LGB: Lehenengo gauza, Gradu Amaierako Lana bukatzea da, eta horrek lan handia emango dit. Eta hortik aurrera, argazkigintzarekin jarraitu nahiko nuke, eremu ezberdinak ukituz, argazkigintza dokumentala edota moda argazkigintza bezalakoak, adibidez. Batez ere, kontzeptu artistikoetan zentratuz.
OSD: Niri Eusko Jaurlaritzaren doktoratu aurreko beka eman berri didate, eta horrek aukera ematen dit lasaitasun pixka batekin arlo artistikoan aritzeko. Beraz, nire ahalegin guztiak praktika artistikora bideratuko ditut, bai unibertsitatearen arloan zein beste arlo batzuetan ere, esate baterako, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua dela eta sortzen ari diren aukerak aprobetxatzen saiatuz.

 

ARGAZKIAK: Leire García Baztarrica, Oihane Sánchez Duro eta Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU