euskaraespañol

From the records of my deepest memory

Liburuak erakusten du iturri pribatuak nola erabiltzen diren giza mugimenduen prozesuak aztertzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/13

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak, Erdi Aroaren, Aro Modernoaren eta Amerikaren Historia Saileko Óscar Álvarez Gila eta Alberto Angulo Morales irakasleen zuzendaritzapean, ‘From the records of my deepest memory. Personal sources and the study of European migration, 18th-20th centuries' liburua kaleratu du duela gutxi. Lan horrek aditu ezagunek XVIII. eta XX. mendeen arteko migrazioaren eta agiri pertsonalen arteko lotura estuen inguruan egindako zenbait ikerlan biltzen ditu.

Azkenaldian, giza mugimenduak aztertzeko interesa piztu da berriz ere (migrazio mugimenduak, erbestealdiak eta beste migrazio behartu batzuk barne), adituak mugimendu prozesu horiek gauzatu zituzten pertsonek gordetako agiri pribatuak aztertu eta baliatzen hasi baitira. Julio Caro Barojaren arrastoari jarraituz, bizi istorioak izango lirateke mugimendu esperientziak eragile historiko horien artean sortuko lituzkeen irudipenak, sentimenduak eta ideiak transmititzeko elementu nagusiak. XX. mendearen amaieran sortu zen berrikuntza historiografikoak, metodologiaren eta dokumentazioaren inguruko beste aldaketa handi batzuekin batera, gizarte eragilea edo subjektu historikoa berreskuratzeko beharra nabarmentzen zuen. Testuinguru hori lagungarri izan zaie historialariei, mugimendu eta/edo emigrazio prozesuekin loturiko fenomeno historikoak interpretatzeko ikuspegi berri eta erradikal bat proposatzeko.

Lan kolektibo hori ‘País Vasco, Europa y América: vínculos y relaciones atlánticas' ikertaldeak sustatu du, eta hala mugimendu prozesuen arloan adituak direnek nola iturri pribatuak (memoriak, argazkiak, idatziak, gutunak, biografiak, autobiografiak, egunerokoak eta abar) erabiltzen eta aztertzen adituak direnek eginiko 11 azterlanez osatua dago. Lanean ikus daitekeenez, zuzenean ezarri dira aurrez adierazitako hobekuntza teoriko eta metodologikoak, eta arretaz erabili dira iturri pribatuak (egodokumentuak ere esaten zaie) XVIII. eta XX. mendeen arteko giza mugimendu prozesuen esparru hertsian.

Egituretan eta prozesuetan gehiago oinarritzen diren ikuspegi historikoak alde batera utzirik, lanok oinarri dute eragile historikoen ondorio pribatu eta pertsonalagoei lotuago dagoen pertzepzio historiografikoa. Hala, sorterriarekin, senideekin, lagunekin eta herrikideekin harremanetan egoteko grina eta premia izan dute aztergai, eta mugimendu prozesu horien protagonisten bizi esperientziei buruzko emaitza zehatz eta aberatsagoak lortu dira.

Liburuan, halaber, aniztasun geografikoan eta kronologikoan oinarrituriko irizpideei helduta jorratu da ikuspegi hori. Ildo horretatik, Euskal Herriko, Kanarietako, Galiziako, Argentinako, Brasilgo, Italiako eta Israelgo adituek ere lagundu dute lana osatzen.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU. (Azala: Óscar Álvarez)