euskaraespañol

Espetxea, emakume presoen maite bizitzako mugarri

'Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas' liburuak maitasunaren bi alderdi paradoxikoak lantzen ditu: gatibualdia eta askapena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/19

Irudia
Estíbaliz de Miguel Calvok UPV/EHUren I. Micaela Portilla Saria lortu zuen, feminismoari/generoari buruzko 2013ko doktorego tesi onenagatik

'Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas' liburua gizartearen eta kulturaren, ikasketa akademikoen eta eztabaida feministen bazterretan bizi diren emakumeen bizipenei buruzko lan aitzindaria da. Estíbaliz de Miguel Calvok, liburuaren egileak eta UPV/EHUko Soziologiako doktoreak, ikusgai egin ditu emakume presoak, bikoteko maitasuna aztertu du, eta espetxeko maitasun amatiarren garrantzia deskubritu du.

Azterlan feminista horrek UPV/EHUren Micaela Portilla Vitoria saria irabazi zuen, eta ikuspuntu soziologikotik jorratzen du emakume presoen bizitzako maitasuna. Hala, lanaren bidez, egiaztatu da ez dagoela "emakume espetxeratu" baten eredurik, eta hein handi batean emakumeon maitasun harremanak baldintzatzen dituzten faktore ohikoenak aztertu dira: besteak beste, egoera sozioekonomikoa, jatorria eta droga kontsumoa.

Estíbaliz de Miguel Calvok, ikerlana osatzeko, elkarrizketa sakonak egin zizkien 2008an Langraitzeko espetxeko 49 emakumeri (kartzela horri "Nanclares de La loca" deitzen diote emakume presoek eurek). Soziologoak paradoxa hau nabarmendu du bere lanean: "maitasuna, metaforikoki, ‘gatibualdia' izan daiteke askatasunean, baina ‘askapena' espetxe barruan". Alde horretatik, espetxeak abantaila bat dakarkie emakumeei: bakarrik egon eta beren bikote egoerari buruz hausnartzeko abagunea eskaintzen die.

Kartzelan, maitasuna emakumeon euskarri da, itxialdian bizirik irauten eta ondorioak neutralizatzen laguntzen baitie. "Maitasuna transgresioa izan daiteke espetxe barruan; elkartzeko eta intimitatea izateko bide ematen du, maite diren pertsonengandik bereizita eta urrun bizi behar den leku batean. Hau da, itxialdia gainditzen eta itxaropenez beteriko etorkizunari erreparatzen lagun dezake, aldi baterako baino ez bada ere", esan du De Miguel Calvok.

Soziologoak azaldu du izugarrizko erronka izan dela ikerketa espetxea bezalako gune zail batean egitea. "Kartzelako emakumeen errutinetan eta eguneroko bizimoduan barneratu gara, eta haiek espetxean bertan dituzten kezkei erreparatu diegu, bai eta beste espetxeratu batzuekin zein espetxez kanpoko jende maitearekin dituzten harremanei ere. Alabaina, ikerketa mugatuta egon da hasieratik bertatik; izan ere, espetxea ez da gunerik aproposena momentuan hausnartzeko edo errepresaliei beldurrik izan gabe hitz egiteko".

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak plazaratu du liburua, zazpi kapitulutan banatua. Lehen kapituluan, emakume presoak orain artean eginiko ikerketen ikuspuntuetatik aztertzen dira. Bigarren kapituluak emozioak eta maitasuna jorratzen ditu, gizarte eta genero desberdintasunetan oinarrituta. Hirugarrenean, Langraitzeko espetxean 2008an gauzatutako landa lana azaltzen da. Laugarren kapituluak emakume espetxeratuen bizitza du aztergai, eta bosgarrenak, berriz, maitasun esperientziak. Ondoren, seigarren kapituluan, maitasunaren bi alderdi ikusarazten eta argudiatzen dira: alde batetik, maitasuna nolabaiteko gatibualditzat jotzen da eta, bestetik, espetxealdiko askapentzat. Azkenik, zazpigarren kapituluak bost emakume espetxeraturen (Ángela, Celia, Jasmine, Rosa eta Ariadna) kontakizunak eta haien maitasunezko bizipen eta kezkak biltzen ditu.

Egileari buruz

Estíbaliz de Miguel Calvo (Barakaldo, 1974). Soziologian doktorea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik, gizarte langilea, gizarte hezitzailea, eta espetxeetako bisitaria hamar urtez. UPV/EHUren I. Micaela Portilla Saria lortu zuen, feminismoari/generoari buruzko 2013ko doktorego tesi onenagatik. Emakumeen eta espetxeen inguruan ikertzeko SinRejas proiektua zuzentzen du. Gainera, Geispe-Red Zigor Sistemaren eta Generoaren Nazioarteko Sareko kide da. Arlo hauek ikertzen ditu: bazterketa soziala eta kriminologia, genero azterlanak, eta emozioen eta maitasunaren soziologia. Azken argitalpena: Mujeres usuarias de drogas en prisión, Praxis Sociológica, 19.zk. (2015).

Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes