euskaraespañol

Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO katedra bultzatzen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/06

Irudia

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak paisaia, ondarea eta lurraldea aztertu, ikertu eta sozialki proiektatzearekin zerikusia daukaten jardueretan Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO katedra bultzatzeko hitzarmen bat sinatu dute.

Hitzarmenaren arabera, katedrak UNESCO Katedren Munduko Sarearekiko elkartrukea eta elkarlana sustatuko ditu eta prestakuntza, sentsibilizazioa eta ikerketetako eta azterlanetako emaitzen berri ematea bultzatuko du. Horrez gain, doktorego-tesiak eta graduetako eta masterretako amaierako lanak ere bultzatuko ditu.

"Eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, guri katedrari emandako laguntzarengatik. Hitzarmen berri honek laguntza hori finkatzea dakar, hitzarmen honi jarraikiz 2018ra arte luzatzen den finantzazioaren bidez (75.000 € hiru urteetako batean: 2016tik 2018ra arte). Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak gure ondare kultural, natural eta materiagabearen kudeaketa ikertu eta orientatzea du helburu. 2013an sortu zen, Agustín Azkarate irakaslearen zuzendaritzapean. Katedrak hainbat ikerketa egin, master ofiziala eta doktoretza-programak finantzatu eta erakunde publikoekin zein pribatuekin aritzen da elkarlanean, gure ondare natural eta materiagabea mantentzeko asmoz", adierazi du Goirizelaia errektoreak.

Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrako jarduerek, hitzarmen honi lotuta, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren elkarlana eta laguntza izango dute. Katedraren arduraduna jardunean dagoen EHUko irakasle bat izango da, doktorea, itzal handikoa eta EHUko errektoreak izendatuko du.

EHUk jarduerak garatzeko erabiltzen diren lokalen eta unibertsitateko azpiegituren eta zerbitzuen gastuak bere gain hartuz lagunduko du unibertsitateko jendearen elkarlanarekin garatuko den katedraren funtzionamenduan.