euskaraespañol

UPV/EHUk SEC2Un parte hartuko du

Europako egitasmo bat da, unibertsitateek ekintzailetzaren kultura zabaltzeko egiten duten ahalegina erakuts dezaten

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/14

Irudia

Urriaren 17tik 21era, Europako unibertsitate asko Startup Europe Comes to the Universities (SEC2U) egitasmoaren inguruan bilduko dira, ekintzailetzaren kultura zabaltzeko egiten duten ahalegina erakusteko. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak, BIC Arabarekin elkarlanean, hainbat jarduera antolatu ditu egitasmo honi laguntzeko. Unibertsitate Pabiloian egingo dira, urriaren 17ko (astelehena) arratsaldean.

Enpresa proiektu berri bati (sektore pribatuko enplegu sortzailerik handiena azken 25 urteotan) ekiteko prest dauden unibertsitate titulatuek gradua lortzen duten unibertsitateen enpresa ikuspegiaren eta egituraren mende daude, hein handi batean.

Duela zenbait urte arte, ez zen ohikoa ikasle batek enpresa esperientzia bat izatea ikasketak amaitu baino lehen; batetik, esperientzia faltagatik eta, bestetik, negozio bat hasteak dakartzan gastuei aurre egiteko baliabide faltagatik.

Hori dela eta, Europako Batzordeak (Startup Europe) Startup Europe comes to Universities (SEC2U) egitasmoa abiarazi du, Europa osoko unibertsitateetan ekintzailetzaren kultura eta berrikuntza sustatzeko. SEC2Un antolatuko diren ekitaldien helburu nagusia da Europako unibertsitateek ekintzailetzaren kultura eta berrikuntza sustatzeko duten konpromisoa ezagutaraztea. Izan ere, konpromiso hori unibertsitate munduan zabaltzen ari da, eta horrek eragina du gizartean, ezagutzan eta garapen teknologikoan oinarritutako enpresa berriak eta balio erantsi handiko spin-offak sortzen ari baitira.

SEC2U campusean

SEC2U jarduera multzo bat da, eta honako hauek bilduko dituzte: unibertsitateko kideak, ekintzaileak eta enpresa munduko, tokiko erakundeetako eta unibertsitateetako ordezkariak. Esaterako, urriaren 17an (astelehena), 18:00etan, UPV/EHUko Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian, Unibertsitatean ideia ekintzaileak babesteko eta oinarri teknologikoko enpresak sortzeko dauden giza baliabide eta baliabide materialei buruzko informazioa lortu ahal izango da. Horrez gain, ekitaldian, INIZIA aurkeztuko da, Arabako Unibertsitatean ekintzailetza sustatzeko eta babesteko programa. UPV/EHUk sustatu du programa, BIC Arabarekin elkarlanean eta Gasteizko Udalaren eta Delegación de Álava de Seniors Españoles para la Cooperación Técnica (SECOT) elkartearen laguntzarekin.

Beste jarduera batzuk ere izango dira. UPV/EHUko irakasle eta INIZIA enpresa mintegiko enpresetako bateko sustatzaile Bittor Rodriguezek ‘Emprender con los pies en la Luna' bakarrizketa egingo du, jardunaldia alaitzeko. Halaber, INIZIA programari eta UPV/EHUri lotuta arrakasta izan duten zenbait enpresa berri aurkeztuko dira; esate baterako, Imasmed, Baigene, UN-Diet eta Innobide. Enpresa horien sustatzaileek enpresa bat sortzean izan duten esperientzia kontatuko dute.

Networking-a atseginago izan dadin, bertaratzen direnek UPV/EHUko ekintzailetza programekin lotuta sortu diren produktu berritzaileak dastatu ahal izango dituzte: Gik enpresaren ardo urdina, Arabako patatekin eginiko Gastheiz garagardoa eta The Basque Mazers Company enpresaren ezti ura. Amaitzeko, UPV/EHUko Zentzumenak Aztertzeko Laborategiak gazta bost zentzumenekin nola dastatu erakutsiko du.

UPV/EHUko Arabako Campusak ekintza honetan parte hartu izana aurrerapauso bat da nazioartekotzearen eta unibertsitate prestigiotsu askorekin batera lan egiteko bidean. Denera, 15 herrialdetako 36 unibertsitate batu dira SEC2U egitasmora; besteak beste honako hauek: Cambridgeko Unibertsitatea, Salamancako Unibertsitatea, Lisboako Nova Unibertsitatea, Dublingo Unibertsitatea, U-tad, Cartagenako Unibertsitate Politeknikoko Unibertsitate Zentroa, Ravensbourne eta Kantabriako Unibertsitatea.

Nahi duten guztiak joan daitezke ekitaldira.

Ez galdu aukera hau, eta eman pauso bat etorkizunerantz. Lortu gonbidapena esteka honen bitartez: http://www.eventbrite.com/o/startup-europe-university-network-11040102513

Zain gaituzu!