euskaraespañol

Ehun bat ikasle bisitarik euskara ikasi dute UPV/EHUn

Lehenengo aldiz, euskarazko ikastaroak eskaini zaizkie beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/04

Irudia

Guztira, kanpoko unibertsitateetako 96 ikaslek egin dituzte UPV/EHUk truke programetako ikasleei eskaini dizkien euskara ikastaroak 2015/2016 ikasturtean. Unibertsitateak lehen aldiz antolatu ditu ikasle atzerritarrentzako ikastaro hauek, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzako hizkuntza bulegoaren bitartez.

Jon Zarate UPV/EHUko Euskara errektoreordeak azaldu duenez, "oinarrizko ikastaro bat da, eta euskararekin lehen harremana lortzea du helburu. Dena dela, ez da gramatika edo hiztegia bakarrik irakasten; eskolaz kanpoko jarduerak ere antolatzen dira, ikasleek hemengo herria eta euskal kultura ezagut ditzaten".

Jatorri ugaritakoak dira euskara ikasi nahi izan duten ikasleak: Frantziakoak, Italiakoak, Alemaniakoak, Txekiar Errepublikakoak, Greziakoak, Britainia Handikoak, Bielorrusiakoak, Errusiakoak, Estatu Batuetakoak, Brasilgoak, Txilekoak, Mexikokoak, Ekuadorkoak eta Puerto Ricokoak, eta estatuko gainerako erkidegoetakoak.

Zehazki, 60 emakumek eta 36 gizonek egin dute ikastaroa. Lehen lauhilekoan 51 ikaslek parte hartu zuten, eta bigarrenean, berriz, 45ek. Campusen arabera, Gipuzkoan izan da ikasle gehien, 41; Araban, berriz, 31 ikasle izan dira, eta Bizkaian, azkenik, 24.

Zarate pozik agertu da emaitzekin; izan ere, "ez genuen uste hainbeste ikaslek emango zutenik izena. Ahalegin berezia egin dugu, eta ea datorren ikasturtean ere funtzionatzen duen". Ikasleek, halaber, oso ontzat jo dituzte ikastaroak: prestakuntza amaitzean egindako inkesten arabera, ikasle gehienei nahiko interesgarriak edo oso interesgarriak iruditu zaizkie ikastaroak.

"UPV/EHU lanean dihardu gure hizkuntza gure mugetatik harago zabaltzeko, eta ikastaro hauek bat datoz ideia horrekin", esan du Jon Zaratek, "unibertsitatearen helburuetako bat da hori".

Euskal kulturari buruz pixka bat gehiago ikastea

Euskara ikastaroetan izena ematea erabakitzeko ordua, atzerriko ikasleen motibazio nagusia tokiko kultura eta hizkuntzaren inguruan gehiago ikastea izan da. Flor Martínezek euskara ikastaroa egin du ikasturte honetan Bizkaiko Campusean. Mexikoko Instituto Politécnico Nacional-eko ikasle honek azaldu duenez, "zeozer guztiz ezberdina ikasi eta tokiko hizkuntza pixka bat ulertu nahi nuen". "Eskola ostean paseatzera irteten ginenean ere, beti ikasten genuen zeozer berri, kideen artean baita ere", gogoratzen du.

"Euskal Herriari buruz gehiago jakiteko eta inguruko pertsonekin errazago komunikatzeko eman nuen izena euskara ikastaroetan", azaldu du Edison Martinezek, Puerto Ricoko Unibertsitatetik etorri zen ikasleak. "Ikastaroak oso erabilgarriak eta interesgarriak izan ziren -jarraitzen du- eta txangoek asko lagundu ziguten, ez soilik hizkuntza ikasteko, baita toki berriak ezagutzeko ere".

Anouk Stober-i asko gustatzen zaio hizkuntza berriak ikastea eta, hemen, aukera izan zuen. Alemaniako Universität Passau-ko ikasle honek kontatzen du ikastaroa dibertigarria iruditu zitzaiola. "Lengoaia oso berezia da, japoniera ematen zuen!", dio txantxetan. Flor, Edison eta Anouk bat datoz elkartruke programekin etorriko diren hurrengo ikasleei euskara ikastaroetan parte hartzea gomendatzeko orduan. "Euskal herritarrentzako parte oso garrantzitsua da eta, gainera, oso polita da kalera irten eta pixka bat gehiago ulertu ahal izatea", dio Stober-ek.