euskaraespañol

Adinekoak haustura batetik suspertzeko gaitasuna, haien egoera fisikoaren eta sozialaren araberakoa

UPV/EHUn aurkeztutako ikerketa baten arabera, adineko pazienteen suspertze funtzionala ez da hausturaren ezaugarrien oso menpekoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/20

Irudia

Pertsona adinduen erorikoak eta haiek eragindako ondorioak osasun publikoko arazo handia dira, gero eta ugariagoak direlako, eta menpekotasun-egoera ugari sorrarazten dituztelako. UPV/EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa sailean aurkeztutako ikerketa baten arabera, erorikoa gertatu den unean bertan jakin daiteke zer pertsonak duten suspertze funtzional okerra izateko arriskua.

Aldakako eta eskumuturreko hausturek adineko pertsonetan zer eragin duten neurtzeko asmoz, etorkizuneko azterketa bat egin dute Gaixotasun Kronikoen Osasun Zerbitzuak Ikertzeko Sareko ikertzaileek (REDISSEC-ISCIII). "Ikusten genuen horrelako hausturen ondorioak ez direla berdinak pertsona guztietan, eta saiatu ginen ikusten eboluzio txarra izango duten pertsonen profila zehazterik ba ote zegoen", azaldu du Itziar Vergara ikerketa-sare horretako ikertzaileak, zeinak UPV/EHUn gai horri buruzko doktore-tesia defendatu baitu.

Faktore askok eragiten dute haustura baten ondotik gaitasun funtzionala mugatuta gelditzea. Azterketan ikusi ahal izan dutenez, aldakako eta eskumuturreko hausturetan, eragina handiagoa da banako zaharragoetan, gaixotasun gehiago dituztenetan, hezkuntza-maila txikiagokoetan eta babes-sare sozial txikiagoa dutenengan. Nabarmentzeko modukoa izan da suspertze funtzionala ez dagoela lotuta "ez hausturaren ezaugarriekin, ez emandako tratamenduarekin. Guk egiten dugun interpretazioa da gure inguruan, EAEn, eta, zehazki, Osakidetza osasun-sistema publikoan (handik jaso baititugu datuak), hezurren bat hautsitako pazienteak artatu eta tratatzeko gaitasun profesionala eta teknologikoa hain handia dela, non gai baitira  hausturaren ezaugarriak edozein direla ere kasu guztietan pareko emaitzak lortzeko —gaineratu du—. Hori kontuan hartuta, azken buruan haustura baten ondotik pertsona jakin baten menpekotasunean eragiten duena da pertsona horrek haustura izan zuenean zer egoera zuen", adierazi du Vergarak.

Gakoa, adineko ahulak identifikatzea

Osasun publikoaren ikuspuntutik duten garrantzia dela eta, aztertutako haustura guztiak multzo bakarrean elkartu zituzten, eta "ikusi genuen erorikoaren ondotik suspertze txarra duten pertsona gehienek bat egiten dutela azkenaldian adineko ahul deritzon profilarekin", dio Vergarak. Adin handiko pertsonak dira, eta beren egunerokoan autonomoak izaten jarraitzen badute ere, oso ahulduta daude, bizi-kalitate kaskarra dute osasunari dagokionez, zenbait gaixotasun kroniko dituzte eta botika asko hartzen dute, eta inguruan babes-sare mugatua dute.

Vergararen ustez, oso garrantzitsua da sailkapen hori kontuan hartzea asistentzia sanitarioko zerbitzuen hasierako balorazioan: "Nahiz eta gaur egun balorazio konplexuak egin, hausturak izandako adinekoak ez dituzte sailkatzen ahul edo sendo gisa. Merezi du adineko ahul deritzon etiketari arreta jartzea, jakin baitakigu okerrera egingo duten pertsonak direla, eta merezi du haien beharrei erantzun integrala ematea".

Hala, "bilatuko litzateke zer elementuk bihurtzen duten pertsona bakoitza ahul, eta haiek gainditzen saiatuko litzateke, konponbideak bilatzen, susperraldia ahalik eta arrakastatsuena izan dadin", gaineratu du ikertzaileak. "Erizainek, medikuek edo geriatria-langileek erabateko ahalmena dute balorazio hori egiteko. Ez dira baliabide gehiago behar, adineko pertsonentzat garrantzitsuak diren gauzetan jarri behar da arreta, besterik ez", ondorioztatu du.

Informazio osagarria

REDISSEC-ISCIII lankidetza-ikerketako saretik abiatu da ikerketa-proiektu hau, eta Osakidetzan eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan egin da. Hiru zutabe horiek izan ditu oinarri Itziar Vergara Mitxeltorenaren (Irun, 1968) doktore-tesiak: ‘Las caídas fortuitas que causan fracturas en las personas mayores: evaluación de su impacto en la funcionalidad' (Adineko pertsonetan hausturak eragiten dituzten ezusteko erorikoak: funtzionaltasunean duten eraginaren ebaluazioa). José María Quintana Galdakao-Usansolo Ospitaleko (Osakidetza) Ikerketa Unitateko burua izan du zuzendari.

Erreferentzia bibliografikoa

Vergara I., Vrotsou K., Orive M., García S., González N., Las Hayas C., Quintana JM. ‘Wrist fractures and their impact in daily living functionality on elderly people: a prospective cohort study'. BMC Geriatrics (2016) 16:11
http://bmcgeriatr.biomedcentral.com/articles/10.1186/s12877-015-0176-z

 

Argazkiak: UPV/EHU.