euskaraespañol

5.000 urte inguruko abere artegiak Araban

UPV/EHUko, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko ikertzaileak aritu dira aurkikuntza lanetan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/06

Irudia

Quaternary International aldizkariak duela 5.000 urte inguruko Arabako abere artegiei buruzko zientzia aldizkari bat kaleratu berri du. Kalkolitoko nekazari eta artzainen komunitateei buruzko lan aitzindari horretan UPV/EHUko ikertzaileek esku hartu dute, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko adituekin batera.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurre Arloko ikertzaile talde batek jendaurrean jarri ditu San Cristobaleko babeslekuan (Toloño mendilerroa, Guardia, Araba) duela gutxi egindako ikerketen emaitzak. Hala, lehen aldiz aurkeztu dituzte nekazari eta artzain komunitateek Kalkolitoaren hasieratik (duela ia 5.000 urtetik) Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako ipar-mendebalde osoko babeslekuak ardi edo ahuntzentzako artegi gisa erabiltzen zituztela erakusten duten datu enpirikoak.

UPV/EHUko taldea Javier Fernández Eraso Historiaurreko katedradunak zuzendu du, eta UPV/EHUko Historiaurre Arloak koordinaturiko diziplina arteko lankidetzaren emaitza izan da lana. Lan horretan aritu dira, halaber, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko adituak.

UPV/EHUko ikertalde horrek berak aurretik egindako azterlanen arabera, baziren Antzinako Neolitoko abere artegiak Toloño mendilerroko beste aztarnategi batzuetan, 6.000 urtetik gorakoak. Alabaina, oraingo honetan aurrenekoz baliatu dira datu geoarkeologikoak (analisi mikrosedimentologikoak) eta paleobotanikoak (fitolitoak, polena, ikatza eta haziak), inguru horretako gizataldeek babesleku horietan nola jarduten zuten ikusteko eta Kalkolitoan lurraldea antolatzeko zer estrategia eta zer funtzio ekonomiko zituzten jakiteko.

"Lan aitzindaria da hau Iberiar penintsulako nekazari eta artzain komunitateei buruzko ikerketen artean. Kalkolitoan San Cristobal okupatu zuten gizataldeek babeslekua ahuntz eta ardientzako artegi gisa erabili zutela frogatzen duten ebidentziak ditugu; ildo horretatik, egiaztatu dugu ehunka urtean erabili zituztela artegiak, baina aldi baterako soilik, Toloño mendilerroko baliabide natural aberatsak urtaro jakin batzuetan ustiatzeko. Gainera, sedimentuen azterketa mikroskopikoari esker, jakin dugu denbora tarte jakin batetik behin erre egiten zituztela pilaturiko hondakinak, gune okupatua garbitzeko seguru asko, eta ohitura zehatz batzuei jarraitzen zietela horretarako: hondakinak pilatu, eta, erre aurretik, egurra jartzen zuten gainean, su hobeto har zezaten beharbada", azaldu du Ana Polo-Díazek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak.

Bestalde, bat etorri direnez analisi mikrosedimentologikoa eta fitolitoena (landareen eskeletoa osatzen duten mineral geldikinak), abereek zer jaten zuten zehaztu ahal izan da: babeslekuaren inguruko bazkaz elikatzen ziren hein handi batean.

Hurritzak eta haritzak

Polenari buruzko datuekin, ikusi da San Cristobaleko inguru hurbilean baso bat hazten zela azterturiko garaian, eta baso horretan batik bat hurritza eta hosto erorkorreko haritza hazten zirela (erkametzak, ziurrenik). Horiez gain, artea, ezpela eta pinua ere azaldu dira.

Aztarnategian kontserbatu diren ikatz arrastoen azterketari esker, sakonkiago aztertu da nola erabiltzen zuten Toloño mendilerroko zura. Emaitzen arabera, argi eta garbi aldatu zen babeslekuaren okupazio kalkolitikoan egur materialak hautatzeko modua: faserik antzinakoenean, pinua erabiltzen zuten batez ere, eta hagina ere bai; gerora, ordea, gehiago erabili zituzten haritza, artea, errosazeoak eta ezpela, besteak beste.

Polenaren inguruko analisiak erakutsi du, halaber, bazkalekuak eta soro landuak zeudela babeslekutik nahiko gertu. Horrenbestez, garai hartan nekazaritza eta abeltzaintza lantzen zituzten bizirik irauteko, eta horregatik erabili zuten San Cristobal artegi gisa. Oraingoz ezin izan da aurkitu aire zabaleko aztarnategirik San Cristobaletik gertu, baina seguru asko existituko zen herrixkaren bat handik hurbil, urteko aldi jakin batzuetan abereekin hara eta hona ibiltzen zena mendilerroko baliabideak ustiatzeko asmoz.

San Cristobalen lortutako datuak bat datoz Toloño mendilerro inguruko eta gertuko lurraldeko aztarnategietatik ateratako informazioarekin. Horrela, egiaztatu da antzeko kultur ezaugarriak zituzten gizataldeek garai berean eta helburu berarekin erabilitako babesleku edo artegien sare baten parte zela San Cristobal. Horrez gain, jakin ahal izan da babesleku edo artegi horiek okupatu zituzten komunitateak Kalkolitoan Errioxako Arabako trikuharriak erabili zituzten berberak izan zirela ziur asko.

Erreferentzia bibliografikoa

Polo-Díaz, A., Alonso Eguíluz, M., Ruiz, M., Pérez, S., Mújika, J., Albert, R.M., Fernández Eraso, J. ‘Management of residues and natural resources at San Cristobal rock-shelter: Contribution to the characterisation of chalcolithic agropastoral groups in the Iberian Peninsula'. Quaternary International. Available online 19 May 2016. doi:10.1016/j.quaint.2016.02.013.

 

Argazkiak: Javier Fernández-Eraso y Ana Polo-Díaz. UPV/EHU.