euskaraespañol

UPV/EHUko hiru zentro saritu dituzte ingurumenarekin duten konpromisoagatik

'Karbono gutxiko estrategia baterantz' IV. programan parte hartzeagatik saritu dituzte Bizkaia Aretoa, Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/15

Irudia
'Karbono gutxiko estrategia baterantz' programaren IV. edizioan parte hartu duten 40 enpresa eta entitateak

Bizkaia Aretoa, Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatea saritu ditu Bilboko Udalak, ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin duten konpromisoagatik. Udalak, guztira, hiriko 40 enpresa eta entitatek 'Karbono gutxiko estrategia baterantz' programaren IV. edizioan parte hartu izana saritu nahi izan du, zeinak helburu behinena berotegi-efektuaren gasen emisioa gutxitzea den.

Juan María Aburto Bilboko alkateak saria eman zien Héctor Hernando Bizkaia Aretoko Zuzendariari; Enrique Amezuari eta Javier Mazóni, hurrenez hurren, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zuzendaria eta Ebaluaketa eta Kalitaterako Zuzendariordea; eta Arturo Rodríguezi eta María Victoria Estebani, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa eta Ikasketa berrikuntza eta kalitateko dekanordea.

Kirol, hotelen, aholkularitza, irakaskuntza, eraikuntza, kultura, diseinugintza, hedabideen, osasun eta zerbitzuen  sektoreetako enpresa eta entitate batzuek neurtu dute euren karbono-aztarna, kudeaketa energetikoaren tresna eta lehiakortasun-faktore gisa.

Hala,  aztertutako aldagaiak egokitu dira enpresa eta entitate bakoitzaren ezaugarrietara; horrela, haren eraginkortasuna eta eragingarritasuna bermatzeko. Neurketan, besteak beste, hauek hartzen dira kontuan: energiaren kontsumoa klimatizaziorako, berotzeko, argikuntzarako, igogailuetarako, garraiorako,  desplazamendurako zein lehengaiak lortzeko.

Neurketak eginda ateratako ondorioek hauek azpimarratzen dituzte: kontzientziazioa, energia berriztagarrien eta ingurumena errespetatzen duten erregaien erabilera, eragingarritasun handiko ekipoak eta uraren kontsumoa gutxitzen duten sistemak jartzea eta garraioari lotutako emisioak gutxitzen dituzten produktuen alde egitea.