euskaraespañol

José Luis Vicario UPV/EHUko kimika irakasleari Ignacio Ribas domina eman diote

Sari horrekin, Vicariok kimika organikoaren arloan egin duen zientzia ibilbidearen garrantzia nabarmendu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/24

Irudia
José Luis Vicario irakaslea jasotako sariarekin

José Luis Vicario UPV/EHUko irakasleari Ignacio Ribas domina eman zion GEQOR Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Kimika Organikoko Talde Espezializatuak, joan den ekainaren 14an, Huelvako Kimika Organikoko Taldearen Bienala irekitzeko ekitaldian.

GEQOR elkarteak urtero ematen du Ignacio Ribas domina, hautagai aurkeztu baino lehenagoko bost urteetan kalitatezko eta nazioko zein nazioarteko zientzia ibilbide nabarmena izan duten kideak saritzeko. GEQORko hiru bazkidek edo Zuzendaritza Batzarreko kideetako edonork proposatzen ditu medaila hori lortzeko izangaiak.

José Luis Vicariok Kimikako lizentzia atera zuen UPV/EHUn 1997an, eta Kimika Organikoko doktoregoa lortu zuen unibertsitate berean 2000. urtean. Doktorego ondoko egonaldia egin zuen Alemaniako RWTH Aachen ikastegian, eta (-)-calistatina A produktu naturalaren sintesi osoa garatu zuen han. Ondoren, UPV/EHUko Kimika Organikoa II Sailean hasi zen unibertsitateko irakasle titular; duela gutxi, gainera, unibertsitate katedradunaren plaza bat betetzeko proposatu dute.

2006an hasi zuen ikerketa lerro independentea; gaur egun, sintesi asimetrikoko metodologia berriak diseinatzen dihardu, batik bat organokatalisia erabiliz, eta farmakologiarako erabil daitezkeen konposatuen sintesi estereokontrolatua ere lantzen du. 1998an eta 2003an, hurrenez hurren, UPV/EHUren Lizentziatura Sari Berezia eta Doktorego Sari Berezia jaso zituen, eta 2009an, berriz, Lilly Hizlari Saria eman zioten Lillyk eta Espainiako Kimikako Errege Elkarteak.

Vicario irakasleak 100 zientzia artikulu, liburu eta kapitulu inguru argitaratu ditu, eta 12 doktorego tesi zuzendu; egun, beste 9 ari da zuzentzen. Halaber, estatuko nahiz Europako zenbait proiektu zuzendu ditu 2006az geroztik, eta 30 bat hitzaldi eman ditu biltzarretan, ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan.